Kaskarotak Lapurdiko gizartean eta folklorean

Idazleak Kaskarot hitzari buruz hausnartu du; bi adiera dituen esanahiaren jatorriaz idatzi du. Lapurdiko gizartean eta folklorean izan zuen garrantzia azaldu du. Gainera, hitzaren etimologia zein den kontatu du. "Modu batean zein bestean, etimologia bat zein bestea, gauza da kaskaroten oroitzapena guztiz errotua gelditu dela lapurtarren irudikeria kolektiboan", erantsi du.

2016/03/18 | 0 iruzkin

Kaskarot hitza aditzen dugunean, berehala lotzen dugu Lapurdirekin. Alde batetik, aitzineko mendeetan Donibane Lohizune eta Ziburu inguruan bizi izan ziren jatorri ezezaguneko giza taldeekin; eta bestaldetik, Lapurdiko dantzetan eta ihauterian agertzen zaizkigun pertsonaia alegera eta koloretsuekin. Hau da, kaskarot hitzak gaur bi adiera ditu, baina ez ote dira biak jatorri beretik sortuak?


1.- Kaskarotak Lapurdiko gizartean

    Lapurdiko baleazaleek garrantzi handia ukan zuten XVI. eta XVII. mendeetan. Ternua eta Kanadako itsasertzetara egiten zituzten itsas ibilaldiak aberastasun iturri izan ziren Lapurdiko itsas hegiko biztanleentzat. 1713 eta 1715 urteen artean hitzartu zen Utrech-eko Itunak jarduera honen gainbehera ekarri zuen, Frantziak Badia Handia (Hudson), Ternua eta Akadiako lur itsas bazterrak Ingalaterra garailearen esku utzi behar izan baitzituen. Donibane eta Ziburu aldeko arrantzaleek izugarri kolpe handia jaso zuten galera horrekin, balea eta makailua baitziren heien bizimoduaren zutaberik sendoena.

Gainbeherak ondorio zuzenak ukan zituen Donibane, Ziburu eta Zokoa aldeko biztanlerian. Bizi-iturria agortuta, ainitzek hiri hauek utzi eta beste lurraldeetara abiatu behar izan zuten lan bila. Honek despopulazio ikaragarri handia ekarri zuen. Donibane Lohizunek XVII. mendean 12.000 biztanle inguru zituen, 1730ean 9.500 inguruko populazioa zuen, 1730ean 9.500 zituen, 1755ean 3.367, eta 1768an soil-soilik 2.498 biztanle. Ziburun eta Urruñako hainbat auzotegitan ber gauza gertatu zen.

Etxe ainitz hutsik, abandonaturik geratu ziren, eta nonbaitetik etorri ziren kaskarotak hutsik ziren etxe horietan aterpetu ziren. Baina nor ziren kaskarotak eta nondik zetozen? Joseph Nogaret idazlearen aburuz, Portugal eta Espainiatik igorritako jendeak ziren. Heien artean baziren moriskoak, buhameak, agotak…, hau da, estatu bateratuak eraikitzeko ezarri zituzten batasun eta odol garbiko irizpideetatik kanpo gelditzen ziren giza taldeak.

Hastapenetan, bertako euskaldunek ez omen zuten jende hauen etorrera begi onez ikusi eta kaskarot izenaz deitu zieten. Urte luzeetan bazterketak eta igortze aginduak jasan behar izan zituzten arren, azkenean, kaskarot talde finkoak gelditu ziren bizitzen Donibanen, Ziburun, Urruñan… Heien mintzaira eta ohiturak luzaz atxiki zituzten, baina berehala euskaraz ikasi zuten eta honek integrazio prozesua erraztu zien.

Lehen aipatu dudan despopulazioa dela eta, erran behar dugu bestelako faktore edo eragileak ere izan zirela. 1636. urtean, espainol armada Donibanen sartu eta su eman zion hiriari. Biztanleak Baiona aldera itzuri eta ez ziren hirira itzuli 1637ra arte, hau da, espainolak handik igorri zituzten arte. Ziburun ere gauza bera gertatu zen. 600 etxe ziren urte hartan eta espainolek 437 erre eta birrindu zituzten. Zalantzarik gabe, gertaera latz hauek zer ikusi handia izan zuten kostaldeko hiri hauek ezagutu zuten biztanle-gabetze prozesu azkarrarekin.

Hasiera-hasieratik arrantzaren jarduerarekin loturiko lanbideetan aritu ziren. Gizonezkoak arrantzale eta marinel aritu ziren eta emaztekiak arrain-saltzaile. Azken hauek urrutira joaten ziren arrainez betetako saskia edo otarra buru gainean zeramatela. Baiona aldean ainitz saltzen omen zuten eta oihuka, buru gainean zeramaten arrain freskoa iragarriz, ibiltzen ziren karrika batetik bestera.

Kaskarotek euren arau eta legeak zituzten eta horien arabera antolatzen ziren. Elizkoiak ziren, batez ere, emazteak, eta Bordagainen heien eliza zeukaten. Gainerako biztanleekin harreman onak zituzten eta aski integratuak ziren XVIII. mendeko Lapurdiko gizartean.

1727an eta 1802an hainbat lege atera zituzten buhameen aurka, baina bietan kostaldeko lapurtar agintariek etxerik gabeko buhameen eta etxeetan bizi ziren kaskaroten artean bereizi zuten. Ondorioz, lege horiek ez zieten kaskarotei ezertan eragin.

XIX. mendean gainerako lapurtarrekin nahasi ziren eta XX. menderako kaskaroten kontua iraganeko oroitzapena zen. Pittaka-pittaka kaskarot hitza zabaldu egin da eta gaur Donibane eta Ziburuko biztanle guztiei deitzeko erabiltzen da.

2.- Kaskarotak Lapurdiko folklorean

    Hastapenetatik kaskarotak eta fandangoa loturik izan direla dirudi. Izugarri maite zuten eta karrika eta plazetan, edozein bazterretan, aritzen ziren dantzan. Badira fandangoa kaskarotek Ziburura ekarritako dantza dela erraiten dutenak. Ziburutik gero gainerako herrietara zabaldu omen zen. Dantza izugarri maite zuten eta besteetarako zintzarriz eta koloreetako xingolez apainduriko arropa xuriaz janzten ziren. Kapelu xurietan ere zintzarriak eta xingola koloredunak ezartzen omen zituzten. Emazteak, berriz, zintzarriz eta koloreetako xingolez apainduriko soineko xuriaz janzten ziren. Buruan, ileen artean, liliak jartzen omen zituzten.

    Biziki alegerak ziren eta bestetako eta ihautetako taldeetan dantzari ibiltzen ziren, aitzinean gehien bat, segizioko gainerakoei dantzen bidez bidea zabalduz. Denborarekin Lapurdiko eta Baxenabarreko gazteek horrelako aitzindariak sartu zituzten eskean edota besta giroan ibiltzen ziren taldeetan. Kaskarotek horrelakoetarako erabiltzen zituzten jantzi berak erabiltzen zituzten eta XVII. mendetik aitzina ohikoak izan dira Lapurdiko eta Baxenabarreko herrietan. Gaur egun ere, horrela deitzen zaie ihauterian edota bestetan karrikaz karrika eta plazaz plaza etengabean dantzatzen aritzen diren zintzarriz eta koloreetako xingolez apainduriko arropa xuriaz jantzirik ibiltzen diren dantzariei.

    Thierry Truffaut ikerlariak erraiten digunez, hauen ohiko dantzak Kaskarot dantza, Makil dantza, Fandangoa eta Arin-arina izaten dira
Ainitzetan dantzarekin batera kantatu egiten zuten. Makil txikirekin honako hau: Hiru xito izan, lau galdu / xita horren ama zerk ereman du?/ Purra-purra egin nion bortatik / kokorozka egin zautan eltzetik / Gure xitoaren ama oiloa / azeriak kendu dio lepoa. Uztaritzen, besta giroko ibilaldietan honako irri-kantua abesten zuten: Biper eta tomate / baratxuri arroltz maite / barneko xixariek / ataka-ta-ka-ta-ka-tatzen naute.

    Ikusten dugunez, kaskaroten eragina handia izan zen lapurtaren artean, bai gizarte mailan eta baita folklorean ere. Gaur egun, kaskarotak ditugu Lapurdiko folkloreko pertsonaia nagusiak.


3.- Bi hitz kaskarot hitzaren etimologiaz

    Kaskaroten jatorria ez bada bat ere garbia, gauza bera gertatzen zaigu beren izenarekin. Era guztietako teoriak diren arren, ez dakigu zehazki nondik datorren. Ainitzek kaskarotak agotekin lotzen dituzte eta izena ere hortik datorkiela erraiten dute. Jacques Ospital idazle donibandarrak dioenez, behin donibandar zahar bati entzun omen zion haren ustez kasta arrotza hitzetatik zetorrela. Kaskarot kaskar hitzetik datorrela erran izan dute, kaskarotak itxura kaskarrekoak baitziren, meharrak, eta horregatik deitu ziten kaskarotak, hau da, kaskar + -ot, kaskar ttipiak alegia. Kaska arrotzak eta kaska arotzak hitzetatik datorrela defendatu dute beste batzuek,
garai bateko agotak biziki arotz trebeak baitziren.

    Emazte kaskarotak arrain-saltzaileak ziren, hitz jario handikoak. Oihuka ibiltzen ziren arraina saltzen. Horregatik, idazle zenbaitek diote Baiona aldeko kaskoinek kaskarot deitzen zietela, hau da, kaskoinen
mintzairaz, kalakari edo berritsuak.

    Thierry Truffaut-ek “Joaldun et kaskarot”  izeneko liburu ederrean bestelako teoria dakarkigu plazara. Badira kaskabil edo kaskabilo izeneko zintzarriak, eta kaskarotek heien jantzietan ezartzea maite zutenez, baliteke hortik etortzea euskaldunen eman zieten izena.

    Modu batean zein bestean, etimologia bat zein bestea, gauza da kaskaroten oroitzapena guztiz errotua gelditu dela lapurtarren iruditeria kolektiboan.

Artikuluak
Joxe Iriarte, Bikila
2018/10/18
Gutunak
Juan Manuel Erasun
2018/10/18
Ainhoa Irigibel Irotz
2018/10/18
Josu Jimenez Maia | Idazlea
2018/10/17
Javier Orcajada del Castillo
2018/10/17
Azken post-ak
Ander Edo
2018/10/18
Ander Edo
2018/10/18
Martin Garitano
2018/10/18
Martin Garitano
2018/10/17