Jose Manuel Bujanda

Jaioterria

Añorga. Auzoa. Donostia. Gogoetak. Jaioterria. Sorterria. Lehen gogoetak. Zergatik gordetzen ditugu pasadizo batzuk, ez besteak? Haur oso txikiak ginen ni, Aran arreba eta Juanra anai txikia. Irrati oso handi hura, gogoko nuen pizten eta dial-eko orratza mugitu, sorginkeri ulertezina. Gogoan nola barreño batean «bainatzen» gintuzten ni eta nire arreba-anaia, eta ze hotza pasatzen genuen nahiz eta sukalde ekonomikoaren ondoan egon! Ezin ahaztu etxeko telefono beltz hartako zenbakia: 19788. «Juan Ramon jaio da» esan zidan nire izeba soltera zen Mirenek telefonoa eskegi bezain laster... ez nuen ulertu ezer... baina ez dut ahaztu, ezta ahaztuko ere. Aita herrena izan arren «beste aldera» pasatzeko orduan N-1 erdiraino ematen genituen geure lehen pauso arinak, autoak pasatu ondoren ziztu bizian beste ertzeraino. Cementos Rezolako fabrikako «ekonomatoan» egiten genituen erosketak, baina ez nuen gogoko horko arduraduna zen Kontxita Lasaga aurpegi zorrotza, hantxe erositako Carbonell olio botila eramaten zuen amatxo Xixilik astelehen goizetan Donostiara egunkari orritan bilduta (merkeago omen ekonomatoa). Gure borrokatxoak ere bagenituen Carlitosekin eta bere kuadrilla gaiztoarekin, harrika aritzen ginen, baina ez dakit zergatia, agian ez genuen inoiz jakin. Amaren asteburuko txipiroi eta txuleten usainak nola ahaztu! Auzoko Gillermori, behin fletxak lapurtu omen nizkion baina ni ez naiz gogoratzen, bai anai gaztea zen eta den Juanra. Igande batzutan Añorgako bestaldeko zinemara joaten ginen, han ikusi genuen «El Capitán fuego» eta «La humanidad en peligro», azken honetan txingurri erraldoiak azaldu eta ama Xixilik atera behar izan anaia Juara kalera, beldurrez jota, negar zotinka, anai Juanra noski. Juanrak beldurra zioen baita Don Juan Maria parrokoari ere. Gogoan daukat nire lehen gorrototxoa izan nuela Don horrekiko, gorrotatzen nuen, eta nago 60 urte ondoren sentimendu bera dudala. Faxista borobila, Errezilgoa, Paulino Uzkudun lez. Añorga auzo luzea da, Errekalde eta Añorga-Txiki tartean. Añorga, jaiak, «Carmenak», periyak, TioVivoa (muntaketan laguntzeagatik bi bidai gratis lortuz) eta «Tiro Tolosano Marcos Bravo» non moskatel boteilatxoa txiki horietako bat lortuz abiadura bizian korri egin genuen harro etxeruntz. Ezin ahaztu Añorgako futbol taldeko Barris atezaina bere tripatxo (pittin lotsagarria) eta guzti. Kokotxo-rena drogeria. Beldurra nion Juanito pelukeroari (esaiozu, ama Xixilik esaten zidan, mozteko «al dos»). Errege beltza Morcillo, bere erruz, tonto-lakipo galanta, auto batek harrapatu zuen gure Kaiku, «bestaldetik» deika ari zitzaion batean. Etxeko leihoetatik ikusten genituen su artifizialak bere izena ahaztuta dudan gizon argal eta serio batek pizten zituenak hain zuzen. Nire bizikleta txiki gorri hura. Eta koskortzean beste handiago berdea. Gogoan bizikleta erori anai Juanramon eramaten nuelarik eta ze kolpe gogorra hartu zuen kopeta erdian, sekulako txintxon handitu ubeldu beldurgarria. Bizikleta, baita ere, neu erori eta hautsitako ukondoko mina sentitzen dut oraindik. Bizikleta txiki gorrian anai eramaten nuen barran eta aldapatxoari aurre egiteko orduan «ánimo Joxe» esaten zidan. Ay ama! «Siete-octabos» ere gogoan. Labaderoa, lehengusu eta lehengusinak, beste osaba izebak, Pako eta Maria Luisa, Bartos izena zuen gizon txiki nafarra (seme alabak agurtzen ditut Donostiako kaleetan, Enkarni, anaia eta Romerito ahizpa). Saratxo, Manttelin, Txarratein, Altuna, Matias, Carmen eta bere astoa esnea banatzen. Zergatik gogoratzen ditugu hainbat gertaera eta ez besteak? Zergatik? Nik neuk ez dakit, jakin ere. Añorgan suertatutako hainbat argazkitara eraman naute ezinbestez, eta nostalgiaz blai, idaztera. Agur Añorga, aita Inosen eta ama Xixili. Eskerrik asko. Zuen irribarrea dastatu nahiko nuke hauek irakurtzean. Nago denbora eta espazioa bat egiten duen unetxo horretan, eternitatea deritzona, berriro elkarrekin topo egingo dugula. Besarkada eta muxu bana. Agur t’erdi, laster arte, Aran eta Juanra.

Bilatu