Arantza Etxebarria

ITASAri kiratsa dario

Azken 10 urtetik gora Andoaingo Sorabilla auzoan kokaturik dagoen ITASA lantegiak 24 orduz sortzen duen zarataz gain, sekulako kiratsa darion usainak eskaintzen dizkigu bertako bizilagunei.

Gure inguruko belardi eta baratzetan zabaltzen den ximaurrak ere usaina darie, baina horrek ez gaitu kezkatzen, hori badakigu zer den eta lurrari ona eginez gero, onartua dugu beharrezkoa dela.

Itasako keak darion kiratsak aldiz, asko kezkatzen gaitu. Ez dakigu zehazki zerren ondorio diren, eta usaina oso kimikoa denez, nazka, beldurra, ondoeza, eta azkenaldia ezinegona sortu du inguruan bizi garenongan.

Itasak eskaintzen dituen produktuen katalogoa begiratuz gero aurkitzen diren produktuak nahiko inozoak dirudite: elikatze-enbalajeak, linersak, zinta itsaskorrak, Kraft papera, pegatina papera...

Eta produktu horiek ekoizteko erabiltzen diren osagaiei erreparatuz gero aurki ditzakezu pvca, beira, silikonak... badirudi egunerokotasunean esku artean erabiltzen ditugunak direla.

Bai, eskuartean erabiltzea ondo dago, aukera bat da, baina osagai horiek norberaren gozputzera sartzea ez da gauza bera; gure inguruko airea osagai horietaz kargaturik dagoela sentitzea eta hori arnasten ari garela jakitea ez da gauza samurra.

Norberaren etxeko leihoa irekitzen ausartzen ez denik ere badago gurean. Irudikatzen al duzue zuen etxeko leihoa ireki aurretik inguruan usain erasokorra dagoen ala ez ikuskatu beharrean bizitzea?

Ba horrela gabiltza azken hamarkadan Sorabillako plazako biztanleak.

Eta ez da izango kolore ezberdineko Udal agintariekin elkartu eta gure arazoa luzatu ez diogulako, ez. Ez da izango ezta ere Udaletxeko Ingurumen Teknikariak gai honi buruz ezer ez dakielako, ez. Beraiekin izan bait ditugu bilerak auzotarrok eta Auzo Elkarteak ere bai; usaina dagoen egun gehienetan mezuak helarazten dizkiegulako, eta hainbat eta hainbatetan Udaltzainak ere bertaratu izan direlako usainaren partea hartzera.

Badakigu gaur egungo Andoaingo alkate den Andoni Alvarez, irailaren 26ean bildu zela Itasako enpresarekin gai hau tratatzeko eta enpresak diola lantegiko ekoizpen zehatz baten ondorioz isurtzen dituztela usain hauek.

Badirudi bileraren ondoren Udala Eusko Jaurlaritzarekin jarriko dela harremanetan guzti hau azteztu eta zein konponbide jarri daitekeen aztertuko dutela.

Noiz?

Nola?

Ez dakigu...

Dakiguna da, Itasari oso ondo dijoakiola negozioa, etekin ekonomiko ederrak ateratzen dituela eta orain gainera Estatu Batuetako kapitala dagoela bertan inbertitua.

Horren aurrean zer gara gu? Babesik gabeko herritar xume batzuk baino ez?

Badakizue gainera hego haize goxoetan izaten ditugula usainik handienak?

Ba hoiexek Sorabillako berriak lagunak.

Bilatu