Kepa Larrea Muxika
EHUko irakaslea

Javier Agirre Gandariasen haize indarra

Aurten ez dugu Javier Agirre Gandariasen liburua Durangoko azokan ikusteko aukerarik izango. Zer dela eta? Epailearen sindromeak jota, baten batek edo baten batzuek erabaki baitute erdaraz dagoela eta ez duela euskal gairik jorratzen

Hilabetea igaro da Javier Agirre Gandarias joan zitzaigunetik: joan bai, utzi ez. Hilabetea konpliturik Euskararen Egunean, beste Xabier baten egunean hain zuzen, agendak Javier ekarriko digu gogora. Javier euskalduna zen, gaztelaniaz idazten bazuen ere. Javierrek aspaldian ikasi zuen euskara, euskaltegi hitza asmatu baino lehen, AEK bera sortu baino lehen, hots, ia inork euskara ikasten ez zuen garaian. Bizkaiko moldera egiten zuen, gurasoen euskara atxiki nahian. Bere ondorengoak ere euskaldunak dira. Ez, Javierrek ez zuen katea eten. Javier poeta zen, halabeharrezko poeta. Inoiz Euskal Herriak poetarik izan badu, Javier izan da. Hor ditugu bere liburuak, bere olerkiak: bizitzari, lagunei… gauza txikiei buruz. Hor ditugu bere ametsak eta bere hitzak, bere soinuak eta bere isiltasunak. Hitz batez, bere ahotsa. Berak zioenez, «ez dakit oso ondo zer den, ezta zertarako balio duen, baina poesia ezinbestean bizi izan dut». Azken liburua duela hilabete gutxi batzuk argitaratu zuen Pamiela argitaletxeak: “La energia del aire”. Liburuaren aurkezpenean, beste askoren artean, Jose Julian Bakedano, Jose Angel Irigarai eta Joseba Sarrionandiaren hitzak ere entzun genituen Javierren poemen irakurketarekin batera.

Zoritxarrez, aurten ez dugu Javier Agirre Gandariasen liburua Durangoko Azokan ikusteko aukerarik izango. Zer dela eta? Epailearen sindromeak jota, baten batek edo baten batzuek erabaki baitute erdaraz dagoela eta ez duela euskal gairik jorratzen. Bistakoa da erdaraz dagoela, Durangoko Azokan aurkeztuko diren hainbat liburu bezala. Gaztelaniaz idatzi zituen Javierrek bere poemak eta, hala ere, EHUk on zeritzon olerki horiek euskarara itzultzeari, nahiz eta Hegoaldeko euskaldun guztiok gaztelania ulertu eta hitz egin, are euskararen aldeko kontzentrazio guztietan egiten den bezala ere. Euskal gairik jorratu ez? Zer ote da, bada, euskal gaia herri kirolez eta bertsolariez landa? Euskaldunok ez ote dugu gai unibertsalik, ez ote dugu maitasunez edo sentimenduez edo ametsez, bizitzaz eta heriotzaz hitz egiten? Horiek «erdal» gaiak ote dira? Zertara dator, bada, erredukzionismo hori, zenbait kasutan, bederen? Edo, bestela esanda, agian, “El Mundo” egunkariko «euskal» autogobernuaren kontrako editoriala «euskal» gaitzat hartu eta Durangoko Azokan tokirik mereziko luke? Ez, Hori ez da bidea.

Bilatu