Iñigo Santxo, Martxel Toledo eta Joxemari Ibarburu
ESAITeko kide ohiak

Itxurakeriak soberan. Borondatea, konpromisoa behar da

Bost urte pasa dira Euskadiko futbol federazioaren Batzarrak (2018/12/12) UEFA eta FIFAri eskaera egiteko hartu zuen erabaki egunetik. Batzarra burutu zenetik bi urte pasatu behar izan ziren (2020/12/09) euskal jokalarien ordezkaritza batek eskatuta, EFFak, bere batzarrak emandako agindua gauzatzeko.

Eskabide formala aurkeztuta, 2021ko uztailean, FIFAk eta UEFAk adierazi zuten ez zutela eskaera onartzen, EFFak Nazioarteakoen estatutuek ezarritako baldintzak betetzen ez zituelako. Hortxe amaitu zen EFFak ofizialtasunari begira egindako bidea, izan ere, ezezko horren aurrean, Euskadiko Federazioko zuzendaritzak ez baitzuen Kirol Arbitrai Auzitegira (KAA/TAS) errekurritu nahi izan, horretarako baldintza eta aukera guztiak alde zituen arren. Erabaki hori soilik Zuzendaritzak hartu zuen, federatuen iritzia kontsultatu gabe, 2018ko Batzarrak onartutakoa ezerezean utziz, eta euren hauteskunde programan agindutakoa alde batera utziz. Huts larri horren gainean oraindik ez dugu inolako erantzun minimoki koherenterik izan.

Javier Landetak, eta Zuzendaritza horrek oztopo bat gehiago jarri dute ofizialtasunaren bide zail, luze eta nekoso honetan, eta erantzun behar du.

Partiduari dagokiola, hiru urte igarota eta inolako mugimendurik egin gabe egon ondoren, EFFak ustekabean gizonezkoen euskal futbol selekzioaren partidua antolatu du San Mames futbol zelaian martxoaren 23an Bielsak zuzentzen duen Uruguaiko selekzioaren aurka.

Gaitzerdi! esan dezakegu gehienok zeren hainbeste itxaro ondoren, gutxienez euskal zaletuek bi selekzio indartsuen arteko partidu gustagarri bat etxean ikusteko parada izango dugulako eta gainera, hori baliatu ahal izango dugulako ofizialtasunaren aldarrikapena berriro lau haizetara zabaldu eta suspertzeko, baina hori ez da nahiko, inondik inora ere.

Urtetan ezer eman ez, eta orain, partida hau antolatu dutenean, askok pentsa dezakete ez dela gutxi, baina jarrera kritiko ugari ere entzun ditugu, EFFak antolatutako partidu hau itxurakeria baino ez dela argudiatuta, eta horren ondorioz partidua ez dutela babestuko publikoki adierazi dutenak ere, artean, Iñigo Cabacas Herri Harmaila (ICHH) taldea. Azken jarrera hau ulergarria bai, baina ezin dezakegu konpartitu.

Urteak eta urteak eman ditugu arlo guztietako euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzen eta ekimenak antolatzen. Eta noiz behin egokitu zaizkigu antzeko egoerak, alegia, federazioaren aldetik ofizialtasunarekin loturarik ez duen helbururik gabeko horrelako partiduak antolatzea eta horien aurrean publikoki eta talde gisa erabaki bat hartu behar izatea, hots, babestu edo uko egin behar izatea. Horregatik uste dut «Euskal Herria Kirola»-k zein eta «Gu ere Bai» eragileek egin duten hausnarketa zuzena eta kontuan hartzeko dela, alegia, EEFren jarrera ilunarekin kritikoak izan eta seriotasuna eskatzearekin batera, erronkari heldu behar zaiola erabakitzea, aldarrikapenari lotuta partiduak eskaintzen dituen aukerari ezin zaiolako bizkarra eman eta beraz, erabili behar dela betiko moduan ofizialtasunaren aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko.

Horrez gain, kontutan hartu behar ditugu Jagoba Arrasateren deklarazioak, Berriatutik lagun eta familiarekin Bilbora gabonetako partidura etortzen zen ume harenak, orain bankiloa zuzentzen arituko denak argi erakutsi duena Euskal Selekzioarekin duen konpromisoa, zelaian arituko diren jokalariak bezalaxe, eta Jagoba bakarrik utziko ez dugun moduan, aurrerapausoa eman duten jokalariak ere ez ditugu bakarrik utziko.

Ofizialtasuna aldarrikatzeko garaian, beti argi izan dugu, borondate politikorik gabe hori lortzea ezinezkoa dela edo behintzat zailagoa dela. Eta horren adibide garbienetako bat, besteak beste, EEPF (Euskadiko euskal pilota Federazioa) da Madrilgo Kongresuan alderdi politiko batzuen artean emandako negoziazio politikoaren ondoren, euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna posible bezala ikusten delako. Baina Zuzendaritza honek argi erakutsi du ez duela inolako borondaterik, eta Batzarraren erabakiarekin –UEFA eta FIFAn sarrera eskatzea− zuzenean egiten du talka, horregatik Landetak dimititu behar du.

Federazioak –funtzio publiko gutxi batzuk izan arren− elkarte pribatuak dira, eta euren erabakiak sarritan makurtzen dira erabaki politikoetara. Ez da kasualitatea Euskadiko Futbol Federazioak 2020. urtera arte sarrera eskatu ez izana, eta ez da kasualitatea TASaren aukera zapuztu izana, eta hori kirol arloan, zein arlo sozial eta politikoan dituen ondorio kaltegarriez gain, erabaki politiko bat izan da, gure Herrian dagoen sentimenduaren aurka hartu dena.

Beraz, Landetak gidatzen duen zuzendaritzak dimititu behar duela esateaz gain, Euskal Herria Kirola, «Gu ere Bai» eta Gure Eskuk egiten duten modura, guk ere dei zabala egiten diogu zaletu guztiei ikurrak eskuetan hartuta San Mamesera hurbiltzeko eta ofizialtasunaren aldeko aldarrikapen ekimenetan harro eta gogoz parte hartzeko.

Gora euskal selekzioak!

Bilatu