Eneko Iztueta Azurmendi

Isla gorriak

«Ez dira betiko garai onenak» "Eusko gudariak" kantatzeko. Badakit abertzaleen mobilizazio subkontzienterik handienak Erramunek eta Pantxoa eta Peiok lortzen dituzten momentu historiko emankor honetan gaudela, baina ni, ez dakit zergatik, kezkatu antzera sentitzen naiz. 

Lehen Hezkuntzako irakaslea naiz Donostiako ikastetxe batean. Egunerokoan euskara eta euskal kultura transmititzeko lanean «buru-belarri» gabiltzan bitartean, errealitateak aurpegian jotzen gaitu ikasgelako atea zabaltzean. Gaztelaniaz lasai ederrean hitz egiten duten ikasleak entzutea gutxi ez, eta dagoeneko hasi dira azaltzen Oyarzabalen edo Lamine Yamalen selekzio espainiarreko lehen elastiko gorriak gure korridoreetan. Aurreko Munduko Futbol Txapelketatik jada bazeuden. 

Uda honetan, hegemonia kultural eta mediatikoak erakustaldia egingo du berriro ere munduko inperioan eta bere menekoen herrietan. Eta gu, bitartean, Kontxa bezalako hondartzetan gure toalla jartzeko leku bila ibiliko gara, kolore espainiarrak dituzten eskumuturrekoz eta sinboloz inguratuta. 

Euskarak ardaztuko duen D eredu honetan gutasun berri bat eraiki beharra dugu, hezkuntzan egunerokoan euskara sustatu nahian gabiltzan irakasleok zailtasun eta larrimin handia dugu gure egitekoa gauzatzeko ditugun ezinekin. Eta elastiko gorri hori gutasun bat da, baina gutasun espainol bat, euskara eta euskal herritarra zokoratzen duena. Badakit arazoa ez dela umeena; olatu mediatiko eta komertzial erraldoi baten bultzada baino ez dutela janzten, kalean edo komertzio handietan buelta bat ematea nahikoa da. 

Frantziak edo Espainiak txapelketa honetan bide luze bat eginez gero (Azti irabaziz gero!), irits daitezkeen ondorio asimilatzaileak oraindik eta beldurgarriagoak dira. Urteetan ordaindu izan genituen aurreko txapelketetako ordainsari kulturalak, eta berriro ere gauza bera gertatzeko sekulako arriskua dugu. 

Olatu erraldoia badator, eta galdera zuzena da: ez al dugu herri bezala garena aldarrikatzeko dinamika nazionalik artikulatuko? EITB Focusen arabera, beraien burua abertzaletzat duten alderdi politikoen aparrak gora egiten du. Baina oraingoz ez dut itsaso abertzale berde baten arrastorik ikusten. 

Abertzale batentzat egoera kezkagarria dela bagenekien, baina, gaur egun, ez al gara kapaz izango gure sinboloak aldarrikatuko dituen kamiseta berde, 7 zenbakidun, merke eta denentzako moduko bat egiteko? Ez dakit, San Mames hiru aldiz betetzeko gai bagara kontzertu baterako, beste zerbaitetarako ere gai izan beharko genuke ez? 

Hau ez da fikziozko proposamen bat. Fikziotik baino utzikeriatik gertuago dago bigarren aldiz berdina gertatzea: lehenengotik ezer ikasi ez izana eta datorrenari begietara ez begiratzea. 

Heldu, ume, gizen edo mehe; eskura beharko genituzke denentzako elastiko horiek, lau sosen truke etxe azpiko dendan bertan erosteko moduan. Identitatea ez baita soilik diskurtso teorikoekin defendatzen, eguneroko keinu ikusgarri eta eskuragarriekin baizik. 

Denboraz kanpo gabiltza, baina oraindik badago partidua. Gorriak pasatu aurretik, ea gai garen emaitza aldatzeko.

Bilatu