Patxi Zabaleta
Abokatua

Julio Anguitaren oroimenez

Jakina den bezala, PCEko idazkari orokorra edo agintari gorena izatera iritsi zen Julio Anguita urteak geroago. Ordurako Erreforma egonkortuta zegoen. Bipartidismoa edo soilik partidu biren arteko lehia eta dialektika zen jokoan jarri zitekeena. Anguita horretan saiatu zen su eta gar.

Hil berria den Julio Anguita zena gogoratuz oroitzapen eta gogoeta xume batzuk egin nahiko nituzke bizi dugun eta bizi garen pandemia bateko ustezko hondar aldi honetan.

Egun hauetan, zalantzarik gabe, gorazarre ugari eginen zaizkio; batez ere bere iritziak azaltzeko eta jarraitzeko zuen koherentziarengatik. Hori zen eta hori izan da bere nortasuna azpimarratzen duen ezaugarri nabariena. Koherentzia hori aitortu behar zaio, nahiz eta ez egon ados bere –eta gaur egun-egun Pablo Iglesiasen– baieztapen batzuekin; adibidez, Konstituzioari buruz egiten zuen ulerketa ez ideologiko, baizik idealistarekin.

Enrike Curiel, PCEko, Idazkari-orde ohiak –eta euskal bakegintzan hainbeste eta hain zuhurki ahalegindu zenak– behin Uriz eta bioi kontatu zigunez, 1979 urtean udal hauteskundeak izan zirenean, Espainiako Alderdi Komunistak, PCEk alegia, solik probintzia bateko hiriburuan atera zuen gehiengoa; Cordoban, hain zuzen ere, Julio Anguita zerrendaburu izan zuelarik.

Emaitza hark hilabete bat lehenago izandako PCEren bigarren hauteskunde porrota berresten zuen eta Carrilo–Curiel bikotearen «Eurokomunismoa» kolokan gelditzen zen. Are gehiago, kontuan hartuz gero, Juio Anguita ez zela anartean PCE alderdiko erkidea, baizik ezkerreko kristau talde bateko kidea. Orduan Carrillok agindu zehatza eman omen zion Enrike Curiel idazkari–ordeari: «–Antola ezak nola edo hala baina lehenbailehen PCEeko Batzorde Eragilearen bilera bat Cordoban. Hitz egin dezala lehenik «Kalifak» –izengoiti hori ematen baitzioten ordurako alderdian– eta ea hortik aurrera ez ote zaion zaila egiten PCEko erkide izan gabe jarraitzea».

Izan ere, diktadurari eraginkortasunez aurre egin zioten bi eragile politikoak ETA erakundea eta PCE izan ziren, batik bat azken hogei eta bost urteetan. Baina ekarpen hori ez zen hauteskundeen emaitzetan aintzat hartua gertatu. Zergatik? Agerikoa da da politika ez dela eskerraren eta eskertien mundua, baina PCEri dagokionez, bere gain–beherakada koherentzia faltagatik areagotu zen batez ere. Legalizazioa lortzea bere arrakastatzat jo zuen; oinarri demokratiko baten betetzea bezala hartu beharrean; eta horregatik, ez zen jada partidu independentisten legalizazioaz batere arduratu. Monarkia kalte txikienatzat aitortu zuen, baina ustezko bere irizpide errepublikazaleak alde batera utzi zituen. Moncloako itunak ustez eta propagandaz egonkortasuna bermatzeko ziren, baina egiazki Frankismoko egitura ekonomikoak, militarrak, judizialak eta abar eraitsi ez zitezen bermea gertatu ziren. Hitzez Saharako autodeterminazioa defendatzen jarraitu zuten, baina hemengoa ez...

Julio Anguitak bere aldetik, sinistu egin zuen Konstituzioan; idealizatu egin zuen bere hitzetan eginkortasun sakratuak bilatu nahian, fededun batek bezala. Dotrina bailitzan, erakusten zuen mitinetan eskuan altxatuta. Ahaztu egiten zuen nonbait, ordea, lege guztiak bezala, legeen legea den konstituzioa ere tresna bat besterik ez dela; eta tresna horren kiderra eta giltza benetan agintzen jarraitzen dutenek dauzkatela ongi zaindu eta gordeta.

Jakina den bezala, PCEko idazkari orokorra edo agintari gorena izatera iritsi zen Julio Anguita urteak geroago. Ordurako Erreforma egonkortuta zegoen. Bipartidismoa edo soilik partidu biren arteko lehia eta dialektika zen jokoan jarri zitekeena. Anguita horretan saiatu zen su eta gar. PCEk nabarmenki gora egin zuen PSOEri, Italian erabiltzen zen hitzaren arabera, «sorpassoa» egitea xedetzat aitorturik. Ezin da ahaztu sozialdemokrazia ordezkatzen zuten alderdiak desagertu egin direla adibidez Grezian eta Italian eta kinka larrian dabiltzala Frantzian eta Alemanian eta abar.

Anguitaren ahalegin hark, nahiz zilegia izan, funtsezko oinarriak falta zituen. Bipartidismoaren eraisketaren aurrekaria gertatu zen, hori bai; baina ez «eurokomunismoaren» ordezkapena izan. Izan ere, ezker berriak oinarri ideologiko eta estrategiko serioak, zuhurrak eta tinkoak behar ditu. Sinesmenak ez dira aski izango eta nazio–arteko elkarlanak bertakoen errespetutik hasi beharko du.

Bilatu