Elena Berazadi Larrea
Hartu Hitza Irun elkartea

Irungo herri galdeketa

Konbentziturik gaude Irunen egingo den galdeketak on besterik ez diola ekarriko gure jendarteari: erabakitzeko eskubidea gizarteratzen duelako, etorkizun politikoari buruz eztabaidatzeko aukera ematen digulako, norberaren iritzia ematea inportantea dela sentiarazten digulako eta elkarbizitza erreztuko digulako.

Irundar gisa, nolako etorkizun politikoa nahi duzu gure herriarentzat?

1. Euskal estatu burujabe eta independientea.
2. Estatus politiko berri bat, estatu espainiarraren barnean.
3. Gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoa.

Hauxe izango da datorren azaroaren 18an Hartu Hitza elkarteak GED herri ekimenaren eskutik antolaturiko herri galdeketan irundar guztiei luzatuko dien galdera. Zalantzarik gabe gaur egun pil-pilean dagoen gai baten inguruko galdeketa izango da gurea, eta irundar guztiek beraien iritzia emateko aukera izango dute.

Lerro gutxitan idazten den azalpen hau hilabete askotako lanaren fruitua izan da. Otsailaren 17an Irunen herri galdeketa proposamena aurkeztu zenetik bide oparoa egin da: sinadurak bildu, galdera adostu, gizarteratze kanpaina handia abiatu…

Galdeketa prestatzearen prozesu guztia irundar askoren artean burutu dugu. Asko eta ezberdinak. Askotarikoak eta elkarrekin. Adostasunez.

Irungo gizartearen ezaugarrietako bat aniztasuna da. Emakume eta gizon asko izan gara Irunera bizitzera etorri ginenak eta Irunen egin dugu gure bizi proiektua. Era berean duela urte asko milaka jende Ebroz beste aldetik etorri zen, eta gaur egun mundu osotik. Irun harrera hiria da.

Jakitun gara gure hirian pentsatzeko era ezberdinak daudela etorkizun politikoari buruz, baina bada garaia denon artean erabakitzeko. Demokratikoki. Errespetuz.

Konbentziturik baikaude Irunen egingo den galdeketak on besterik ez diola ekarriko gure jendarteari: erabakitzeko eskubidea gizarteratzen duelako, etorkizun politikoari buruz eztabaidatzeko aukera ematen digulako, norberaren iritzia ematea inportantea dela sentiarazten digulako eta elkarbizitza erreztuko digulako.

Eta hori egitera goaz azaroaren 18an Irunen egingo dugun herri galdeketarekin.

Galdeketa sinbolikoa da, ez da loteslea, baina hitza hartzeak duen garrantziarekin etorkizunari determinazioz begiratzen diogu.

Etorriko dira urrats berriak. Ekarriko ditugu!

Hautetsontziak prestaturik daude, Irungo 14 auzotan 16 bozka-leku jarriko dira. 300 bolondres pasatxo ari dira dena atontzen azaroaren 18rako. Indar eragile izugarria martxan jarri da.

Anakan, Arbesen, Artian, Behobian, Oinaurren, Erdigunean, Dunboan, Elitxu-Lapitzen, Larreaundin, Vega de Eguzkizan, Alde Zaharran, Pinar-Anzaranen, San Miguelen, Santiago-Beraunen, Landetxan sortu dira galdeketaren aldeko taldeak eta auzokideak prestatzen ari dira auzo bakoitzeko bozka-lekuak. Zinezko auzolana.

16 bozka-leku hauetaz gain, hamazazpigarrena ere eratu da: bozka aurreratuarena. Izan ere, azaroaren 18an arrazoi bat edo beste dela eta bozkatu ezin dutenek, urriaren 29tik azaroaren 16ra arte bozka emateko aukera izango dute Hartu Hitza elkartearen egoitzan.

Beraz, lerro hauetatik irundar guztiak gonbidatzen ditugu Irungo herri galdeketan parte hartzera eta gure etorkizun politikoari buruzko iritzia ematera.

Bilatu