Aitor Irigoien Odriozola

Justizia poetikoa: 23 urte beranduago

Niretzat, pertsonalki, eten bat suposatu zuten gertaera haiek guztiek. Faxismoaren hatzaparrak noraino, eta nolako inpunitatearekin, irits zitezkeen jabetu nintzen.

1998/11/24. 1997an egin ginen Errealeko abonatu aita eta biok. Orduan, kirola zen nire afizio nagusia, futbola bereziki. Eta futbola jokatzen bezain gustura sentitzen nintzen Anoetan Erreala ikusten eta animatzen. Aste guztia zain egoten nintzen momentua.

Talde polita zuen Errealak, eta denboraldi bikaina egin zuen aurreko urtean, 3. amaituz. Horri esker, Europarako txartela lortu zuen, UEFA txapelketa jokatzeko aukera. Ilusioz gainezka nengoen, Europako taldeak Anoetan ikusteko aukera bainuen lehen aldiz!

Lehen bi kanporaketak oso ondo gainditu zituen Errealak, Sparta Praga eta Dynamo Moscu taldeen aurka. Baina hirugarren txandan zein tokatuko eta… Atletico de Madrid. Ez zidan graziarik egin, Europako beste herrialdeetako taldeak ikusi nahi bainituen, eta ez urtero bere aurka jokatu behar izaten genuen talde bat. Haatik, pozez eta gogotsu joan nintzen Anoetara azaroaren 24an.

Errealak partidu oso ona jokatu zuen, eta 2-1 emaitzarekin nagusitu zen. Baina partidu hartatik gehien markatu ninduena zelaian baino harmailetan gertatu zen. Atzo izan balitz bezala oroitzen naiz. Partidua hasita zegoela, Atletico de Madrid-eko ultra neonaziak sartu zirenekoa: esbastika ikurdun bandera erraldoiak, frankismo garaiko bandera espainiarrak (bata zein bestea legez kanpokoak), besoekin nazien agurrak egiten, "Cara al sol" kantatzen…

Hamabost urte soilik nituen, nire mundua ikasketak eta kirola zen, politikaz ez nekien ezer, baina ez nuen hura ulertzen… Ta are ta gutxiago Ertzaintza ultrak babesten eta inguruko Errealzaleei jotzen hasi zenean… Partida amaieran, ondo akordatzen naiz nola oihukatzen ziguten ultra haiek: «Ya vendréis a Madrid!».

Bi aste beranduago, abenduaren 8an, euren mehatxua bete egin zuten, zoritxarrez. Eta partidua ikustera Madridera joan zen Aitor Zabaleta zaletua erail zuten, labankada baten bidez. Ezin nuen sinestu hura dena: Anoetan, gugandik hain gertu egon ziren ultra haiek partidua bake-bakean ikustera joan zen zaletu bat erail berri zuten, euskalduna eta Errealekoa izateagatik…

Erantzule asko izan zituen hilketa hark: Aitor eta bere lagunek hango poliziei galdetu baitzieten lehenik nora joan zitezkeen trago bat lasai hartzera, arazorik ez zutelako nahi. Poliziek, ultren taberna batera bidali zituzten. Eta han, ultrek prestatuta zuten ehiza hasi zen. Hainbaten artean, Aitor inguratu, jipoitu eta hil zuten… Madridera joan ziren Errealeko zaletu denek aitortu zuten infernua pasa zutela egun hartan: mehatxuak, jazarpena, jipoiak, irainak…

Errealak 2-1 galdu zuen partidua, eta luzapenean beste bi gol jasota, UEFA-ko bere ibilbideari amaiera eman zion. Baina hura zen gutxienekoa.Erabat markatuta utzi ninduen gertaera hark. Eta are gehiago ondorengo egunek: Atletico klubak ez zuen ezer egin ultren aurka eta haiek babesten jarraitu zuen, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Poliziaren ikerketak eta epaitegien jarduna ere zalantzazkoak izan ziren: soilik pertsona bakarra izan zen epaitua eta espetxeratua, argi geratu arren jende askoren artean gauzatutako ekintza izan zela… Espainiako komunikabideek gertaera nolabait justifikatu zuten, esanez tabernako liskar bat izan zela…

Eta Atletico-ko zaletuek klubak berak baino okerrago erantzun zuten: Erreala hara bueltatu izan den bakoitzean, ohikoak bihurtu ziren Aitor Zabaletaren aurkako irainak, abestiak: «Aitor Zabaleta era de la ETA!», «Os vamos a acuchillar!»… Eta ez ziren harmailetako zati txiki baten oihuak. Estadio ia osoan abesten eta babesten zirenak baizik.

Denboraldi hartan bertan, patu beltza medio, Kopako txapelketan ere, final zortzirenetan Atletico de Madrid tokatu eta berriro ere, juxtuan izanik ere, kanporatua izan zen Erreala…

Niretzat, pertsonalki, eten bat suposatu zuten gertaera haiek guztiek. Faxismoaren hatzaparrak noraino, eta nolako inpunitatearekin, irits zitezkeen jabetu nintzen. Eta Atletico de Madrid taldea eta bere inguruko guztia ezin nituen begien aurrean ikusi ere egin…

2022/01/19. Jada 23 urte pasa dira barruan oraindik ere hain bizi sentitzen ditudan gertaera haietatik. Nik ere jada ez dut ziurrenik orduan bezala jarraitzen futbola. Baina, hara non, aurten, Kopako txapelketako final zortzirenetan, berriro Atletico de Madrid taldea tokatu zitzaion Errealari. Partidu bakarrean erabakiko zen dena, Anoetan. Zozketan aurkaria jakin bezain laster, 1998ko gertaera denak biziberritu zitzaizkidan. Eta Errealak partidu hura irabazi, eta 98tik barruan geratu zitzaidan arantza kentzeko abagune bezala sentitu nuen. Partida bat baino gehiago bailitzan.

Eremu guztietan pairatutako injustiziaren aurrean, kirol arloan bada ere, justizia poetikoa gauzatzeko unerik aproposena. Irabaztea besterik ez nuen irudikatzen…

Eguna iritsi zen. Eta artean etxean nintzela, lagunek bidalitako bideotan egiaztatu nuen oraindik ere Atletico taldea hemen ez dela ongietorria. Jada estadioan, izugarria izan zen lehen minututik azkenekoraino bizitako giroa zein taldearen jokoa eta ahalegina. Inoiz ahaztuko ez dudan partidua. Sufritu, gozatu, abestu, saltatu, ospatu, oihu egin… dena batera. Egun batez, 1998an baino ere amorru, sentimendu, emozio eta gogo gehiagorekin. Anoetan, 23 urte atzera egin banu bezala sentitu nintzen, eta ia malkotan amaitu nuen partidua, bi besoak altxata zerura begira, «Aitor, Aitor, Aitor Zabaleta!» abesten genuen bitartean…

 

Aitor Zabaleta inork ez digu itzuliko, familiak jasandako umilazio guztia hor dago, hilketaren erantzuleek libre segitzen dute, Atletico de Madrideko zaletuek berdin jarraitzen dute, faxismoa indartuta dagoela dirudi, injustiziak eta memoriak min ematen dute oraindik… Baina kirol arloan genuen zor moduko hura kendu dugu, eta nola gainera! Justizia poetikoa…

Hainbat omenaldi jaso ditu Aitorrek zein bere sendiak 1998ko abendu hartatik, baina aurtengo urtarrilaren 19ko gaua berezia izan zela sentitu nuen, barru-barruan. Bihotzez espero dut, dagoen lekuan dagoela, Aitor berak ere, bere irri gardenarekin, berdina sentitu izana.

Bilatu