Iñaki Soto
GAUR8

Kontuz hegemoniarekin, min eman dezake-eta

Hau argitaratzen denerako, hau idazten ari naizenean gutxi batzuek soilik omen dakiguna jakingo duzue: Josu Juaristi europar hauteskundeetarako EH Bilduk proposatzen duen hautagaia dela (hondamendirik ezean, noski, gertatuko denaz idaztea beti delako arriskutsua).

Horrexegatik, lehenik eta behin, berari eta koalizioari nire zorionik beroenak eman nahi dizkiet. Ikuspuntu kritiko batetik, Europaz asko eta ondo dakien pertsona da Juaristi eta europar gaietan Euskal Herriaren interesak ordezkatzeko hautagai bikaina iruditzen zait. Bestetik, maila pertsonalean, Josu kazetaritzaren mundua zabaldu zidan pertsona da eta sekula ez diot behar adinako esker ona agertu ahal izango esperientzia honengatik. Kexarik baduzue, jakina, errua nirea da.

Prozesu heldua eta hegemonia

Barka hartu dudan lizentzia, baina, gutxienekoa iruditzeaz gain, gaurko buruan nuen gaiarekin zerikusi zuzena zuen. Izan ere, ERCk Europara bere kabuz joateko hartu duen erabakiaz idatzi nahi nuen. Aurreko artikuluan agertoki hauek aztertu nituen eta hau haren jarraipen logikoa da. Errespetu internazionalistatik idazten dut, noski; nire hitzak parametro horietan ulertu behar dira.

Lehenik, ni alderdien zalea naizela aipatu nahi dut. Jarduera politikoan zentralak direla uste dut eta, akatsak akats, gizartean eragiteko bitarteko eraginkorrak iruditzen zaizkit. Orokorrean hauteskundeen alde ere banaiz eta, bien konbinazioa kontuan hartuta, alderdiak hauteskundeetara irabazteko asmoz aurkezten direla pentsatzen dut (adi, zenbaitentzat ideia hau exotikoa da). Helburu hori ez duen alderdirik ez dut nahi nik. Hegemonia ere garrantzitsua dela aipatu dut behin eta berriz. Nolanahi ere, epe motzean Euskal Herriarentzat agian interesgarriena izan ez arren, kataluniar blokearen alde egiten nuen nik. Nire ustez, kataluniar prozesua oso heldua dago eta horren arabera jokatu behar dute hango indarrek. Bloke hori osatu ezean (beraiek jakingo dute zergatik eta nola izan den), ideologikoki lerrokatutako bi bloke aurreikusten nituen nik: ezkerreko eta eskuineko alderdi abertzaleen aliantza bana. Azkenean, ez da horrela izan.

Nolanahi ere, hauteskunde ikuspuntu batetik, ERCren hautua zuzena izan daiteke. Inkestek bozketan gorakada handia ematen diotela dirudi. Boto horiek bi iturri izan ditzakete: alde batetik, subiranismoaren ikuspuntutik, errepublikarren eskaintza CDCrena baino «egiazkoagoa» izan daiteke, are gehiago CiU boterean dagoenean, krisi egoeran horrek dakarren zamarekin. Beste alde batetik, ezkerrera begiratuz gero eta PSCren porrota aurreikusita, subiranista sortu berrientzat ERC urrats logikoa da. Gauzak horrela, ERCren zuzendaritzan CiUri «sorpasso»-a eman diezaioketela uste dutela dirudi. Eta, agian, zuzen dabiltza. Helburu eta aurreikuspen horiekin, Estatuko gainontzeko nazioetako indar independentista eta ezkertiarrekin joatea «hanka-sartzea» da beraientzat. Logikoa.

Esan bezala, ordea, kataluniar prozesua oso heldua dago eta uneotan ANC da agenda markatzen duena, ez alderdiak. Hauen garrantzia ukaezina da, areago galdeketarako akordioaren ondoren, baina hein handi batean gizarte zibilaren atzetik doaz. Zentzu honetan, alderdien interesak babestea zilegi bada ere, herria eta prozesua lehenetsi behar dela uste dut. Hein handi batean Katalunian ERCren interes partikularrak (orain politiko-ideologikoez ari naiz) bermatuta daude eta subiranisten arteko hegemoniaren lehiak ez du ekarpen handirik egiten, nire ustez. Prozesuarentzat, ordea, hobea litzateke 2. frontearen irekieran laguntzea, are gehiago Europara begira, arazoa Estatua dela eta ez Katalunia argitze aldera.

ERCren erabakiaren lehendabiziko albo-ondorioa CiU-EAJ akordioa izan da. Euskal subiranistentzat hau ona dela uste dut, kataluniarrentzat ez nago ziur. Denborak esango du batzuk eta besteek asmatu ote duten. Asmatzea edo ez ez baita soilik erabaki egokiak hartzearen ondorio, erabakiak egoki kudeatzearen ondorio ere bada.

Bilatu