Isidro Esnaola
GAUR8

Komunikazioa Europako Banku Zentralaren arabera

Interneten norabide argirik gabe nabigatzen, Europako Banku Zentralaren txostentxo bat topatu dut. Gaiak nire arreta erakarri du: “Komunikazio politikoaren eragina estatu bonuen prezioan”. Draghik zuzentzen duen instituzioak politikarien diskurtsoek estatuen arrisku primetan duten eragina neurtzeko azterketa bat egin du. Bitxia, zalantzarik gabe.

2009tik 2011ra bitartean zabaldu ziren 25.000 berri aztertu dituzte. Horietan Europar Batasuneko zein estatu kideetako ordezkariek esandako hitzak jasotzen ziren. Material horrekin guztiarekin diskurtsoen eta estatu bonuen bilakaeraren arteko harremana topatzen saiatu dira. Zaila da horrelako ahalegin baten benetako emaitza baloratzea, hala ere, kalkuluak egiteko ahalmen handiko ordenagailuak ditugun garaiotan, jendeari horrelako ariketak egitea gustatzen zaio; kalkulu handiek, gainera, oihartzun berezia ematen diote beti azken emaitzari.

Txostenaren egileen ustez, diskurtsoen eta estatu bonuen arteko harremanak Europar Batasunean beste lekuetan baino argiagoa izan behar luke hiru arrazoiengatik. Lehenengoa, Europar Batasunean debekatuta dago zor publikoaren balioa gutxitzea diru kopurua handituz, hau da, dirua jaulkiz. Are gehiago, dirua jaulkitzeko ahalmena estatuz gaindiko instituzioetan kokatuta dago eta horrek estatuen eta estatuz gaindiko instituzioen artean tentsioak sortzen ditu. Bigarrena, moneta bakarraren bidez lortu den interdependentzia ez dator bat integrazio ekonomiko, politiko eta finantzarioarekin. Tentsiorako beste arrazoi bat. Hirugarrenik, Europar Batasunean erabakiak hartzeko modua oso konplexua da, ulergaitza, bai bertakoentzat bai kanpokoentzat ere. Hiru ezaugarri horiek joko zelai zabala irekitzen dute diskurtso politikoen eragina aztertzeko.

Ondorioek lehen kolpean nahiko logikoak dirudite. Lehen ondorioa honakoa da: eragin handiagoa du diskurtsoen konnotazioak kopuruak berak baino. Hala, mezu positiboek arrisku prima txikitu dute; negatiboek, aldiz, handitu. Adierazpen negatiboek egoeraren inguruko ikuspegi ezkorra indartu egiten dute. Horrela, bere horretan betetzen den iragarpena osatzen dute. Gainera, “bakarrik berri txarrak dira onak” esamoldea jarraituz, adierazpen negatiboen indarra biderkatu egiten da komunikabideek berrien hautaketa egiten dutenean. Gauza berdina esan dezakegu ikuspegi baikorra nagusitzen denean: berri positiboek nagusi den ikuspegia indartzen dute eta hori da, hain zuzen ere, burbuila lehertu aurretik gertatu zena.

Bigarren ondorioak lotura handia du goian aipatutako berriak hautatzeko moduarekin: adierazpen negatiboen eragina askoz handiagoa da adierazpen positiboen eragina baino. Zenbait kasutan, adierazpen ezkorrek erabat itzaltzen dituzte mezu positiboak. Hori dela eta, ondorio argia ateratzen dute dokumentuaren egileek: Eurotaldeko kideek diziplina handiagoa erakutsi behar lukete euren adierazpen publikoetan, batez ere, adostutako erreferentziazko terminoak erabiliz. Eufemismoz beteriko gidaliburua jarraitu behar luketela Eurotaldeko kideek, alegia.

Hirugarren aurkikuntza honakoa da: estatuz gaindiko instituzioetako ordezkarien diskurtsoen eragina estatuetako ordezkariena baino askoz positiboagoa da. Ez daude estatu jakin bateko politika nazionalean murgilduta, eta, gainera, ez dituzte zuzenean aukeratzen. Bi ezaugarri horiengatik diskurtso positiboak egiten dituzte. Gainera, garrantzizko postuak betetzen dituztenez, egoera delikatuetan euren interbentzioak ondo prestatuko balituzte, askoz eraginkorragoak izango lirateke oraindik ere. Gainontzeko politiko guztiak isilik geratuko balira askoz hobe litzatekeela esatea bakarrik falta izan zaie. Txostenaren egileak beraiek ere egin duten “sakoneko” azterketa irakurri ondoren aipatutako ondorio horretara irits daitekeela konturatu direla dirudi, bai behintzat amaieran sartu duten bukaerako argibidea ikusita. Izan ere, azken paragrafoan diotenez, ez da onargarria demokrazia liberaletako gizarte irekietan diskurtso politikoak merkatuetan izan ditzaketen eraginak indargabetzeko leuntzea. Ezinezkoa dela diote, baina horrela izatea gustatuko litzaieke. Zertara dator bestela “azterketa” hau?

Bilatu