Geokimikaria, SOS Iruña-Veleiako kidea
Iruña-Veleia: bost urte ondo egindako analisien zain

Duela bost urte, Arabako Foru Aldundiak faltsutzat jo zituen Iruña-Veleiako inskripzioak, baina faltsutasunaren froga materialik eskaini gabe. Bost urte igarota, oraindik ez dira grafitoak zientifikoki aztertu, nahiz eta une honetan Instituto del Patrimonio Cultural de España (IPCE) erakundea multzo bat aztertzen jardun bere laborategian.

2013/11/21

Azterketa hau froga perizial gisa ari da egiten, auzia daraman epailearen aginduz eta auzipetutako partearen eskariz. Fiskalaren oniritzia ere badu.

Jakin dugunez, laborategiak jaso dituen grafitoen artean ez dago hezurrean edo adreiluan egindako bakar bat ere, nahiz eta hauek izan datatzen errazenak eta auzipetutako parteak behin eta berriz eskatu mota hauetako piezak aztertzea.

SOS Iruña-Veleiak beti exijitu du inskripzioen benetakotasuna edo faltsutasuna aztertzea eta ebidentzia fisikoetan oinarrituta datatzea, zehaztasun osora heltzerik egon ez arren.

Epaitegia ez da lekurik onena horrelako gai bat erabakitzeko, hau auzi zientifikoa baita judiziala baino lehenago. Baina auzibidean sartu dute, eta bide horretatik joanda galdera bakarrari erantzun nahiko diote: grafitoak auzipetutako partea aztarnategian lanean ari zen garaian egin ziren ala ez. Eta, erantzuna baiezkoa balitz, orduan bakarrik hitz egin daiteke ondarearen aurkako delituaz. Hortik at, grafitoen kronologiaren auzia ez dagokio justiziari.

IPCEren emaitzen zain egon beharko dugun arren, SOS Iruña-Veleiak ozen esan nahi du ebidentzia fisikoen edozein azterketak ez duela balio; auziarentzat erabakigarriak diren arrastoen eta ebidentzien azterketak onartuko dituela soilik, benetakotasuna edo faltsutasuna frogatzen duten azterketak.

Izan ere, ikerketa piezen gainazaleko arrastoak aztertzera mugatzen bada, gerta daiteke grafitoak aurkitu eta identifikatu ondorengo manipulazioen berri ematea emaitzek, eta ez besterik (esan behar, ez dela egon inolako zaintza katerik, piezak Aldundiaren esku egon direla bost urte hauetan). Eta jakina, analisiak ondo eginda egon ala ez, emaitzak zuzen interpretatu behar dira.

Horregatik, ildoetako geruza eta hondarren analisia, eta freskoan grabatutako adreilu eta hezurrena erabakigarriak dira balizko delituaren auzian; gainera, kronologiari buruzko datuak eskainiko lituzkete.

Emaitza hauek ondarearen arloan duten garrantziaz jabetuta, SOS Iruña-Veleiak bere esku dagoen guztia egingo du epailearen aginduz abian den ikerketa ondo burutu dadin eta analisiek benetakotasuna edo faltsutasuna bereizten duten alderdi erabakigarriak azter ditzaten; eta, jakina, analisien emaitzen interpretazioa zuzena izan dadin.

Ikerketa zientifiko bat ondo burutzeko ezinbestekoa da aurreiritzi gabe lan egitea. Agertzen diren ebidentzia guztiak hartu behar dira kontuan, komenentzietara mugatu gabe. Esandakoagatik, SOS Iruña-Veleiak ez du onartuko zientzia aldetik objektiboa ez den ikerketarik.

Bestalde, gogoratu nahi dugu badela beste bide seguru bat grafitoak benetakoak diren ala ez jakiteko. Zera esaten genuen, besteak beste, 2009ko gure lehen agirian: «Parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egin ditzatela aurrez seinalatutako lekuetan».
Scientia vincere tenebras!

Artikuluak
Iñaki Egaña
2019/05/25
Irati Tobar eta Alazne Beltran de Lubiano
2019/05/25
Pello Otxandiano
2019/05/24
Esteban Guillén
2019/05/24
Gutunak
Manu Ballesteros
2019/05/24
Lidia Barzena Aurrekoetxea | Erandioko Auzokoa Herrikoi Elkartea
2019/05/24
Ane Loperena Montoya | DBH Astigarragan
2019/05/24
Eneko Astigarraga
2019/05/24
Azken post-ak
Koldo Campos
2019/05/25
Martin Garitano
2019/05/24
Dabid Lazkano
2019/05/23