Ibon Artola
Euskal Herria Sozilista

Kalean eta hauteskundeetan EH Bildurekin

Datorren urriaren 21ean, EH Bilduk emaitza historikoak lortuko ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. 2009tik hasita greba orokorretan kaleak bete, eskubide demokratikoen aldeko mobilizazioetan parte hartu eta krisi kapitalistaren ondorio larriak sufritzen dituzten ehunka mila langile, gazte, langabe eta pentsionistek Euskal Herriko panorama politikoa irauliko dute.

Hauteskunde hauek garrantzi historiko handia dute. Urteetan zehar Estatuak eta eskuin espainiarrak (EAJren eta euskal burgesiaren laguntzarekin) kolpatu eta erreprimitu duten ezker abertzaleak aukera izango du Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza luze bat izateko. Hau kolpe gogorra lege antidemokratikoak erabiliz errepresioan parte hartu duten haientzat. Kolpea da burgesia espainiarraren ordezkari zuzena den PPrentzat; kolpea da politika erreakzionarioa defendatzen aritu diren PSOE-PSEko agintarientzat; eta noski, kolpea da bertako patronalaren eta euskal kapitalaren instrumentua den EAJrentzat.

Garrantzi historiko handia dute hauteskunde hauek, zeren une hauetan herritarren gehiengoa, langileak, gazteak, emakumeak eta etorkinak, frankismoaren aurkako borrokan irabazitako eskubideak galtzen ari dira. Ezkerreko gehiengo sozial horren zati handi batek, EH Bilduri emango diogu botoa eskubide demokratikoak eta sozialak edozein erasotatik babestuko dituen konfiantzarekin; zapalduen benetako ordezkaria izango den esperantzarekin.

Programa iraultzailearen garrantzia

Ekonomia merkatuen zerbitzura ezin dela egon, eta aberastasuna eta lana banatzea beharrezkoa dela planteatzen du EH Bilduk. Azpiegitura handiek suposatzen duten xahuketa ere salatzen du, baliabide horiek behar gehienak dituztenak laguntzeko eta lanpostuak sortuko lituzkeen ehun produktiboa indartzeko erabiltzea defendatuz. Burgesia espainiarrak zapaltzen dituen eskubide demokratikoen aurrean, EH Bilduk subiranotasun nazionala defendatzen du.

EH Bilduren programan azaltzen diren aldarrikapenek aurrerapauso ukaezina suposatzen dute. Horregatik, indar atzerakoiek, hauek espainiarrak edo euskal herritarrak izan, ez dute inondik inora nahi EH Bilduk gobernatzea eta hori saihesteko lanean dabiltza. Edozein kasutan, gertatzen dena gertatzen dela ere, perspektiba ikaragarri positiboa irekitzen da: aldaketa sozialaren alde egiteko prest dagoen jendetza handia bildu dezake EH Bilduk.

Kapitalismoaren krisiak erakutsi du bere gordintasun osoan demokrazia deitutako hori kapital finantzarioaren diktadura besterik ez dela. Independentzia nazionala deitutakoa, gaur egun, fikzioa da bankaren eta multinazionalen mundu mailako gobernupean. Kapitalistak dira milaka milioi emakume eta gizonen eta herri osoen etorkizuna erabakitzen dutenak inpunitate osoz. Autodeterminazioa eta benetako subiranotasuna, herrien berdintasuna eta askatasuna, zapalkuntza eza eta klaseko esplotazio eza, ez dira posible kapitalismoaren existentziarekin.

EH Bilduren zutabe nagusia den ezker abertzalearen militantziaren eta beren biziaren onena eman dutenen garaipena izango dira urriaren 21eko hauteskunde emaitzak. Baina bidea ez dago arriskuetatik salbu. Borroka honetan aliatu seguruak ditugu: mundu osoko zapalduak, Rajoyren politika atzerakoien aurka poliziaren errepresioari eta borroken kriminalizazioari aurre eginez Estatu espainiarrean mobilizatzen dauden langile eta gazteetatik hasita. Beraiek, Greziako, Portugalgo, Irlandako, mundu arabiarreko eta Latinoamerikako zapalduekin batera, gure babes onena dira askapen sozial eta nazionalaren aldeko borrokan. Eta zapalduen aurrean, beste barrikadan, burgesia aurkitzen da, komeni zaion bandera erabiltzen duena baina klaseko interesengatik beti elkartuta egongo dena. Horregatik, bide honetan, EAJk eta Confebaskek ez dute jokatzen herriaren, langileen, langabeen eta gazteen alde. Ez gara beraiekin elkartu behar, zeren esperientzia historikoak erakusten duen bezala, beti kokatu dira Estatuaren eta burgesia espainiarraren eta frantziarraren ondoan une erabakigarrienetan.

Askapen sozialaren aldeko borroka, eta zapalkuntza nazionalaren aurkakoa, elkarri erabat lotuta daude. Askatasuna, gure herriaren identitatearen errespetua eta benetako demokrazia nahi baditugu, helburu horiek lortzea oztopatzen diguten eta zapaltzen gaituztenon boterea desjabetu behar da: kapitalista euskal herritarrak, espainiarrak, frantziarrak… Beharrezkoa da udaletxeetako, diputazioetako eta Eusko Legebiltzarreko posizioetatik gehiengoaren mobilizazioa, antolakuntza eta kontzientzia bultzatzea, gure indarrak elkartzea Euskal Herri sozialista baten aldeko borrokan, Europako eta munduko Federazio Sozialistaren markoan.

Bilatu