Kantek alemanez idatzi zuen
Euskarazko Wikipediak 25 urte bete ditu. Zorionak! Ez da erraza neurtzen zer-nolako ekarpena egin duen, erabakitzen erraza ez den bezala jarduteko modurik egokiena zein den. Pizkunde berri baten beharra aldarrikatzen den honetan izan bitez lerro hauek, urtemuga honetan, Wikipediako editore boluntario eta eragileei nire esker ona adierazteko modua.
Nire esperientziatik abiatuko naiz gogoetatxo hau plazaratzeko. Gaizki oroitzen ez badut, jakinda oroitzapen guztiak eraikiak izaten direla, bere garaian filosofiako ikaskide batzuk ohartu ginen Joxe Azurmendi bezalako pentsalari handi batek ez zuela merezi zuen, hau da, gure kulturak merezi duen, adinako artikulurik euskarazko entziklopedia askean. Bada, egin zitzaion ia-ia hutsetik hasita, bibliografiarik apenas baitzegoen. Ondorengo urte luzeetan filosofiako artikuluak sortu eta aberastuz eta, horrekin batera, ikasiz ere joan gara.
Gure amak esaten duenez, lanak berak erakusten du nola jardun eta Wikipediako nire ibilian ere horrela izan da. Zein zentzutan?
Demagun Kant filosofoari buruz artikulua osatu behar dugula. Hori egin daiteke, adibidez, beste hizkuntzetako wikipedietan artikulu on bat bilatuz eta euskaratuz. Artikulu on bat itzuli badugu pentsatzekoa da Kanten filosofia transzendentala, demagun, ondo jasoa geratuko dela. Baina, arian-arian, konturatzen gara, terminologia teknikoa euskaraz eman ahal izateko, euskarazko bibliografiara jo behar dela. Zorionez jada baditugu, gure aurrekoek ez bezala, “Filosofiako Historia”, “Filosofiako Gida” (Liburu laranja deitzen genion, mugarri eder bat!), “Jakin irakurgaiak”, “Klasikoak bilduma”, “Limes bilduma”, “Eskafandra”... eta badugu, halaber, Joxe Azurmendiren produkzio erraldoia. Era berean, Joxe irakurriz ikasi dugu Kantek, adibidez, alemanez idatzi zuela non eta politikoki oraindik batua ez zegoen lurralde batean, noiz eta gorteko hizkuntza kultua frantsesa zen garaian. Hori, agian, beste hizkuntzetako Wikipedietan eta hiztegietan jasoa egongo da, ez dakit, ez du axola, baina ez da ausazkoa gure hizkuntza eta kultura duintzeko lan eskerga egin dutenek nabarmendu izana. Horregatik, Wikipedian editatzeko orduan, ez genuke ahaztu behar Kantek alemanez idatzi zuela aipatu behar badugu, adibidearekin jarraitzeko, ez dela gauza bera Espasa, Larousse edo Azurmendi erabiltzea. Gure aldetik saiatuko gara beste 25 urtez filosofia euskaraz eta euskaratik lantzen.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.