Izugarrizko edertasun bat jaio da
1916ko Pazkoko altxamenduak Irlandako historia aldatu zuen. Padraic Pearse, James Connolly, Thomas J. Clarke eta irlandar abertzale taldetxo batek Ingalaterraren kontrako altxamendu bat antolatzeko baldintzak egokiak zirela erabaki zuten.
Hala, bada, indar urri batzuek Dublingo eraikin esanguratsuenak indarrez hartu zituzten eta ingeles armadaren eta irlandar boluntarioen kontraerasoa itxaron zuten. Altxamendu horren goren puntuetako bat, segur asko, Pearsek, Dublingo O’Connell kaleko postetxearen aurrean Irlandako Errepublikaren Independentzia aldarrikapen zoragarria irakurri zuenekoa da. Irakurtzen dudanean, beti pentsatzen dut jada ez dela era horretan idazten: «Irishmen and irishwomen, In the name of God and of the dead generations from which she receives her old tradition of nationhood, Ireland, through us, summons her children to her flag and strikes for her freedom...».
Gutxitan esan ohi da, ordea, Pearsek paseatzen zegoen jendetza axolagabe baten aurrean irakurri zuela askatasunaren eta berdintasunaren aldeko oihu hau. Sarriago esan ohi da ingelesen eta irlandarren bonbak eta tiroak jasan ostean errenditu ziren matxinoek dublindarren tu artean egin zutela Galesko kontzentrazio esparruetara bidaia. Altxamenduko buru gehienak –16 guztira– Kilmainhamgo kartzelan fusilatu zituzten. Oraindik bisitatu daitezke abertzale horiek okupatu zituzten ziegak, baita fusilamenduen gertalekua izan zen kartzelako kalezuloa ere. Hala ere, egungo bisitariarentzat zaila da eszena imajinatzea. Kostatzen zaigu irudikatzea gaur hain beldurgarria ez den leku hartan James Connolly, zauriengatik zutik egoteko gauza ez zela, aulki batera lotu eta fusilatu izana.
Beste arrazoi batzuengatik, orduko irlandarrek, aste batzuk lehenago abertzale “abenturazale” horiek birao eta karkaxa artean agurtu zituztenek, ezin izan zuten sinetsi Ingalaterrak hain era ankerrean tratatuko zituenik. Une horretan, independentziaren aldeko dinamika irauli egin zen. Irlandar herriak ezin izan zuen jasan bere aberkideei egindako umiliazioa. Eta gauzak betiko aldatu ziren. William Butler Yeats poeta abertzaleak sentimendu hori primeran islatu zuen “Easter, 1916” poema ederrean. Haren hitzetan, «A terrible beauty is born», izugarrizko edertasun bat jaio da. Connolly, Pearse eta beste matxinoek izugarrizko edertasun hori sortu zuten eta «orain eta etortzekoak diren garaietan, berdea erakusten den edonon, haiek guztiz aldatutakoa izanen da».
Poema horrekin akordatu nintzen, GARAn Pablo Gorostiagaren seme den Xabierren elkarrizketa irakurri nuenean. Pentsatzen dut, hainbat eta hainbat euskaldunek bezala, harridura, malko, gorroto, elkartasun eta duintasun sentimendu artean irakurri nituela Xabierren hitz sosegatuak. Asteak joan dira eta oraindik ez naute abandonatu hitzok, eta horregatik aldatu nahi izan ditut hona. Besteak beste, uste eta sinismen politikoen gainetik dauden herritarren elkartasun eta haserre hitzei buruz hitz egin zigun Xabierrek, eta sinesten diot beste garai batean Pablo bezalako abertzale “abenturazaleak” gaitzetsi zituzten horien suminduraz ari denean. Abenturazaleon artean tristeki normalak diren gertakizun hauek ulertezinak dira oraindik ere hainbat herritarrentzat, eta argazkiari egoeraren plus guztiak aplikatzen dizkiote: «Egoera honetan... adin hauetan... egunkari batengatik kartzelan... epailearen baimenarekin... gero Ertzaintza... Pablori...». Eta ezin dute eraman Estatuak deliberatuki egindako ankerkeria hau. Hala bada, estatuen ankerkeria estrukturala jasan dugunoi pedagogia egitea tokatzen zaigula ulertu dugu (beste behin edo behingoz, hori beste eztabaida bat da). Pedagogia eta duintasuna, Gorostiaga-Uriarte familiarena bezalakoa. Hau guztia esatea oso gutxi da kide maitatua galdu duenarentzat, boteretsuaren iseka jaso duenarentzat. Baina gurea arnas luzeko herria da eta, momentuko minen gainetik, sakonean badakigu Judithi, Pablori edota Xabierri esker izugarrizko edertasun bat jaiotzear dela.