Konplizitaterik ez, errepresiorik ez
Duela urtebete, 80 herrialde baino gehiagotako 4.000 pertsona inguru Egiptora joan ginen helburu argi batekin: Rafahra iritsi, Palestinako herriak jasaten duen blokeoa hautsi eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren salaketa nazioarteko agendaren erdigunean jartzea. Agintarien erantzuna errepresioa izan zen. Ehunka pertsona deportatu zituzten, beste batzuk atxilotu eta arbitrarioki atxiki zituzten. Erasoak, mehatxuak, larderia eta oinarrizko eskubideen urraketak jasan genituen nazioarteko elkartasuna gauzatzen saiatze hutsagatik.
Hala ere, Rafahra iristea lortu ez izanak frustrazioa ekarri zuen, baina ez porrota. Esperientzia hark utzi zigun amorrua antolakuntza, konpromiso eta mugimendu bihurtu zen. Erabaki hartatik sortu zen lehen Global Sumud Flotilla, genozidioaren eta blokeoaren aurkako nazioarteko desobedientzia zibileko ekintza.
Azken urte honetan, Palestinarekiko elkartasunak hazten jarraitu du munduko txoko guztietan.
Milioika pertsona kalera atera dira sarraskia salatu, okupazioaren amaiera eskatu eta Palestinako herriarentzat justizia eskatzera. Baina, aldi berean, beren burua antolatu eta salatzen dutenen aurkako errepresioa nola areagotu den kezkaz ikusi dugu. Sionismoaren eta okupazioari eusten dioten interesen adarrak Palestinako mugetatik askoz urrunago iristen dira.
Solidaritatearen kriminalizazioak, atxiloketa arbitrarioek, poliziaren indarkeriak, eraso fisikoek, torturek eta ekintzaileen aurkako sexu erasoek agerian uzten dute sistema horri eusten diotenek edozein ahots kritiko isilarazi nahi dutela.
Horregatik diogu Palestina gizateriaren kausa dela. Han gertatzen dena ez da gatazka urrun bat, ezta besteren tragedia bat ere. Zuzenean interpelatzen gaitu. Globalki pentsatzera eta tokian-tokian jardutera behartzen gaitu. Irabaziak dituzten erakunde konplizeak, beste aldera begiratzen dutenak edo genozidioa zuritzen dutenak seinalatzera behartzen gaitu. CAF, ITP Aero, Sener, SAPA, Aernnova..., okupaziotik eta gerra industriatik etekinak lortzen dituzten erakundeak seinalatu behar ditugu. Zentro teknologikoek eta unibertsitateek (EHU barne) ente sionistarekin izandako lankidetza eta harremanak ere salatu nahi ditugu.
Erantzukizunak eskatzen dizkiegu erakunde publikoei, hala nola Eusko Jaurlaritzari, Osakidetzari eta Ertzaintzari; eta sionismoarekiko lankidetza oro amai dadila eskatzen dugu, ez dadila diru publikorik erabili gerra industriari eusteko, ezta okupaziotik, apartheidetik eta Palestinako herriaren aurkako genozidiotik etekina ateratzen dutenei eusteko ere.
Era berean, funtsezkoa da guztion eskura dagoen eguneroko borrokarako tresna indartzea: boikota. Oso baliabide indartsua baitugu poltsikoan: boikot ekonomikoa, kulturala eta politikoa.
Kontsumo erabaki bakoitza, okupazioan inplikatutako enpresekin, erakundeekin edo produktuekin hausten den lotura bakoitza, presio modu zehatz bat da. Boikota ez da sinbolikoa: erresistentzia zibileko estrategia historikoa da, apartheidaren eta genozidioaren erantzuleak isolatzea eta haien botere egiturak ahultzea bilatzen duena.
Hilabete hauetan ikusi ditugun gertakariek erakusten dute erakunde sionista noraino iristeko prest dagoen salaketak isilarazteko. Palestinan, biztanleria zibilaren aurkako indarkeria gora egiten ari da, bereizi gabeko bonbardaketekin, azpiegitura sanitario eta zibilen aurkako erasoekin, eta bizirik erretako pertsonen eszena jasanezinekin. Horrek agerian uzten du Palestinako herriak pairatzen duen zigor kolektiboaren tamaina. Nazioarteko aktibistak atxilotu, jipoitu, torturatu eta espetxeratzeko gai badira, horien “delitu” bakarra sionistak egiten ari diren krimenak salatzea izanik, kezkaz pentsatu behar dugu egunero zer gertatzen den okupazio eta espetxeratze erregimen baten mende dauden milaka eta milaka palestinarrekin.
Hori dela eta, preso palestinar guztiak berehala askatzea exijitzen dugu, horietako asko kargurik eta epaiketarik gabe espetxeratu baitituzte atxiloketa administratiboaren erregimenean. Egun hauetan, Hussam Abu Safiya doktorearen irudi ikaragarriak ikusi ditugu.
2024an atxilotu zuten, bere lanbidean setiopean jardun zuelako, bonbardaketen erdian biziak salbatu nahian. Irudiek narriadura fisiko nabarmena eta tratu txarren zantzu larriak erakusten dituzte, eta kezka handia sortzen dute haren osasun egoeragatik eta kartzelako kondizioengatik.
Era berean, Tunisiako Global Sumud Flotillako kideak eta Libiako lurreko konboiko kideak legez kanpo atxilotu izana salatzen dugu. Palestinako herriaren eskubideak defendatzen dituztenen aurkako jazarpenak ez du etenik, baina gure elkartasuna ere ez da etengo.
Genozidioaren, okupazioaren eta apartheidaren aurrean, gure erantzunak antolaketa, presio politikoa eta nazioarteko elkartasun handiagoa izan behar du. Izan ere, Palestinak aurre egiten dion bitartean, gure erantzukizuna da salatzen jarraitzea, mobilizatzen jarraitzea eta basakeria horri eusten diotenen zigorgabetasuna desagerrarazteko gai den mugimendu zibila eraikitzen jarraitzea.
Elkartasuna ez da delitua. Isiltasuna, genozidio baten aurrean, konplizitatea da.