Jon Iurrebaso Atutxa
ETAko euskal preso politiko ohia

Kolektiboak hartutako erabakiaren inguruan

Alderdiek, kolektiboek edo espetxean nahiz “kanpoan” dauden militanteek hartutako jarrera politikoen aurrean dugun iritzia edozein dela ere, ideia, kokatze eta dinamika politikoei buruzko eztabaida, gure ustetan, gutxieneko irizpide batzuei loturik egon beharra dago.

Dimentsio publikoari dagokionez, errepresioak baldintzatzen badu ere, hurrengo hauek dira, gure aburuz, eztabaida politiko orok izan beharko lituzkeen premisa eta betebeharretako batzuk: edozein mintzakideren aurrean iritzia emateko buruaren jabe izatea, ados ez gaudenekiko errespetua, kritika eta autokritika egiteko prest izatea, ikuspuntuak adierazteko mugarik ez jartzea, norberaren jarreraren kasuan nahiz hirugarrenei egiten zaizkien kritiken kasuan.

Esanak esan, EPKK-ren gehiengoak hartutako erabakiaren inguruko aipamen bat edo beste egingo dugu modu laburrean bada ere, bada, Espainia eta Frantziako espetxe-politikari heltzeko banakako hautua egin dute, espetxe-onurak eskuratzeko edo, hala badagokio, kartzelatik  banaka ateratzeko.

Praktikan eta erabakiaren mamiari erreparatuz gero, ez dira Amnistiaren parametroak kontuan hartzen, bai zentzu taktikoan (errepresaliatu guztiak etxera itzultzea) bai zentzu estrategikoan (Euskal Herriaren eskubide nazionalak eta sozialak aitortzea). Ondorioz, errepresioaren noriak biraka segituko du gelditu gabe eta, lehenbiziz, ez diogu aurre egiten Euskal Herriarentzako independentziaren eta sozialismoaren, hau da, Amnistiaren aldeko borroka erabiliz.

Horrez gain, ez da soilik kartzelei dagokien kontu bat, izan ere, badela denbora, Sortu indarrezko legalitatean kokaturik dagoela, eta ETAk jarduna bertan behera utzi duela eta beraren armagabetzea gertatu egin dela. Estatuei aurre egiteko zirkulu politikoa itxi egin da. Hemendik aurrera Ezker Abertzale Ofizialak, eta bere mendean dagoen orok, espainiar eta frantses legalitatearen parametroen pean jardungo du soil-soilik.

Gure etsaien legeriari men egin eta heltzeko erabakiak iraganaren eta geroaren arteko mugarria ekartzeaz gain, etorkizuna baldintzatzen du nola edo hala, alegia, Euskal Herria sozialistaren alde borrokatzeagatik espetxeratuak izango diren euskal militante berrien etorkizunaz ari gara.

Halako erabakiak hautsi egin du EPPK kolektiboaren batasuna, eta hemendik aurrera norberaren lehentasuna modu indibidualean kartzelatik ateratzea izango da, baterako borroka-dinamikak edo borroka-dinamika kolektiboak galaraziz.

Era berean, halako erabakiak solidaritate eza itzela izan da barruan egoerarik kaskarrenean dauden Euskal Preso Politikoentzat. Jakin ondo dakigu Espainiako (Frantziako) Barne Ministerioak eta haren menpeko Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak errepresioaren edo kontzesioen erritmoa markako dutela, hau da, “zuri hauxe emango dizut eta zuretzat, ordea, hauxe kenduko”. Halako egoera ikusita, zer gerta daiteke?

Gure iritzirako, etsaiaren legalitatean oinarritzen den edozein estrategia politiko etsaiaren beraren menpe egongo da beti, inolako salbuespenik gabe. Baldin eta etorkizunean Euskal Herria sozialista ikusi nahi badugu, amnistia dugu horretarako aukera bakarra.

Dena eman behar dugu bide horretatik, kaletik, eta indar guztiak jarri behar ditugu amnistiaren aldeko borrokan. Horixe izan behar du gure elkargune eta, guztion gogoak batuta,  hortxetik abiatu behar dugu irtenbidearen bidean, baina borrokak bakarrik ekarriko digu behin betiko amaiera, nahiz eta, lortutakoa defenditzearren, biharamunean borrokari eutsi behar diogun.

Bilatu