Kontzertuak ez dezala euskal dantza eragotzi
Pere Navarrok, PSCko idazkari nagusiak, ireki du oraingo honetan dantzaldia. Euskadiko Autonomia Erkidegoko kontzertu ekonomikoa eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa, biak ere bidezkoak ez diren pribilegioak direla eta beste garai bateko tradizio zaharrak ezin daitezkeela eskubideen iturri gisa hartu esan eta hautsak harrotu ditu.
Dantzatzeko gonbidapena onartuta, ziztu bizian atera zaizkio jelkideak lepora: EAEko kontzertua eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa bortxaz kenduriko soberania zabalago baten aztarna biziak direla, eta horiei esker, Hego Euskal Herriko herrialdeak enkaje eta erosotasun historiko eta juridikoa dutela Estatu espainiarrean. Are, horiek gabe, herri bezala den-dena galdu eta ezerezean urtuko ginatekeela jakitera eman dute. Nerbioen gerra disparatu da dagoeneko eta nabarmena dirudi Estatuaren eta lau herrialdeon arteko zerga eta finantza harremanak arautzen dituzten bitarteko horien gaineko zalaparta, Pere Navarroren xelebrekeria edo txotxolokeria baino, luzaroan gelditzeko etorri den mehatxua dela.
Kontzertuaren eta hitzarmen ekonomikoaren inguruko iskanbila zentralizazioa xede duen errekonkista eta lehengoratze bultzada baten, handitzen eta arriskutsuago egiten ari den bultzada baten azken oroigarria da. Irakaskuntzako Wert Legea, Administrazio lokalen erreforma egitasmoa, lan merkatuaren erreforma amaigabea… enbor bereko ezpalak dira. Eta hartara, kontzertua eta hitzarmen ekonomikoa totem egiteke, horien aurkako mehatxuak itsutzeke, komeni da zooma zabaltzea eta panoramika osoaz jabetzea. Kupoaren negoziaketa fasean zalaparta etorri izanagatik okerra litzateke-eta «eman behar duguna baino diru gehiago ematea» bilatzen dela pentsatzea. Funtsean ez delako kalkulu aritmetiko arazoa. Okerra den bezala, kontzertua EAJren lorpen historikotzat, frankismoaren trantsizio hartan hartu zen bidearen arrakasta frogatzen duen harri filosofal legez aurkeztea.
Konstatazio sinple batekin hastea hobe da: ate joka daukagun eta askoz ere zentralizatzaileagoa izango den erreforma konstituzional batek lurrera bota ditzake, edo are mainguago utzi, kontzertua eta hitzarmen ekonomikoa. Abertzale batzuentzat “euskal koroaren harribitxia” direnak hain hauskor eta zaurgarri izateak, berauek defendatzeko bideak eta indarrak lege espainiarren pean hain murritz izateak demostratzen du Euskal Herriak zer ez duen eta zer behar duen: erabakitzeko ahalmena. Eta etorkizun hurbilari begira argiro adierazten du non datzan gakoa: erreala den soberanian. Euskaldunon artean abiapuntu, adostasun eta akordio berri bat mamituko bada, herri subirano bati erliebe osoa emateko egitasmo bat martxan jarriko badugu, hor dugu oinarria. Finean, «bigarren trantsizioa» deitu dezakeguna eguneko menuan zerbitzatua dugu euskaldunok. Eta oraingoan aurrekoan gertaturikoa ez errepikatzea euskal indarren esku dago. Eta bestela, mistela. Orduan bai, madarika ditzagun orduan geure buruak.
Estatuaren jokoa distrakziorako ke-gortina amaigabeak altxatzea, hark erabakitako zezen plazan eta haiek ipinitako trapuetan euskaldunok toreatzea, kosta ahala kosta herri honetan metatutako gehiengoak, esperientziak eta ahalmenak zabaltasunez ez artikulatzen uztea izango da. Guk herri soberano baten ideia landu eta defendatzen ez dugun bitartean, eroso egongo da gatazkaren ondorioen eztabaida eta denboren kudeaketan, kontzertua gora eta kupoa behera mehatxuka. Hor indartsu ikusten baitu bere burua. Hor daukagu bada erronka, geure sudur puntaren aurrean hegan, garen edo ez garen demostratzeko ataka. Erabaki ahalmenaz jabetuta, herri subirano izateko hoberena, edo idealena, Estatuarekin hitzartutako herri galdeketa bat egitea litzateke, gero ahalik eta baldintza hoberenetan independentzia negoziatu ahal izateko. Baina independentzia proklamazio aldebakarreko bat alboratu gabe, askoz hobe. Ez gaitezen-eta engaina: NBEko 193 kideetatik soilik hamalauk lortu dute beren estatu propioa erreferendum bidez. Ez diezaiogun, beraz, aldebakarreko proklamazioari ateak a priori itxi.
Nik neuk, sintzeroki, krisi testuinguru honek eta zentralizazio neofrankista asmook sortutako egungo argudio eta baldintzak baino hobeak ez ditut ikusten herri subirano izateko prozesua azkartu eta independentziaren aukera gertuko denbora horizonte batean behin betiko ez bisualisatzeko. Eta hori guzti hori, ez banderaz aldatzeko, herri hau aldatu ahal izateko baizik.