Kike Fernandez de Pinedo
EH Bildu Araba Batzarkide Taldeko bozeramailea

Klima Araba 2050: aukera galdua

Ezin dugu konformistak izan. Klima larrialdi honetan anbizioz jokatu beharra dago. Ez dago beste aukerarik. Araba erronka klimatikoaren abangoardian ikusi nahi genuke, baina tamalez, plan honekin Europako tropelaren azken postuetan jarraituko dugu.

Klima aldaketaren ondorioak gero eta agerikoagoak dira. Egunotan jasan dugun beroaldi itogarriak ohartarazten gaitu, berandu izan baino lehen, neurri ausartagoak hartu behar ditugula larrialdi klimatikoaren aurrean. Testuinguru honetan Diputazioak aurkeztu digu, Arabako Batzar Nagusietan, "Klima Araba": lurraldea 2050. urterako deskarbonizatzeko plana. Txosten hau "Mugarri Plana" ordezkatzera dator, baina, aurrekoa aho batez onartu zen bitartean, oraingoak PPren babesa baino ez du lortu. Zergatik gertatu da hori?

Lehenik, plana osatu bitartean buruturiko prozesu parte hartzailea oso eskasa izan da, eta ez du inola ere lortu estrategikoa den plangintza hau gizarteratzea edo interesa piztea. Oposizioko taldeekin ere ez da elkarlanik eman, eta egin den apurra presaka egin da. Horrekin batera, gogoratu behar da aurreko "Mugarri Plana" 2009. urtean onartu zenean, orain bezala, kezka handia eta eztabaida ugari zeudela iragartzen ari ziren hamaika proiektu eolikoren aurrean. Horregatik, plan horretan adostu ziren kokapenetarako irizpideak, leku antropizatuak lehenetsiz, salbuespen eremuak finkatuz, sorkuntza banatuko energia sustatuz… Zer egin du oraingo planak? Hau dena ezabatu. Ika-mika gehien sortzen duen gaia saihetsi, Diputazioaren eskumena ez dela aitzakiapean. Arabak ez du ezer esaterik horretan? Benetan?

Foru Gobernuak aurkeztutako planaren edukia aztertuta, gaur egungo egoeraren diagnosi zabala eta klima aldaketari aurre egiteko eta haren ondorioak arintzeko ildo interesgarriak proposatzen ditu, baina urrun geratzen da klima larrialdiak eskatzen duenetik. Izan ere, azken boladan IPBES bezalako elkarte eta adituak mezu argia ematen ari dira; hots, lehenbailehen aldaketa sistemiko, sakon eta eraldatzaileak eman ezean, nekez saihestuko dugula kolapso klimatiko eta soziala. "Klima Araba", tamalez, ez dago klabe horretan.  Konpromiso eta anbiziorik gabeko deklarazio berdetik gehiago du, benetako bide orri eraginkorretik baino.

Planak ez du helburuak neurtzeko eta ebaluatzeko adierazle zehatzik. Energia kontsumoa murrizteko neurriak ez dira batere ausartak. Horrela, kontsumitzaile eremu handienak, garraioa eta industria, apenas ukitzen dira. Efizientzia energetikoaren arloan motz geratzen da, eta guztiz epela da CO2ko isurketen murrizketari dagokionez. Pentsa: Europak eta Jaurlaritzak onartua dute urtero %7 murriztea 2030. urterako %55eko murriztapena lortzeko. Horixe zehaztea eskatu genuen emendakin batean, eta ez dute onartu, eta horren ordez, urtero %5eko murrizketarekin konformatzea proposatu dute. Horrela ez goaz inora.

Tokiko energia sorkuntza eta autokontsumoa energia sortzeko modu demokratikoena eta erresilientea izanik, Diputazioa bezalako erakunde publiko batentzat lehentasunezkoa izan behar zuen. Baina, tamalez, hori ez da islatzen plan honetan. Ez filosofian, ez ekintzetan. Horrela, adibidez, hamar urtetan etxe-eraikinetako teilatuetako %50ean eguzki plakak jartzeko aurkeztu genuen emendakina, gainerako guztiak bezala, baztertu dute. Era berean, Arabako herriak komunitate energetikoak eta autokontsumo formulak sustatzeko oso aproposak izan arren, ez da apustu sendorik egiten. Badirudi Gobernu honi, «euskal» enpresa energetiko ezagun bati bezala, ez zaiola herritarren ahalduntze energetikoa gustatzen.

Foru Gobernuaren aldetik ahalegin handiagoa espero genuen, gutxienezko puntu batzuen inguruan adostasuna lortzeko. Baina ez, akordio zabal bat lortzea zapuztu dute. Aitortu behar da, hala ere, ez gaituela sobera harritu, energia arloan EAJ eta PSEk gidatutako erakundeen eguneroko politika kezkagarria eta okerra ikusita. Adibideak ez dira falta.

Berotegi efektuko isurketen eta energia kontsumoaren murrizte erritmoa motelegia da. Bioaniztasuna babesteko politiketan epel ari dira. Diputazioak zein Jaurlaritzak jarraitzen dute nekazaritza eredu agroindustrial intentsiboaren alde apustua egiten. Gai dira egun batean berriztagarrien alde agertzeko, eta hurrengoan, lotsatu gabe energia nuklearra eta gasa energia berde izendatzearen alde bozkatzeko. Berriztagarrietan zaila da gauzak okerrago egitea. Hiru urte hauetan bidea eman diote enpresa pribatuen hamaika makro proiektu eoliko eta fotovoltaiko jartzeari Araban, inongo planifikaziorik eta irizpiderik gabe. Far west estiloan. Batzuei alfonbra gorria jarriz, eta beste batzuei EVEren parte hartzea bermatuz.

Hala eta guztiz ere, "Klima Araba" planarekin bagenuen esperantza txiki bat, eta hamabi emendakin aurkeztu genituen planaren gabeziak zuzendu asmoz. Alferrik izan da. Ez digute proposamen bakar bar ere onartu. Ondorioz, onartutako planak, gure ustez, ez du balio Arabaren deskarbonizazio lortzeko, ezta larrialdi klimatikoari behar bezala erantzuteko. Aukera galdua, aukera zapuztua da plan hau.

Gai honetan ezin dugu konformistak izan. Klima larrialdi honetan anbizioz jokatu beharra dago. Ez dago beste aukerarik. Araba erronka klimatikoaren abangoardian ikusi nahi genuke, baina tamalez, plan honekin Europako tropelaren azken postuetan jarraituko dugu. Ezin dugu, hala ere, amore eman. Bioaniztasuna babesten eta Araba zein planeta ahalik eta azkarren deskarbonizatzen ahalegintzen jarraituko dugu. Ildo horretan, EH Bilduk bere proposamena egin du, "Araba Zero Karbono", eta herrialdeko eragile politiko eta sozialei dei egin diegu premiaz adostasunetara heltzeko. Tamalez, ez dugu erantzunik jaso. Baina ezin dugu denbora galdu, etorkizuna jokoan dugu eta.

Bilatu