Battitta Larzabal, Bixente Garzia, Mixel Mendiburu
Anai Artea

Jean Fagoagari

Aldi batez baino gehiagoz kontatu dizkiguzu zure haurtzaroko oroitzapenak, 1936ko hegoaldeko errefuxiatuenak, alemanen denborakoak eta abar... Egun frankismoaren azken hamarkadaz oroituko gara. Orduan mendiz edo itsasoz heldu ziren iheslarien kopurua handituz zioan, beren arteko laguntza ahal guziak gaindituz. Hola sortu zuten Anai Artea elkartea 1969an Telesforo Monzon eta Piarres Larzabalek bertze lagun batzuekin. Elkarte horretan sartu zinen medikuen arteko sare baten muntatzeko, iheslariak behar orduan artatzeko.

Gehiago dena, iheslariek lehen aterpe bat ukan zezaten, sei lagunen artean Donibaneko Marion Garai karrikan apartamentu bat zuen diruz erosi zenuten, geroxeago Anai Arteari emateko. Zuen izenek aipamen bat merezi dute: Jean Barrenetche. François Etxezaharreta, Jean Fagoaga, Paul Fagoaga, Pierre Halsouet eta Jean Larregain. Guk egun zuri egin diezazukegun goresmena baino ederragoa egin zizun jadanik duela 55 urte Monzonek gutun hau helaraziz:

Azilaren 30’an – 1971

Jean Fagoaga, Jaun Auzapez eta Midikuari, Sara’n.

Adiskide maitea,

Beste aldeko Eskualdunak ipar-alde hontara multsuka ihesi etorri behar izan zutenetik, zu izan zera haientzat egiazko aita eta guretzat egiazko laguna.

Hortan, aspaldi-aspalditik!, Sara’k guri buruz beti ukan duen jokabideari segida eman diozu; eta nola!

Anai-Artea’ko lagunak, guk nahi eta behar baino pobreagoak gera. Ez dugu sekulan pagatzen ahalko zuk urte hauetan guri eginikako mezede guztiak… Bihotzez baizik!

Baina nahi genizuke, nolabait, gure estimua eta esker ona agertu. Eta hargatik, gure eta zure anaia guztien izenean eskeintzen dizugu deuskeri hau.

Etxeko Andrearekin batean edontzia altxatuz, jakin dezazuten, biek, zoin barnean sartuak zaizten beren Herria maitatzeagatik sufrikarioa ezahutu duten Eskualdunen bihotzetan.

Agur eta milesker haundi-haundi batekin, Monzon-Olaso’tar Telespor.

Telesforo politikan sartzearekin hartu zenuen Anai Arteko zuzendaritza urte batzuez eta kide egon bizi guzian.

Ehunka dira iheslariak artatuak izan direnak eta zu zeu izan zara ainitzen medikua, eta, behar orduan, larrialdietan bereziki, bazekiten nora joan.

"Iheslari bat, etxe bat" kanpainaren ondotik paperak kendu zizkietenean iheslariei, Anai Artea presoen hurbiltzeaz arduratu zen eta lau kanpaina antolatu zituen, 1997an hasita. Orotan, bururaino parte hartu zenuen.

«Gure mutikoak» deitzen zenituen aterpetuen eta gu ororen partez, Jean Fagoaga, milesker!

Bilatu