Aitor Garagarza Cambra

Kapitala vs bizitza hezkuntzan: bost hipotesi eta bost iradokizun*

Hego Euskal herrian mende honetako hezkuntza esperimentu handienaren aurrean gaude. Hau da, eskola guztiak bertan behera gelditu dira, 230.000 ikasle inguru haien etxeetan konfinatuz.

Covid-19agatik sortarazitako larrialdi egoerak sistema antisistemiko honen dekadentziak agerian utzi ditu: osasungintzak jasandako murrizketak, zaintza lanen beharra eta aitortza, bestelako eredu produktibo baten beharra, kontrol soziala edo naturak mendez mende jasan duen higadura iraunkorraren leuntzea. Hainbat iritzi artikulu kaleratu dira bizitza eta kapitalaren dikotomia artean bizitza erdigunean jarri behar dela aldarrikatuz. Baina hezkuntza sistemari dagokionez, produkzio teorikoa txiki xamarra izan dela esango nuke.

Egun, Hego Euskal herrian mende honetako hezkuntza esperimentu handienaren aurrean gaude. Hau da, eskola guztiak bertan behera gelditu dira, 230.000 ikasle inguru haien etxeetan konfinatuz. Egoera honetan, hainbat irakasle ikasturteari jarraipena ematen ahalegindu dira telelanaren bidez. Telelanean ez dut sakondu nahi, Mario Zubiagak GARAn berriki publikatutako artikuluan hainbat zertzelada utzi zizkigun.

Berez, bizitza vs kapitalean, hezkuntza sisteman agerian gelditu diren bost hipotesi baieztatzen dira. Hainbat autore klasikok zein garaikidek haien lanetan modu batez edo bestez aipatutakoak; Bourdieu, Illich, Freire, McLaren edo Giroux besteak beste.

1. Askotan lanaldia zortzi ordukoa bada ere, ordutegia zatitua izaten da. Guraso askok etxetik kanpo hamar ordu egiten dituzte. Hortaz, gurasoak egunean zehar ezin dira haien seme-alaben zaintza lanaz arduratu. Seme alabak eskolaratzea ezinbestekoa egiten zaie lan esparrua eta familiarra aurrera eraman ahal izateko. Eskola kapitalismoaren haurtzaindegia bihurtzen da, lan esparruaren beharrei erantzuten die eta ez haurren beharrizanei.

2. Egungo eskola kapitalismoaren birprodukzio zein metaketarako supraestruktura bada ere, horrek ez du esan nahi tentsiorik ez dagoenik eskoletan, edo bestelako ereduak sortaraz daitezkeenik. Guraso elkarteek sortarazitako sareak, gelan ikasleek botere sinbolikoa hankaz gora jartzean, hezkuntza komunitate bezalako proiektuak...

3. Sistema une oro kapitalaren birprodukzio eta metaketara bideratuta dago, sortarazten diren egiturek haurren edo pertsonen beharrak kontuan hartzen ez dituztelarik. Hezkuntzan eman diren aldaketak, Bologna prozesua kasu, sinplifikatuz, egungo kapitalismoaren beharrei egokitzeko saiakera izan da. Birprodukzio eta metaketarako beharrezkoak dituen balore, ohiturak eta erlazionatzeko forma hegemonikoak transmititzen dira, etorkizuneko lan merkaturako izakiak osatuz; hierarkia, erabaki guneak, obedientzia edota jakintzaren iturri dikotomikoa, besteak beste

4. Are gehiago, haurrak kontuan ez izateaz gain, ez dira hauetan parte aktiboa. Hirien eta herrien egiturak ez daude prestatuta haurren behar eta interesei erantzuteko, haurrak bertan askatasunez heztea ezinezkoa delarik.

5. Eskolaren gaineko irudi hegemonikoa positiboa da. Jendearen imajinarioan haurren heziketa prozesuak eta eskolak bat egiten dute. Mendebaldeko jendartearen gehiengo batek, haur edo gazteen heziketa prozesua automatikoki eskolarekin lotzen dute. Egungo eskolaren beharra ez da zalantzan jartzen hori baita gaur egun mendebaldeko jendartean heziketa prozesuaren ikuspegi hegemonikoa. Hegemonia ez ulertuta modu kuantitaboan, ikuspegi gramsciar batetik baizik.

Aipatutako hipotesien baieztapenak kontutan hartuz, etorkizuneko erronkei buruzko hainbat tesi plazaratuko ditut, gaurdanik bestelako hezkuntza sistema eraiki behar dela aldarrikatuz. Tonucciren hainbat gogoeta ekarriz:

1. Hezkuntzak ez du mundua aldatuko, hau baita gure Amerikan Dream edo mito ustela. Hezkuntza beste borroka eta eraldaketa espazio bat da. Horregatik, hezkuntzan diharduten norbanako, kolektibo, sindikatu...hezkuntza komunitatea bere osotasunean sinergiak eta sareak sortu behar ditu eraldaketaren aldeko bestelako mugimenduekin. Kontutan izanda, hezkuntzan, beste esparruetan bezala, herri honen burujabetza ezinbestekoa dela hemen eta orain sistema propioak eraiki ahal izateko.

2. Hezkuntza-delegazionismoaren mugak gainditzea, hezkuntza erantzunkidetasunerantz igaroz, horizontaltasun handiagoko esparru batean, eragile guztiak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan subjektuak bihurtuz. Prozesua bera umeen berezitasunetik abiatzea, eta ingurunearekin erlazionatzeko beste modu batzuk sortuz. Hau da, helduek eraikitako mundu honetan, elite ekonomiko eta maskulinoen ikuspegitik, haurren interesetara hurbiltzeko beste modu batzuk sortzea ezinbestekoa da.

3. Komunitatea bere osotasunean pertsonen ezagutza eta zaintza trukatzeko gune bihurtzea. Beste zaintza eredu bat planteatzeak ere aldaketak dakartza ekoizpen eta lan-ereduan, lanaren sexu-banaketan edo lan erreproduktiboetan.

4. Hiria haurtzarorako gune atseginagoa bilakatzea ere beharrezkoa da, non bere beharrak eta begirada kontuan hartuko diren. Ez soilik umeenak, baita gure nagusienak edo kapitalak baztertzen dituen sektore horienak ere. Hiria eztabaidarako eta ekintza kolektiborako espazio gisa ulertuta.

5. Unibertsitateak hezkuntzako profesional berriak prestatzeko gune nagusietako bat izaten jarraitzen du. Hortaz, beharrezkoa da Unibertsitatea horrelako proposamenek eskatzen dituzten prestakuntza-premietara igarotzea. Behintzat bizitzaren aldeko hautu argia egitea.

Hezkuntza munduan esperimentu handienaren aurrean gaudelarik, eztabaidak eta hausnarketak hauspotu ditzagun, epe ertain luzean erdietsi nahi ditugun hezkuntza sistemek gure herriaren bilakaera izan beharreko papera plazaratuz, bizitza erdigunean kokatuz.

*plazaratutako hainbat idei gradu amaierako lanean edo doktorego tesian jasotakoak dira

Bilatu