Maite Ubiria

Izar txiki bat euskal hedabideen konstelazioan

Maite Ubiriak ongi etorria ematen dio gaurtik aitzina Ipar Euskal Herrian azaltzen diren Mediabask hedabideari eta Kazeta.eusek hasten duen aro berriari. Sorreraren prozesuan parte hartu dutenak orroitarazten ditu eta honetaz gain, komunikabideen ibilbidearekin komunitatearen garrantzia azpimarratu du. "Herri bat, talde bat".

Azken egun hauetan martxan izan den atzerakontua finitu da. Egun zuen begi aurrean hedabide berria duzue. Ipar Euskal Herriko herritarrek komunikabide berria izatea berri pozgarria da, nola ez; eta albiste ona da ez soilik Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko herri eta hirietan bizi diren lagunentzat, Euskal Herria herri bat dela, eta herri gisa jarduteko gaitasuna duela sinesten duen ororentzat baizik.

“One country, one team “ zioen euskal selekzioak berriki Kataluniaren aurka jokatutako futbol partidan erakutsi zuen banderolak. Ildo beretik, “ Herri bat, hedabide bat “ ez da lelo traketsa gaurko jaiotza ospatzeko.

Beraz, lehenengo eta behin zorionak sortze prozesu honetan parte hartu duzuen guztioi. Zer esanik ez horretan buru belarri aritu den lan taldeari. Ezin ahaztu, era berean, hedabide berriaren sorrera posible egin duzuen harpidedun eta laguntzaileei. Jaio berri honen garapena, haste prozesua, denon esku dagoela gogoratzeko egun egokia da gaurkoa.

Ipar Euskal Herriak badu hedabide berria. Hala ere, munduan ezer ez denez hutsetik sortzen, jaio berriak ere badu jatorrizko DNA. Ospakizun egun honetan ez nuke ahantzi nahi, beraz, “Le Journal du Pays Basque- Euskal Herriko Kazeta” .

“Le JPB” - “notre petit journal” gure etxeko batek deitzen zion bezala- sortu zenetik eta bere azken egunera arte informazio aniztasunaren eredu bilakatu zen. Beraz, egunkari horretan lan egin zuten pertsona guztiek ere gure omenaldia merezi dutelakoan nago. Gorazarre horretan guztien ahaleginek baidute tokia.

Jatorriarekin jarraituz, komunitatearen izaerak duen garrantzia azpimarratu nahi nuke. Horri lotuta, lehen baliatutako leloa “herri bat, hedabide bat” gainditu beharrean gaude. Euskal selekzioarekin bat eginez, “ One country, one team” horren deklinazioa gureganatu beharko genuke: “ Herri bat, talde bat”.

Gaurdanik aterpe goxo batean garatuko da duela sei urte pasatxo sortu zen KAZETA: NAIZ.EUS ataria babesleku aproposa baita Ipar Euskal Herriko euskal hedabide digitalarentzat. MEDIABASK bera ere plataforma horretan sartuko da, eta elkarlan horretan denek badute irabazteko.

KAZETA sortu zenean .info domeinua baliatu genuen, gaur egun .eus dugu KAZETA. Izar tipia izanik ere, konstelazio aberats eta dirdiratsu baten partaide da gaurdanik guztiz berrituta agertzen zaigun euskal agerkari digitala.

KAZETAk, bere txikitasunean, bere tokia egin du Ipar Euskal Herriko hedabideen sarean. Are gehiago, neurri batean aitzindari lana egitea egokitu zitzaion. Internet-en bidez informazioa egunero euskaraz emateko xedez sortu zen 2008an, eta geroztik bere hitza atxiki du.

Garaian azaldu genuen bezala, hedabide digitalaren asmoa ez zen ez inorekin lehian sartzea, ezta lasterketa indibiduala jokatzea ere. Horregatik hastapenetik -2008ko uda hartatik- elkarlanari ateak zabaldu zizkion.

Geroztik, zorionez, euskarazko hedabideen arteko hari berriak sortu dira. Horren lekuko, irratia, telebista, sarea, papera... euskarri eta hedabide ezberdinen ahaleginak biltzen dituen “Ahoan bilorik gabe” emankizuna. Ipar Euskal Herriko Hitza, Euskal Irratiak, Kanaldude.tv, Herria eta Kazeta.info ... txapo !

Oroitzen zira, Txato, zenbat aldiz mintzatu ginen, kafe baten bueltan, norberaren berezitasunetik indarrak biltzearen beharraz ? (Ipar) Euskal Herrian, euskararen herrian, usaintzen zen aro berriak gure pentsaera, lan-moldea, jarduera aldatzeko, berritzeko, iraultzeko aukera paregabea zabaltzen zuelakoan ginen. Biba zu, Aitor, horretan ere bete betean asmatu zenuen. Hala ere, zauden tokian zaudela, esku kolpea eman ezazu, otoi, Zazpiak Bat egikaritzeko; aitzina ere, elkarlanean jardutea ezinbestekoa zaigulako !

Bukaeran, malko eta irri. KAZETA horren sorreran parte hartzeko aukera eman zenidatenei, esker mila, eta zuei, irakurle kuttun horiei, egunero-egunero bidelagun izanagatik besarkada.

Gaurtik aurrera KAZETA eta MEDIABASK posible eginen duzuen guztiak, irakurle zein kazeta, zuen ondoan nauzue. Ez ahantz, toki batean edo bestean izan, denok gara herri honen talde kide. “One country, one team “.

Urte Berri On !

Bilatu