Iñigo Odriozola
Donostiako Zero Pobrezia Plataforma

Klima-aldaketak dena aldatzen du

Egoera honi buelta emateko guztion parte-hartzea beharrezkoa da, bakoitzak bere esparrutik, eta bereziki herrialde aberastuen inplikazioarekin

Klima-aldaketa da munduko migrazioen kausa nagusia. 64 milioi pertsonak utzi behar izan dute beren etxea klima-aldaketaren edo ingurumenarekin lotura duten arrazoien ondorioz, besteak beste, tenperaturen gorakada drastikoa, orokorrean habitataren degradazioa, uholdeak laborantzarako erabiltzen ziren lurretan, uren kutsadura, deforestazioa eta desertifikazioa, baita muturreko tenperaturak eta klima-baldintzei lotutako hondamendi naturalak ere. Kontestu honetan eta NBEren arabera, 20 urteren buruan klima-aldaketarekin lotutako arrazoien ondorioz lekualdatutako 1.000 milioi errefuxiatu baino gehiago egongo dira.

Fenomeno horrek bereziki emakumeei eragiten die; izan ere, ingurumen edo klima-arrazoiengatik lekualdatutako munduko pertsona guztien % 80 inguru emakumeak dira. Lehorteen, lurrak pobretzearen eta desertifikazioaren ondorioz, gero eta zailagoa da familientzako mantenua lortzea, eta hori emakumeen lana izaten da gehienetan. Horrek eragina du, gainera, eskolan igarotzen duten denboran, eta nekazaritza lan gogorrera dedikatu behar duten denbora ere biderkatzen da. Bestetik, migrazio-prozesuan bertan, emakumeak eta neskatoak izaten dira sexu-indarkeriaren eta pertsonen trafikoaren biktima nagusiak.

Klima-aldaketa sistema kapitalistaren eta egungo garapen-ereduaren ondorio zuzena da, etengabeko produkzioan baitago oinarrituta (material eta energia mugatuen menpe). Horrek guztiak milioika pertsonak migratu behar izatea eragiten du, eta eragotzi egiten die beren lurraldeari lotutako bizibide iraunkor bat izatea. Horren adibide dira Afrikan izaten ari diren gatazkak eta lekualdaketak, zenbait ondare natural falta direlako, hala nola ura, eta hori larriagotzen ari da klima-aldaketaren ondorioz. Hain zuzen ere, herrialde pobretuak dira eragin gutxiena dutenak munduko beroketan, baina, paradoxikoki, haiek sufritzen dituzte haren ondorioak eta egungo sistemaren eta garapen-ereduarenak.

Urriaren 17a Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna da. “Klima-aldaketak dena aldatzen du” lelopean, Donostiako Zero Pobrezia plataformak, 21 elkarte eta gizarte mugimenduz osatuta dagoena, eta Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak, 79 garapenerako GKE bere barne dituenak, erakundeei eta, oro har, gizarteari, mobilizatzeko eta konpromezuak hartzeko deia egiten diegu. Hauen bitartez, pobrezia eta desberdintasunak desagerrarazteko neurri zehatz eta eraginkorrak martxan jartzeko eta ingurumen-iraunkortasunaren, gizarte-justiziaren eta ekitatearen alde borroka egiteko.

Halaber, nazioarteko itunek ingurumenari lotutako arrazoiengatik migratzen duten pertsonen estatus juridikoa aitor dezatela eskatzen dugu. Nazioarteko komunitateari exijitzen diogu, betebeharrak betetzen ez direnean aplika ditzala karbono-isurketei muga jartzen dieten ekintza politikoak eta, neurri zehatzen bidez, susta ditzala ingurumenerako jasangarriak, sozialki justuak eta ekitatiboak diren eredu sozioekonomikoak. Europan migrazioari, asiloari eta muga-kontrolari lotutako politika zuzenak, etorrera, harrera eta asiloa bide seguru eta legezkoen bitartez egingo dela bermatze aldera ere eskatzen dugu, baita baliabide naturalen kudeaketa zuzen eta jasangarri bat, landa-komunitateen eta komunitate indigenen iraunpena bermatzeko. Azkenik, munduko klima-ekintzetan eskubide eta justizia klimatikoa lantzeko orduan genero-ikuspegia kontuan har dadila eskatzen dugu baita.

Egoera honi buelta emateko guztion parte-hartzea beharrezkoa da, bakoitzak bere esparrutik, eta bereziki herrialde aberastuen inplikazioarekin. Ezin dugu ezer egin gabe geratu; izan ere, planeta eta bertan bizi diren pertsonak, gure ekonomien eta egungo bizimoduaren menpe daude. Honengatik, pobreziaren aurkako plataforma eta sare desberdinek Euskadin, bizi-martxa, hitzaldiak, antzerkia, mobilizazioak eta zineforumak antolatu ditugu eta ekintza hauetan herritarrak parte-hartzera gonbidatzen ditugu. Badaukagu denon artean zer aldatu!

Bilatu