Maite Ubiria

Kaletarrak gara gu

Kazetariak Herria 2000 Eliza argitaratutako artikuluan, gizarte mugimenduaren gaiaz hausnartu du. Batez ere, bere iritziz, erakundeetako lana gizarte herri mugimenduarekin nola uztartu beharko litzateke.  (Herria 2000 Eliza aldizkariaren 255. zenbakian argitaraturiko artikulua. 2015-eko Martxoa-Apirila)

Kaleak bero-bero Frankfurt-en. Sare sozialetan zein telebista pantailetan irudi festa. Suak begirada guztiak erakartzen ditu horrelakoetan. Hala ere, nik bestelako irudiak erreparatu ditut. Hainzuzen ere, mugimendu soziala eta konpromiso politikoaren arteko uztarketa adierazten dituztenak.


Kapitalismoaren interesen araberako globalizazioari aurre egiteko asmoz sorturiko Blockupy mugimenduak protesta irudimentsua, anitza, koloretsua antolatu du Europako Banku Zentralak (EBZ) estreinatu berri duen egoitza erraldoiaren aurrean. Eraikinak diruaren nagusitasuna irudikatzen du. Haratago joz, finantza munduak ez duela auto kritikarik egiten adierazi nahi du. Ehun milaka europarren pobreziaren erantzuleetako bat da Europako Banku Zentrala. Izan ere, erantzukizun izpirik gabe, ongi izatearen hautsen gainean egoitza garestia eta dotorea altxatu du, probokazio keinu kezkagarria eginez.


Dabid eta Goliat-en artekoa orekarik gabeko lehia izan bazen, globalizazio neoliberalak sortutako arrakala soziala salatzea xede duen mugimendua eta EBZ-ak ordezkatzen duen botere arteko norgehiagoka ez da makalagoa izango. Biak ala biak erakusten dute, edonola ere, boteretsuaren bortizkeriaren kontrako borroka zilegi izateaz gain guztiz beharrezkoa dela injustizia zaharrari behingoz bukaera emateko.


Litekeena da suak jariotako keak protestak dituen hamaika aurpegi estaltzeko balio izana. Ez da harritzekoa ez. Ohiko kontakizunaren gidoia bera han-hemenka errepikatzen da. Beraz, ez genuke hortaz gehiegi harritu behar. Jo dezagun muinera. Finean, garrantzia daukana hauxe da: Poliziaz inguratuta Frankfurt-etik heldutako irudietan agertzen zaizkigun herritar horiek guztiek irudikatzen duten mugimendua.


Une labur batez txano kolore-askotarikoak daramatzaten herritarren desfileari begira gelditu naiz. Bestelako Europa, bestelako mundu bat sortzeko bidean urrats bat bestearen atzetik, gelditu gabe, eman beharko dugula, ahal den eta era sinkronizatuenean gainera, pentsarazi dit irudiak.


Urteetan kazetaritza lanetan gurutzatu dudan Josu Juaristiren argazkiarekin egin dut topo ondoren. Urte luzeetan Europako Banku Zentralak, eta oro har Bruselako inperioa osatzen duten beste hainbat erakundek, garatzen duen politikaren azterketa zorrotzak eskaini dizkigu kazetari azkoitiarrak.


Oraingoan, Europako eraikuntzaren gaitzak azaleratzeari egin dio Juaristik, baina ez ordenagailu baten atzetik. Ehunka milaka herritarren miseria ekarri duen politika salatzeari egin dio, kaletik bertatik, poliziez eta keaz inguraturik, Europako ezker eraldatzailearen familiaren partaide diren beste hainbat eurodiputatuekin batera.



Josu eta biok kazetariak gara. Odoletan daramagula lanbidea erraitera ausartuko nintzateke. Askotan jardun dugu elkarlanean. Gehienetan bestelako Euskal Herria, Europa, bestelako mundua amestera ausartu direnen ikuspuntuak, ametsak, borroken oihartzuna zabaltzeko ahaleginetan murgildu gara.


Kapitalaren media system-etik bazterretik jardun dugu, baliabide eskasen erresuman, gehienbat. Hautu neutrorik ez dagoenez, borreroek zauriak utzi dizkigute larruan. Maite genituen batzuk eraman dituzte, beste batzuk presondegi urrunetan jarraitzen dute gaur.


Pankartari helduta, Polizia atzean duela, hantxe atzeman dut, tinko, begirada urrutira, Josu. Bizitza duina nahi badugu, gure etorkizunaren jabe bilakatu nahi badugu, borrokari heltzeko unea dela gogorazten duen irudia.

Jatorri ezberdineko ekintzaileak eta hamaika hizkuntz hitz egiten dituzten europarlamentariak Frankfurt-eko karriketan. Bankeroen besta ozpintzeko gogoz. Auzolanean.

Behin enegarren guda saio justua libratuta, biharamunean, norberak bere lan eremura joko du. Ekintzailea eta hautetsia. Eta hala behar du. Bide bereizketa ez genuke ez haustura bezala ez da ahuleziaren adierazle gisa hartu behar. Ke arteko eguna amaituta hustuago agertuko zaigu kalea, beti, baina ez genioke isiltasun horri zentzu tragikoa eman behar.


Aspalditik ikasi genuen kaleetan entzundako garrasia etsipenaren oihartzuna bilakatu ez dadin, aldaketa posible martxan jartzeko estrategia eraginkorra dugula bermerik onena. Egoera errotik aldatu nahi bada, osagarritasun berriak jorratu behar ditugu.

Jarduera guztiak ditugulako beharrezko. Guztiei zentzu iraultzailea aitortu behar diegu, aurrera azkarrago egiteko. Bestelako mundu baten aldeko gerrillari irudimentsuak behar ditugu. Mezu eta janzkera ezberdinak baliatuko dituzten matxinoak. Erritmo, funtzio eta betebehar ezberdinak izango dituzten gudari irribarretsuak.

Kaletarrak gara gu, eta horrek ziurtapen handia ematen digu: ez dugu oina aise galduko gure herriak hala aginduta bestelako eremuetan jarduteko eginkizunak betetzera goazenean.

Gaur pankartari helduta ikusi dugun hautetsia, bihar, etzi eta etzidamu jarrera berdinean ikusiko bagenu, seguruenik gure konfort politikorako mesedegarria izango litzateke.

Alta, erosotasunean murgiltzeko girorik ez dago. Gainera, Euskal Herrian abian jarri den aro politikoak zabaldu dituen aukerak baliatzeak ez du eskatzen soilik jarrerari eustea, une oro gure helburuetara hurbilduko gaituen bide eta tresna egokienak hautatzea baizik.

Pankartari atxikitzea baino, hori astintzeko tenorea bada. Oihalak jasotzen dituen asmo nagusiak egia bilakatzeko estrategiak eguneratzearekin, borrokak, esfortzuak, eremu ezberdinen arteko asmoak hobeto sinkronizatzeko garaia dugu.



Denon jatorria kalea den heinean, gure arteko lotura kalean ematen den heinean, gizarte esparru horretatik datorren bultzadari itzulpen politikoa emateko lan egitea dugu xede. Hori bai, konexioa ahal den eta hoberena izateko, lana partekatzeko trebezia egunerokotasunean garatu behar dugu.


Herri mugimenduak, herritar aktiboek, aldaketa politikoan jokatzen duten papera garrantzitsua da. Ezinbestekoa. Hortaz jabetzeko Greziak bizi duen prozesuari begiratzea interesgarria iruditu zait, arrazoi ezberdinetatik.


Europako Batasuneko gela ilunetan erabakitako doikuntza egitasmoek sekulako krisia eragin dute Grezian. Murrizketek egoera guztiz prekarioan utzi dute gizartea sarea. Egoera horretan, herritarrek
urratsa eman dute, Bruselan emandako aginduen aurrean erresistentzia forma berriak garatuz.

Greba orokorrak edo manifestazio, ohiko protesta, ugari egin dituzte greziarrek. Era berean, elkartasun jarduera berreskuratu dute, murrizketek sorturiko beharrei erantzuteko, eremuz eremu, antolaketa kolektiboa hobetsiz. Ekimen humanitario soiltzat hartuta, elkartasun sarea txalotu zuten askok. Alta, legebiltzarreko hauteskundeen emaitzak ezagututa egindako akatsaz ohartuko zirenak ez dira faltako.


Elkartasun sarea ez baita jendartearen haserrea baretzeko tresna bilakatu, bata besteari laguntza emanez, greziarrak haien indarraz jabetu dira. Hurrengo urratsa abantzu naturala izan da : herritarrek Greziak bizi duen egoera gordin horren erantzuleak argiki identifikatu dituzte, eta botere eremu horiek haien bizitzengan duten eragin kaltegarria mugatzearen aldeko bozka eman dute.

Muturreko krisi egoerari erantzuteko lan partekatua izan da Grezian. Kaleak eta erakundeak, herri dinamikak eta sindikatuak, belaunaldi berriak eta faxismoari aurre egin zioten partisanoak, zerbitzu publikoetako langileak eta gizarte boluntarioak. Finean, mota askotariko konpromisoek ahalbideratu dute sarea eratzea. Inork berarentzat aldarrikatu ezin duen eta guztiena den sare horrek beste ezaugarri bat ere badu: konpromiso anitzak bere babespean hartu ditu, beti ere oso helburu zehatzak lortzeko.


Herriak garatu duen duintasunaren aldeko borrokak oso isla handia izan zuen azkeneko hauteskunde kanpainan, baina bere itzala ez zen horretara mugatu. Syriza koalizioak gobernuaren lehenengo 100 egunetarako marraztu duen “herria erreskatatzeko plana” horren adibide argiena da. Herritarren  oinarrizko beharrak asetzea izango da gobernuaren helburu nagusia. Helburu amankomuna izanik, helmugara heltzeko estrategia nahitaez herritarrekin partekatua izan beharko da. Greziarrak krisia hasi zenean baino herritarragoa direlako gaur egun, kontzientzia kolektiboaren berreskurapen bat ekarri duelako egoera guztiz traumatikoan garatu duten salbazio nazionaleko prozesuak.



Herri mugimendu klasikoa edo gizarte olatua? Alderdi politikoa edo fenomeno politikoa ? Ohikoa da, bestalde, gizarte eta botere eremuetan ematen diren eragin guneak ezaugarritzea. Askotan sailkatzeko ahalegin horren atzean errealitatea irakurtzeko orduan oraindik ere eredu zaharrak, logika hertsiak, izaten duten indarra erakusten dute. Beste hainbeste gertatzen zaigu beste binomio batzuk zehazteko orduan. Adibidez, iraultza eta erreformismoa bereizketa egiteko orduan.



Grezian garatu duen trantsizioan horiek bezalako eztabaidak ez dira falta, eta presente izango dira aurrerantzean ere. Hala ere, eztabaida horiek bigarren plano batean gelditu dira, aldaketa politikoa lehentasun nazionala bezala irudikatu dutelako herritarrek.


Mugimenduak era estatikoan hartzeko joera handia dago, haien sorrera eta ibilbidea sinplifikatuz, ohiko kategorizazio sisteman hobeki sartu ahal izateko.


Baina mugimendua hitzak izaera dinamikoa islatzen du, nahiz eta askotan ahantzi egin ohi dugun.
Mugimendu baten onuren artean, pausua aldatzeko gaitasuna eta ibilkerari malgutasuna emateko ahalmena daudela gogoratzea ez dago soberan.


Errealitate berrietara egokitzen jakitea dohain iraultzailea den heinean, gizartean une oro, eta bereziki krisi egoeratan, sortzen diren eztanda berriak begirada zabal batekin hausnartzeko gaitasuna garatu behar dugu. Horien arrazoiak ulertzeko, lehenik eta behin, eta arrazoi horiek aldaketa dinamika orokorrean hobeki txertatzeko atzetik.



Aurrera begira ere helburu zehatz batzuk lortzeko dinamikek gero eta indar gehiago hartuko dute. Etxeko hizkera baliatuta, kanpaina irudimentsuek eremua jango diote plangintza astunei, eta ekintzaile birtualek (puntualak askotan) itzala egingo diote eskarmentu handiko militanteei. Zaharberri.

Ekimen zehatza eta arnas-luzeko asmoaren arteko konkurrentzia ez baita kontu berria. Asko jota ondo bakandu ez dugun ekuazioaren aurrean gaude. Hiztegi zaharrak ez digu, beraz, aterabide egokia emango. Horretan ere harreman eta komunikazio molde berriak sortzeko beharrean gaude. Kalean inor ez dagoela soberan argi izanda, baina era berean ahal den neurrian esfortzuen atomizazioari langa jarriz.



Osagarritasunak bilatzea ezinbestekoa da, herri mugimenduak eta uneko herritar eztanda horiek beharrezkoak ditugu. Batzuk egoera irauli nahi dute, aspalditik, beste batzuk aldaketa gogoa sentitzen dute, gaur eta hemen. Aspaldiko konpromisoak eta krisiak norberaren unibertsoan sorturiko zauriek pizturiko errebolta sentimenduak. Batzuk eta besteen interesen uztarketak ekar dezake ekaitza perfektua. Aurreiritziak ez bagaituzte gelditzen, dogma zaharrak gainditzek ausartzean bagara.

Norberaren eragin esparruan, bakoitzaren ibilbidetik ekarpena egin ahal diogu herri aktibazioari. Ez gidoiaren arabera zurrun jokatuz, baina ezta ere planifikazioak eskaintzen dituen lanabesak mespretxatuz etengabeko freskotasunaren elixirra bilatzearren.



Blockupy Alemanian, Elkartasun sarea Grezian, eta herrialde bat eta bestearen artean hamaika gizarte dinamiken amarauna eta iraultza txikiren txinpartak: etxebizitza duinean bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko, xenofobia edota faxismoaren gorakadari aurre egiteko, hazkunde sabaiak ekartzen duen era guztietako baliabideen kontsumo burugabe horren aurrean tokiko garapena eta eredu jasangarriak sustatzeko, askatasunen murrizketen aurkako adierazpen esparruak zabaltzeko....

Herri taupadarik gabe nekez irudikatu dezakegu bestelako Euskal Herria. Iraganean borroka mapa oparoa dugu. Baina, kasu. Gakoa ez da nostalgiak gidatutako dinamikak berreskuratzea, are gutxiago inertziak aginduta sortutako horren biziraupena bilakatzea helburu. Mugimendua mugitzen frogatzen da. Bidea, euskal bidea, bidea eginez osatzen den bezala. Bizitakoaz, finean, ez digu bermatuko bihar bizirik irautea.

Gaur eta egun, bide konpartitua asmatu beharra dugu. Osagarritasunak bilatu behar ditugu, kalean, eskolan, lantegian, erakundeetan garatzen ditugun borrokak deklinazio ezberdineko borroka berbera dira. Aurreiritziak alde batera utzita, batak bestearen lana aitzat hartuz, batak bestea bidelagun sentituz.



Konpromiso ondarea esku batzuetatik besteetara pasa dezagun, borroka sortzailearen zirraraz kutsa dezagun airea, garaipen berriak irudikatu eta eskuratzeko. Kalean, ke artean, hitza hartzeko prest diren bozeramale politikoak behar ditugun bezala, gizarte aldaketarako agendak adosteko prest diren herri dinamizatzaileak behar ditugu.

Aldaketa, bere zentzu iraultzaile sakonarekin, lehentasun gisa identifikatzen badugu soilik lortuko dugu mugitzeko agindua belarritik belarrira biltzea. Eta bere eskutik, oinak bata bestearen atzean
hasiko dira bide posiblea marrazten. Amestutako eguna gaur hasten dela ohartzen bagara, bihar burujabeago esnatuko gara. Eta bistan da, pertsonen ongizatea ardatz hartuko duen herri independentea eratzetik hurbilago izango gara. Beraz, goazen!

Bilatu