Iñaki Altuna
GAUR8

Konponbidea, gaur, indartsuagoa da

Asteari zeharka begiratzea du helburu atal honek, baina, gaurkoan, begiratu baino, traza iragarri behar izan diogu; ohi denez, ostegunez itxi baitzen GAUR8 errotatibako bidea hartzeko, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak Euskal Herrira egin beharreko bisitaren bezperan. Beraz, lerrook idazterako orduan, espekulazio asko eta datu gutxi zebilen dantzan hedabideetan, eta bozeramaile politikoen adierazpen eta (aurre)erreakzioak norberaren interesei erantzun zieten.

Jakin-min galanta, edonola ere. Konponbideko agendaren osagaia den armagabetzea hizpide bihurtu zuen bisitaren iragarpenak berak. Iragarpen horrek, gainera, Batzordeak esanahi edo funtzio berriak izan zitzakeela baieztatu zuen. Nazioarteko Batzordea 2011ko urtarrilean ETAk indarrean jarritako su-eten iraunkorra eta orokorra egiaztatzeko sortu zen. Horixe zen bere eginbeharra, aspaldi betea duena, behin baino gehiagotan baieztatu baitu ETAk bere konpromiso guztiak beteak dituela. Are gehiago, su-etenaz harago, borroka armatua behin betiko uztea ere erabaki zuen ondoren erakunde klandestinoak.

Bere funtzioa amaituta zuela-eta, hedabide batzuek nazioarteko bitartekaritza hori desagertuko zela zabaldu zuten, eta egoera hori ETAk aurrera segitzeko borondate ezari leporatu zioten. Aurreko irailean gertatu behar zen hori dena, hau da, Batzordearen amaiera eta nazioarteko eragileen desagertzea. Hala argitaratu zuten hainbat egunkarik. Bistan da iturri horien urak, enegarren aldiz, pozoia zuela. Justu kontrakoa gertatzen ari baitzen. Konponbide agenda garatu ahal izateko Nazioarteko Batzordea eta ETA beste aukera batzuk aztertzen ari ziren, eta harreman horren ondorioz iritsi da atzoko iragarpena ere.

Aurreko egunetan ETAk armagabetzean «jestu» bat egin zezakeela argitaratu du hedabide batek baino gehiagok. Ez dirudi, ordea, gertaera isolatuen garaia denik. Konponbide agendak prozedurak eta bideak behar ditu, armagabetzean eta baita beste gaietan ere, eragile ezberdinek horiekiko konpromisoak hartu eta urratsak egin ditzaten. Gero eta eragile gehiago, gero eta konpromiso sendoagoa eta gero eta urrats gehiago. Bai Euskal Herrian bai nazioartean. Foro Sozialetik sortutako batzordea aktibatu izanak –EPPK-ko bitartekariekin lehen bilera izan berri du– horixe bera erakusten du.

Ez dago Espainiako Gobernua asebeteko duen «jesturik». Are gehiago, oso posible da, atzo iragarritakoa gutxiesteaz gainera, kontrako bidean ekintzak egitea, «irtenbide poliziala» delakoaren nagusitasun osoa erakusteko asmoz. Bere gogo eta asmoa argi bezain garbi azaldu ditu Espainiako Gobernuak nazioarteko egiaztatzaileak estigmatizatzeko ahalegina bera ere indartu duenean. ETAren «konpartsa» hutsa direla esan du. Hori bai, arazoa izan dezake Madrilek konponbidearen alde egiten ari diren urratsek eta finkatzen ari diren prozedurek nazioartetik gero eta babes handiagoa lortzen badute. Gero eta «konpartsa» gehiago badaude.

Bakearen etsaiei arazoak pilatuko zaizkie euskal eragileek ere konponbidearen aldeko jokabidean sakontzen badute. Zentzu horretan ulertu beharko litzateke Sortuk EAJri eta Urkullu lehendakariari eginiko deia. Mezuak argia dirudi: albiste onak sumatzen direnean argazkirako plazara irtetea eta, bestela, egunerokoan maiz PPren edota PSOEren diskurtsotik hurbil ibiltzea oso jokabide politiko eskasa da. Aieteko Konferentziarekin gertatu zen.

Azken batean, atzoko agerraldiaren ondotik ere, berriz, bi errealitate azalduko dira. Bata, konponbidearen aldekoa, Euskal Herrian nagusi dena. Bestea, arazoaren ondorioei eta muinari irtenbidea emateko prozedura ordenatuak oztopatu nahi dituena, PPren Gobernuak itsuki gidatzen duena. Lehen errealitatea ‘Asteari zeharka begira’ hau idatzitako unean baino indartsuagoa izango da gaur. Blokeo eta inboluzio ekintza bortitzek ez baitute helburua lortu. Ez dute Euskal Herrian abiarazitako prozesua ito, beste bide batzuk aurkitzen jakin izan du-eta

Bilatu