Koldo Almandoz

Isunek ez dute kolorerik

Lehen Odonekin, orain Izagirrerekin, munipek munipa izaten jarraitzen dute. Eredua ez da aldatu. Bildu boterera iritsi eta hau anarkia izango zela pentsatzen zutenek ez zuten asmatu.

«Ezker abertzaleak hauteskunde orokorrak irabazten dituenean poliziarik gabe biziko gara?». Duela 20 bat urte, sarri izaten genituen eztabaida politiko-militarretako batean, aitak galdera hori bota zidan. Ziurrenik potroetaraino zegoen bere seme borrokillaren pedantekeriaz. Ni lorejale bat nintzen. Donostiako epaitegian epaitzera iritsi ez ziren intsumiso zorteduna. Unibertsitatea ordaintzen zioten gurasoei, egoera sozio-politikoaren inguruan matraka ematen zien seme horietakoa. Aitak, estoizismo handiz agoantatzen zituen nire mitinak baina lantzean behin, hortzik erakusten ez zuen irribarre keinua ateratzen zitzaion eta «zu mundua salbatzera jolasten duen burges txiki baten moduan bizi zara niri esker» begiradaz zuzen begiratzen ninduen eta aipatutako galderen modukoak botatzen zizkidan.

«Benetan sinesten duzu ezker abertzalearen polizia oraingoa baino hobea izango dela?».

Isilik geratzen zen une batez, eta segidan, nik ahoa ireki behar nuenean, kabroiak azken aizkorakada ematen zuen: «Dirua behar duzu?»

Suposatzen dut, batzuetan, aita batek, bere seme nazkantea bere tokian jarri behar izaten duela.

Donostiako Aste Nagusiko arratsalde batzuetan ohi nuen moduan, duela hiru urte Illumbeko zezenketara joan nintzen. Bai, intsumisoa eta zezenzalea. Zorionez, zuek ez zarete ni. Familiako alderdi femeninoak kutsatutako zaletasuna da. Amonak amari, amak niri. Kontua da, Illumbe alboko zabor kontainer eta obra baten artean erabilera posiblerik ez zuen 10 bat metroko espaloi zati batean aparkatu nuela nire motorra beste motor batzuen alboan. Zezenketatik ateratzean, nireak eta alboko motor guztiek multatxoa zuten. Ziurrenik, zezenketa aurreko ataskoa bideratzen zuen munipa berak jarri zituen isunak zezenketa hasi bezain pronto.

Aurten, Jazzaldian (Udalak urtero ikuslego errekorrak hautsi dituela iragartzen duen jaialdi hori) Groseko Zabaleta kalean dagoen plazatxo batean utzi nuen motorra. Espaloian. Gauez. Inori trabarik egiten ez zion tokian. Beste dozenaka motorren alboan. Zin dagit. Baina honez gero asmatu duzue. Isuna.

Duela hiru urtekoa eta duela aste batzuetakoa legalki ongi jarritako isunak badira ere –horregatik ordaindu ditut–, logikari eta sen onari jarraituz gero ez dute inongo zentzurik. Bi kasuetan, egun bereziak ziren. Motorrek ez zuten inongo trabarik egiten. Argi dago isunak, biak, dirua biltzeko arrazoi soilarekin jarri zizkidatela. Gai hau ateratzen denean eta udalatzainen arduradunen batek halakorik ez dela gertatzen esaten duenean iraindua sentitzen naiz. Isuna jarri bai, baina ez gaitzatela tontotzat hartu. Gureak hiri eta herri txikiak dira eta isun kopurua igotzeko eskatzen dietela aitortzen duten munipak ezagutzea ez da batere zaila.

Lehen Odonekin, orain Izagirrerekin, munipek munipa izaten jarraitzen dute. Eredua ez da aldatu. Bildu boterera iritsi eta hau anarkia izango zela pentsatzen zutenek ez zuten asmatu. Uniformatu ia gehienen ozpin aurpegiak eta jarrera erasokorrak berdin dirau. Espaloian bizikletan doazenei isuna jartzea, tabernei ordutegiak ez betetzeagatik edo musika ozenegi jartzeagatik salaketa jartzea, hondartzan lotara geratzen direnak bidaltzea, balkoian arropa zintzilikatzen duten bizilagunei tokea ematea,... Udal berria debekuaren gizartearen defendatzaile bihurtua ikustea lezio bat izan da.

Eta zertara datorren hau guztia? Aitak, ezker abertzalea eta poliziaren inguruan galdera haiek egin zizkidanean nire erantzuna ere oroitzen dudalako: «Ezker abertzaleak agintzen duenean, Poliziak, munipen modukoak izango dira».

Arrazoia nuela uste dut. Nahiz eta duela 20 urteko erantzun hark beste zentzu bat izan. Lorejale bat nintzela esan dizuet. Politia. Etimologikoki hiria edo estatuaren gobernua. Agintarien izenak eta siglak bai baina boterea ez da aldatzen. Ez dakit onerako edo txarrerako den, benetan, baina 20 urteren ostean, nire aita zen pertsona hura bihurtu naiz.

Bilatu