Mikel Arginarena Otamendi
Euskal hiztuna

Iritziak eta iritziak daude

Niretzat euskara ez da altxor bat; nire sentimenduak, ideiak, saminak, iritziak, haserreak, adostasunak... besteekin partekatzeko modua da.

«Nola eskolatu daiteke euskaraz, gramatikarik ere ez duenean? Are gehiago,bateko eta besteko euskaldunek euren artean ulertu ezinik dabiltzanean?».

Ikastolak hasi zirenean, bazterretan entzuten zen mantra. Unamunok aspaldi esana zuen: «Euskara hil zorian dago eta inork ezin du hori ekidin (…) Euskara ez da gai pentsamendu modernoa adierazteko. Euskara garatzea baino errazagoa zaigu gaztelera ikastea».

Gauza bera errepikatu ote luke goi mailako ikasketak euskaraz nola garatzen diren ikusita? Zer esango luke berak gazteleraz idatzitako liburu guztiak euskarara duintasun osoz itzul daitezkeela ikusita?

Kontua da Unamunok ez duela hori ikusiko. Gure mundu globalizatuak liluratuta, agian honela proposatuko luke: «Nahi eta nahi ez gaurko mundu globalizatuan grezierak izan behar luke Mendebaldeko mintzaira bakarra: historiagatik eta gaitasunagatik». Zertan ibili eskoletan hiru eta lau hizkuntza ikasten!

Baina azken aldian, gure iritzi publikoan eragin handia duen prentsan, hanka beretik herren egiten duten iritzi artikuluak sarri datoz. Kontu zaharrak. Kepa Aulestiak ongi laburbiltzen pentsamendu hori: «Hizkuntza altxor paregabearen jabe gara euskaldunok, baina hura derrigorrez ezartzeak, asko pobretzen gaitu. Nahi eta nahiez euskaraz ikasi beharrak ez ote ditu gehiegi mugatzen gure ikasketa akademikoak? Izan ere, gure altxor hori sarri oztopo handiegia bilakatzen da altxor preziatuagoak lortzeko bidean». Ez zait borondate onekoa iruditzen.

Azkeneko sei hamarkadetan, auzolan miresgarrian euskarak eman dituen urratsak itxaropen osoa zilegitzen dute gaurko gabeziak ere –gabeziak ez baitira falta– gainditzeko gauza dela.

Eremu hori asko ezagutu gabe, beste interes batzuen zerbitzura idatzitakoak iruditzen zaizkit sarri. Eta hori ez da estaltzen «euskara altxor paregabea dela esanez».

Lehenengo salaketa: «derrigorrezko euskalduntzea». Salaketa hori bera joan den mendeko 70.-80. hamarkadetan kaleratu zen komunikabide bertsuetan: D eredua eskola publikoetan inposatu egiten zen, ez zitzaien ikasleei beste eredurik eskaintzen. Ikastoletan eta D ereduko ikastetxeetan seme-alabak matrikulatzen zituzten gurasoek inork derrigortu gabe egiten zutela. A eredua desagertzen joan zen, bai, baina ikaslerik gabe geratu zelako.

Bigarrenak, honela dio: «Euskarak ez ote ditu gehiegi mugatzen ikasketak?». 60 urteko ibilia dute ikastolek eta 90. hamarkadatik aurrera eskola publikoetan D ereduek. Ikasle hoiek neurri handi batean etorkinen eta euskara ez dakiten seme alabak dira. Ikasle guztiek ez dituzte emaitza berdinak lortzen. Baina EAEko ikasleen artean ezin da esan,datu bat aipatu gabe euskarak «muga» berezi bat suposatzen duenik.

Kepa Aulestiaren iritzian euskara izango litzateke eskola porrotaren kausa. Ez da ohartu gauzak horrela, gaztelera hutsean ikasitako ikasleen artean ez lukeela eskola porrotik egon behar. Datuek besterik diote: Estatuan gazteleraz ikasten den Autonomia Elkarteetan ere bada eskola porrota. Eskola porrotaren kausak konplexuak dira eta maltzurkeria deritzot euskara seinalatzea eragile bakarra bezala.

Eta hirugarrena, euskararen eraginez «goreneko altxor batzuk» ezin lortu ahal izaten dira. Ez du esaten ze altxor goreneko diren, eta apustu egingo nuke berak ere ez dakiela. Halere «euskara altxor paregabea» dugula dio. Niretzat euskara ez da altxor bat; nire sentimenduak, ideiak, saminak, iritziak, haserreak, adostasunak... besteekin partekatzeko modua da. Eta espainiarrek, demagun, horretarako euren hizkuntza erabiltzen duten bezala nik nirea erabiltzeko eskubideari oztoporik ez jartzea eskatzen dut.

Bilatu