Jose Luis Erdozia

Josu Jimenez Maiari

Pasa den asteko ostegunean, hilak 25, “Negu harrigarri bat” izenburua zuen gutuna argitaratu ziaten egunkari honetan, Patxi Zamorak jasandako mendekua eta azpikeria salatzeko, eta, nire gutunaren harian sartu baino lehen, aprobetxatu nahi diat esateko bat egiten dudala erabat hire salaketarekin.

Lagun batek gaztigatu zidaan, txikiteoan, gutunaren hasieran gure herrian aspaldian jazotako pasadizo bati egiten hiola erreferentzia eta hortik aurrerakoa, oraintxe azalduko diadana. Aipatu bezain laster bihurtu zitzaiguan txiten auzia txikiteoko hizpide nagusi eta bai azkar ere informazio nahikoa jaso “gertakariaren” gainean, hauxe eta beste antzeko batzuk ongi baino hobeki txertatuak baitaude 50-60 urtetik gorako etxarriar askoren memorian. Informazio sareak zabaldu eta hurrengo egunean, zalantza txikiren bat sor zezaketen hari piruak erabat josirik genitian.

Vatikanoko apopiloarena hartu baino lehen, bazian gure pasadizoko protagonistak ordurako beste izengoiti oso esanguratsu bat, “gertakarietan” agertzeko abilezia zuelako seinale, baina ez duk hori gaurko matazako haria eta pasadizokoari lotuko gatzaizkiok.

Gerraondoko hamarkadetan, etxarriarrek, mendialdeko beste herrietakoek bezala, egun batean bai eta beste batean ere bai, behi edo idi parea uztarrian lotu eta basora jotzen ziaten atzo egurra, gaur orbela eta bihar egurra eta orbela eske. Eta tartean beste edozer egokituz gero, ez ziotean muzinik egiten, jakina. Hala egin zian gure protagonistak ere Etxarriko Beheko Basoan edo Elkorrin. Azken honetan orduko hartan. Quifosa (Quimica Forestal SA) lantegiaren ondoan ibili zuan egurra eta orbela jasotzen. Etxera bueltan, bietan ehunen bat metro hegoalderago errepidea jarraituz, Unanuko basoan zegoen Piaren Etxea izeneko baserri-tabernan geldialdia egin behar, gorputza aisatu eta eztarriko hautsak harrotzeko. Eta behin gorputz atal guztiak egokiturik, zortziren bat kilometroko bideari ekin zioan Etxarriraino. Gurdia etxeko estarbi edo ukuiluan sartzen ari zela, ordea, Piaren Etxeko jabea agertu zitzaioan eta baita galdetu ere honek ea zer zeraman gurdian. Gure protagonistak egurra eta orbela baino ez zuela bertan. Besteak deskargatzeko, orduan, bere aurrean gurdia. Eta horrela ari zirela eztabaidan, bat-batean, hara non hasten diren gurdiaren endaitz-ipurdi aldetik, egur eta orbel artetik sorturik, oiloa bere hamabi txitekin. Batak “mekauenak” eta gainerakoak eta besteak, ezetz, berak ez zuela ikustekorik “azerikeria” zirudien hartan. Eztarria bustitzen egondakoan igoko zirela gurdira Piaren Etxeko “piolariak”. Eta hori guztia, lehen esandako moduan, Vatikanon Pio XII.a zegoela “gobernatzen”.

Pasadizo honetatik, beraz, bereganatu zian etxarriar hark bere bigarren izengoitia, Pio Doze, eta ez zitzaizkioan Arbizun oiloa eta txitak gurdira igo, ezpada Unanuko basoan, eta hegaztiak ere ez zituan arbizuarrenak, Piaren Etxea izeneko baserri-tabernaren jabe etxarriar batenak baizik.

Bilatu