Irakasleok Covid-arekin dantzan
Nire iritziz (eta uste dut irakasleriaren gehiengoa nirekin bat egongo dela) gure belarrietan entzutea hain astuna egiten den curriculumeko eduki batzuek galtzeak ez du inongo kalterik eragingo gure ikasleen bizitzan.
Erotuta edota ergelduta gabiltza azken hilabetetan etorri zaigun gaitzarekin, gaitza gure artean aspaldiko urtetan bagenuen ere. Ekonomian suposatuko duen arrakala beldurgarrian pentsatzen dabil aita, eta halaxe izango da, baina antza ez dugu ikusi nahi gaitzaren sortzailea eta zabaltzailea berau dela, bizi garen sistema kapitalista-heteropatriarkal hau bera. Bakoitzak bere lepotik burua, jarrai dezagun kabestrua jarrita, xaxatuko gaituzte eta atzetik akuiluarekin «gizon potoloek»! Etxeko egonaldiak patxadaz hausnartzeko aukera luzatu digu, baino bakoitzaren erabakia da hori egin nahi duen edo ez. Ni banabil horretan, eta gaitzak nire terrenoan, irakaskuntzan alegia, sortu duen ezegonkortasuna hartuko dut hizpide.
Pandemiaren talkak gure eguneroko lanean balantza sortu badu, egin dezagun ba dantza horri erantzuna emateko. Horixe izan da hezitzaileon erantzuna eskoletan, egoerara egun batetik bertzera egokitu eta harekin dantza egiten ikastea.
Nire herriko eskola ttikian zuzendari eta irakasle den Nora Salbotxek duela egun batzuk egunkari honetan bertan izandako elkarrizketan ongi zioen bezala «Sentsazioa da beti Hezkuntza departamentuen aurretik joan izan garela», bai orain eta baita lehen ere. Eskuak burura eramanda dabiltza hezkuntzako agintariak geldialdi honek umeen ikasketan suposatuko duen «zuloa» munduaren bukaera balitz bezala. Badirudi hilabete batzuetan galdutako edukiek belaunaldi osoen eskola porrota ekarriko dutela.
Ez dakit, nire iritziz (eta uste dut irakasleriaren gehiengoa nirekin bat egongo dela) gure belarrietan entzutea hain astuna egiten den curriculumeko eduki batzuek galtzeak ez du inongo kalterik eragingo gure ikasleen bizitzan. Nik ez ditut gogoratzen Lehen Hezkuntzako 5. mailan nengoela giza-gorputzari buruz ikasitako guztiak, ez eta DBHko 3. mailan Frantziar Iraultzari buruzko xehetasunak, are gutxiago Batxilergoko deribatu eta integralak... Buruan fresko ditut ordea eskola garaiko hainbat eta hainbat oroitzapen, curriculumeko edukiekin baino bidean aurkitutako pertsonekin zerikusia dutenak. Hala, uste dut, nire ikasleak zenbait eduki galtzen ari badira ere bertze alderdi aunitzetan irabazten ari direla konfinamendu honekin, artistak dira eta galantak!
Baina gure jardunean agindu nahi dutenek gor jarraitzen dute antza, ditxosozko oposaketekin gertatzen den bezala. Nola da posible ideia berritzaile eta motibatzaileak dituen eta haurren artean maitatua den irakasleak, hilabetetan azterketa zentzugabe horietarako ikasten egon denak nik baino nota eskasagoa ateratzea nik bi arratsalde soilik eskainirik ikasketari? Nik ez dut ulertzen baina halaxe dago egoera... Biba zu Gorka! Ez dizu azterketa txatxu horrek errango zenbat balio duzun.
Eta hor dago gakoa, zenbat baino zer behar duela, kantitatea ordez kalitatea, eta hitz hauekin ahoa betetzen zaie goiko horiei, baina gero ez dira eskolako eguneroko errealitatera jaisten antza. Kalitatea dira sormena, ikasketa konpetentziala, ikaslea abiapuntu hartzea...
Ez dut errango Curriculumak ez hanka ez bururik ez duenik, gezurretan ariko nintzateke, baina burua erdi lelotuta duela eta hanketatik herren samar dabilela bai, horretan dudarik ez dut. Eta halaxe ibiltzen gara, Curriculumaren barruan gartzelaratuak egonik pertsonatxo librepentsalariak garatu nahian, malabarismoak eginez karratutik borobila ateratzeko.
Ez dut nire burua 10eko irakasletzat, inondik ere. Magisteritzan ez nuen ikasi irakasle izaten eta liburuek ere ez didate irakatsi. Egunerokoan ikasten nabil ttikiekin batera, elkarlanean, beraien txikitasunetik aunitz bait dute emateko. Hilobian bukatuko ditut ikasketak, hala behar du. Barkamena eskatzen diet hasi nintzen lehen urtean Elizondon izan nituen 1. mailakoei hobe egiten ez jakiteagatik, Lizarrakoei eta oraingoei, izandako hanka sartze guztiengatik. Eskerrak eman modu berean edukiez harago nire pertsona eraikitzen lagundu zidaten maisu-maistrei: LH-n Yolanda (Goian(?) bego) eta Hondarribiko Kontxi; DBH-n Ane eta Peio, milesker bihotzez!