Josu Iraeta
Idazlea

Isilik egoteak zenbat balio du?

Antzeko zerbait gertatuko da denbora gutxi barru, hemen, Euskal Herrian. Orduan jakingo dugu gaur ezinezkoa dena; zergatik gure herri txiki honetan ehunka torturatu ditugun, baina, aldiz, torturatzaileak, bat bakarrik ez.

Mendiari nahita su ematen diotenean, kalte ikaragarriak barneratzen ditu gizarteak, baina su emaileak agertzen ez direnez, ezta erretakoa ikusi eta usaintzen ere, denbora gutxian ahaztu egiten ditu. Antzeko zerbait gertatzen da torturak salatzen direnean.

Publikoki torturak salatzen direnean, konturatzen gara, noraino barneratzen duen gizarteak, gai horri buruz «sistemak» berak abian jartzen duen iritzia. Horretarako erabiltzen ditu, esperientzia handiko ministro, zein sailburu, epaile eta «aditu» sorta, denak hedabide organikoen laguntzaz noski. Eta esan beharra dago, lortzen dute bere helburua.

Espainiar demokrazian –Euskal Herrian zer esanik ez– ez dago eta ez da izan torturarik. Hori da emaitza. Arrazoia axiomatikoa da, eta ikara emateko modukoa: «Ez dago torturarik, ezin direlako frogatu».

Demokrazia anker honetan gauza harrigarri asko ikusi arren, bai Madrilen, baita Iruñean eta Gasteizen, asko ditugu oraindik ikusteko.

Francoren garaian ere torturak eta hilketak ezin ziren frogatu. Orduan ez, baina orain bai, «betiko» demokrata batzuk –ez denak– deitoratzen hasi berriak dira, Francoren aginteko sarraskia. Baina, beste asko ez, demagun Felipe Gonzalez-GAL afera. Diotenez, atzera begiratzea, demokrazia arriskuan jartzeko bidea omen. Nazkagarria ere bada.

Ez gara gu bakarrak horrelako arazoetan murgildurik bizi garenak. «Irabazleen» arraza politikoa unibertsala da eta haien hastapen ideologikoak horrelako emaitzak dauzka. Hitlerren garaiko kontzentrazio eremuetan ere –gas ganberak, esterilizazioak, etab.– ez zegoen frogatzerik. Komisio «neutral» bat ibili zen Alemanian, ikerketa egiten, suediar batek zuzendua. Ez zuen ezer aurkitu. Horregatik, Goebbelsek lasai arraio zioen Hirugarren Reichari kalte egiteko asmakizunak zirela salaketa haiek.

Baina halako batean (1945. urtean) armada sobietarrak ez omen zen eta frogatu ezin ziren errealitate haiek, ez zeudenak, aurkitu zituen. Eta, jakina, orduan bai, bazeuden.

Antzeko zerbait gertatuko da denbora gutxi barru, hemen, Euskal Herrian. Orduan jakingo dugu gaur ezinezkoa dena; zergatik gure herri txiki honetan ehunka torturatu ditugu, baina, aldiz, torturatzaileak, bat bakarrik ez.

Galdera garbia da, agian Goebbels jaunak, Hitler eta Francok bezala ez zekien ezer? Gauza bera gertatu da Felipe. Gonzalez, Jose Antonio Ardanza eta beste presidente guztiekin; inork ez zekien eta ez daki ezer.

Hamarkada batzuk geroago, telebistaren aurrean eseri eta denok “Holocaust” ikusi genuen. Frogatzerik ez zegoena, ikerketak ikusi ez zuena. Hirugarren Reichari kalte egiteko asmatu zen kalumnia, alegia.

Ustez denok dakigu, duguna eraberritzen dugunean, hura mantentzeko asmoekin egiten dugula. Horregatik demokrazia espainiarrean –Frankismoaren antzera– torturak frogatzea ukatzen duen legea alderdi politiko «demokratikoen» bedeinkazio guztiekin emandakoa da.

Ez da herritarra –tarteka bozka eskatzen zaion hori– torturari atea itxi behar diona eta, torturarik egon ez dadin, daudenak argitu behar dituena. Estatuaren eta haren kolaboratzaileen lana da hori. Espetxeak eta tortura baitira demokraziaren «termometroa». Legearen jiteak legegilearen eitea erakusten duen bezala, agerian uzten du Estatuaren benetako natura.

Demokraziaren oinarria giza eskubideak eta elkarrizketa baldin badira, pertsona bat hamar egunez «desagertu» lezakeen Estatua ez da gizatasunaren Estatua. Beraz, zein demokrazia edo zein estatu da, herritarrak terrorismoaren erasotik defendatzearen izenean, torturatutako presoekin eta haien sufrikarioarekin bat egiten ez duena? Zertarako defendatu, defendatzen ez gaituen demokrazia?

Espetxean, kanpokoen solidaritatea da hezur hautsiak eta haragi mailatuak poliki-poliki sendatzen dituena. Baina beste aldetik, beti garden, justu eta «baketsu» agertzen den zinismo hori da, presoaren gau hotzetan ezintasunen negarra eragiten duena. Amorrazioa eta etsipenaren iturri mikatza. Arima txikitzen duena. Eta azkenik, biolentzia sortzaile. Bai jauna, biolentzia sortzaile.

Bizitza espetxean luzea da. Tortura jasan duena, azkenean, bere torturatzaileak baino gehiago, laguntza eskaini beharko lioketenak baina gutxietsi egiten dutenak gorrotatzera iritsiko da bere ezintasunean. «Betiko demokratak» eta betiko demokraten demokrazia.

Alderdi politiko eta hitzarmenen demokrazia. Hauteskunde eta legebiltzarraren demokrazia. Hainbeste urtez, boterearen gailurrean zigorgabetasun osoz, demokrazia usteltzen dabiltzan demokratak.

Atzo tortura jasan zutenen kontura, gaur auhen eginez, martiri irudiz agertzea lortu dutenak. Pairatutako torturaren frogak eskatzen dizkiotenak, frogarik egotea beraiek eragotzi eta gero.

Asko eta asko, ehunka dira. Nik gaur 1985eko azaroaren 26an, Guardia Zibilak atxilotu zuen Mikel Zabaltza dut gogoan.

Maria Chivite Navascues baita Iñigo Urkullu Renteria, Nafarroa eta Euskadiko lehendakariak, gaur egun, ezin zarete gorde eta isilik egon.

Bilatu