Ramon Sola
GAUR8

Itzultzeko garaia da, bai

Zerikusirik ez duten jardunak dira politikagintza eta bertsolaritza, baina euskal egoera politikoaren bilakaera erraz berrosa liteke txapelketa nagusietako finaletan entzundako bertsoen bitartez. Lau urteko zikloak hartzen ditu lehiaketak –legealdiek bezala– eta tarte horietan gertatzen diren gorabeherak eta aldarteak islatu ohi dira egun horretan, garai batean frontoian, gero belodromoan, orain BECen.

Esaterako, bi hamarkada atzera eginez, 1993an, EAJeta PSEren arteko itunak zituzten bertsotarako gai finalistek, bai eta abertzaleen arteko liskarrak ere. Hauxe Jon Lopategik abesten zuen bertsoa: «Sarri izan naiz neure buruai egoerataz galdezka/ geure artean ikusi ezin elkarri mila protesta/ hizketarako gogo gutxi ta borroka nahiak gainezka/ bide hontatik herriarentzat etorkizun onik ez da».

Bertso mikatzak entzun ziren 1997koan, odol asko isuritako urtea. Irlandako prozesutik zetozen argi-izpi bakarrak. Hemengoaz zera zioen Sebastian Lizasok: «Aznarrek garbi erakusten du Franco txiki baten planta/ Mayor Orejak ez entzuteko belarri pare galanta/ Espainia aldetik prentsak gogorra gure aurka daukan lata/ baina bidea aurki dezagun konponezinak lagata/ itxaropena gorde dezagun oraindik bizi gera-ta».

Milurteko berria, itxaropen berrituak, nahiz eta Lizarra-Garaziko prozesuak ordurako behea joa zuen. Hau zioen Jon Maiak 2001ean: «Belodromoa batasuna da, hori denontzat argia da/ hemen herri bat ikus dezaket Lizarratik Garazira/ gure herria ikusi nahi det gaurko egunan neurrira/ ta ez sasitik sasira, beti mila tira-bira».

Are ilunagoak izango ziren gauzak hurrengo lau urteotan. Presoen egoera latzak garrantzia hartuko zuen 2005ekoan. Sustrai Colinak lagun batek espetxetik igorritako eskutitza asmatu zuen mikrofono aurrean: «Aupa Colina zer moduz, ongi al doa bizitza?/ hemen jasaten gabiltza errepresio bortitza/ kartzela beti izan da bizitzeko toki hitsa/ ta ukatu dizkigute patioa eta hitza./ Horri erantzun nahiean gu gose greban gabiltza/ daukaguna ez delako nor izateko baldintza/ deus baino nahiago nuke hauxe izango balitza/ hemendik idazten dudan azkeneko eskutitza». Auzi berbera pil-pilean 2009ko finalean, oraingoan Amets Arzallus ahotik: «A-8 pare horretan urte osoan obretan/ gu beraiekin zorretan bide zail eta lehorretan/ baina utzi dut Burgos atzean ta Madril dago bertan/ azkeneko Herrera ikusi pankarta handi batetan/ sartu naiz eta funtzionariak ez daude hitz samurretan/ biluztu behar dugula eta zer zabiltza gezurretan/ urteak dira Euskal Herria dagoela hezurretan».

Barruko kontuak, pertsonalak, nabarmendu dira aurten, baina gatazka ez da oharkabean pasa, duela lau urte pentsaezinak ziren helduleku berrien bidez. Minaren aitortza, esaterako, Aitor Sarriegik aukeratua: «Neuk tiroz hil nuenaren/ alarguna zen jakina/ egoera aldatu da/ lan asko baita egina./ Baina gaur bizi izan det/ nere ekintzaren gordina/ gertuan ikusi arte/ ezer ez baita berdina./ Ez da izan erosoa/ ez da izan atsegina/ nik ere badakit zer den/ sufrimentu ta ezina/ baina egin beharran/ besterik gabe muzina/ orain nere sentitu det eragin diodan mina». Eta «Itzultzeko garaia da» gai hartuta, hainbeste borrokalariren etxerako buelta iragarri du Arzallusez, Joseba Sarrionandiaren figuran irudikatuta: «Gaztea nintzen garaian kalean beti mobida/ ta poliziak eraman ninduen presondegira/ ta gero handik ihesi berriro ere argira/ nere bizitza guztian, izkriba eta izkriba/ liburuak untziak lez joan litezke urrutira/ lehen liburuen baitan itzultzen nintzen herrira/ orain nere liburuak nerekin joanen dira».

Lau urte barru, bertso goxo gehiago. Baina batez ere, ea barnean albiste hobeak ekartzen dituzten.

Bilatu