Kirrinka egiten duten errailak
Beste behin ere «merkantzien garraioa eta Nafarroako garapen ekonomikoa bultzatzeko» abiadura handiko trena (AHT) Nafarroan ezartzeko beharra justifikatzen dutenen faltsutasuna agerian geratu da. Bi berrik egiaztatu dute hori. Uztailaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Etxabakoitzeko udalaz gaindiko eraginda duen plan sektorialaren moldaketarako aldeko ingurumen adierazpena argitaratu zen. Eta egun horretan berean, Noaingo Teminal Intermodal berria inauguratu zuten.
Errailen kirrinka urrutitik aditzen da. Alde batetik, aurrerapauso bat eman da Iruñeko AHTren geltokia garatzeko plan sektorialaren izapidetzean, onura pribatua helburu bakartzat duten 11.000 etxebizitzaren eraikuntza eskutik dakarrena, non eta behin eta berriz uholde-arriskutzat jotako zona batean. Beste aldetik, Nafarroako eta Espainiako Gobernuetako, Adifeko eta Bartzelonako Portuko ordezkariek tren-korridore berria inauguratu zuten, Nafarroako enpresak portu katalanarekin lotzen dituena. Hau da, Nafarroako enpresak ez daude AHTren zain, ezta beharrik ere, haien «lehiakortasuna eta nazioartekotze planak» garatu ahal izateko, Maria Chivitek inaugurazio egunean esan bezala. AHTk salgaiak garraiatzeko balio ez duelako beste erakuskari bat.
Izan ere, hauxe izan da urte luzez Nafarroan AHTren eraikuntzak ekarri duen eta ekartzen jarraituko duen alferrikako xahuketa justifikatzeko erabili izan duten argumentu erantzunezina. 2012. urtean Yolanda Barcinak esan zuen AHT «negoziorako aukera» zela eta «bidaiariendako trena besterik ez balitz, ez lukeela zentzurik», baina «Bartzelonako Portutik merkantziak ekarriko» zituela. Bide beretik, Nafarroako Enpresarien Konfederazioko buruak, Jose Antonio Sarriak, 2017an adierazi zuen «bidaiariendako eta salgaietarako AHT ezinbestekoa» zela Nafarroarentzat. Urte honetan berean ere jarraitu izan du AHTren aldeko Plataformak obra hauek justifikatzen esportazio gehiago eta portuekiko konektagarritasun handiagoa ahalbidetuko duelako. Bada, AHT Nafarroa mundu mailan ekonomikoki lehiakorra egiteko beharrezko azpiegitura dela dioen argumentua baliorik gabe geratu da argiki.
Noaingo Terminal Intermodalaren inaugurazioak astean bost lotura izanen ditu Bartzelonako Portuarekin eta handik nazioarteko 200 portu baino gehiagotara lotuko du Nafarroa. Horrek guztiak bagenekiena berretsi digu: Nafarroako egungo trenbide azpiegitura gutxiegi erabiltzen zela. Horixe bera ohartarazi genuen Sustrai Erakuntza Fundazioak 2019an argitaratutako “Abiadura handiko trenbidea eta salgaien garraioa” txostenean. Dokumentu horretan frogatzen zenez, ohiko bideak salgaien garraioaren bolumena hirukoizteko gaitasuna zuen, eta, ondorioz, alferrikakoa zen AHT bezalako azpiegitura berri bat eraikitzea.
Herritarrok hasieratik engainatu gaituzte. Hasiera-hasieratik AHT bidezko merkantzien garraioa teknikoki eta ekonomikoki ezinezkoa zen. Salgaien garraioak, batez ere salgai astunenak, hau da, gehien garraiatzen direnak, izugarrizko higadura eragiten du trenbide eta errailetan. Eta horrek arrisku handia eta mantentze-kostu neurrigabeak sortzen ditu, zeinak prezio altuak baitakartza eta merkataritza-jarduera uxatzen baitu. Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioak berak ere adierazi zuen, 2009ko “Garraio Sektoreko Memorandumean”, abiadura handiko lineak ez zirela fidagarriak, ezta salgaiak garraiatzeko egokiak ere. Orain, Nafarroako enpresa munduak Bartzelonarekiko loturaren iragarpenarekin egin duen urratsarekin, AHTren erreien kirrinka argiago entzuten da eta honek guztiak gure hipotesia berretsi du.
Noaingo Terminal Intermodalaren inaugurazioak agerian uzten du Nafarroan AHTren eraikuntza ez dela beharrezkoa. Hala ere, obra kolosal honen eraikuntza lanek eta izapidetze prozesuek aurrera jarraitzen dute. Eta salgaien inguruan esaten duguna, pertsonen garraioaren inguruan ere esaten dugu: egungo azpiegitura hobetuta eta zerbitzuz eta geltokiz osoki hornituta, mugikortasunaren behar sozialei, herrietako bizi-baldintzen hobekuntzei eta garraio pribatuaren murrizketari hoberen erantzuten dien alternatiba da. AHTk, baliabide ekonomiko publikoen kontsumo erraldoiarekin, ohiko trenaren narriadura, zorpetze itzela eta zentzurik gabeko ekintzetarako baliabide publikoen bideraketa ekarriko ditu.
Zentzugabekeria horren aurrean, ekainean 260 talde eta antolakunde politiko, sozial, sindikal eta kulturalekin batera egin bezala, honakoa eskatzen dugu: diru publikoetan zulo beltza den obra megalomano hau gelditzea, jadanik eraikita dagoena desegitea, afektatutako espazio naturalak eta nekazaritza lurrak lehengoratzea eta izaera publiko, sozial eta jasangarria duen egungo tren-azpiegitura hobetzea.