Endika Rodriguez, Aitor Idigoras eta Ana Perez
Steilas-en Idazkaritza Nazionalaren izenean

Kooperatiba eta fundazioentzako diru-laguntzak

Hezkuntza Sailak gure haserrea pizten jarraitzen du bere erabakiekin. 12,8 milioi euro eman dizkie 38 ikastetxe, fundazio eta kooperatibari; gehienak ikastola pribatuak dira. Erabaki horren aurrean, beharrezkoa da hausnarketa egitea.

Zentzugabekeriari erreparatzeaz gain, hausnartu beharko da zer egin belar artifizialezko futbol-zelaiak edo zelaien ureztatze-sistemak diruz laguntzen dituen deialdiarekin. Baina gakoa honakoa da: zergek finantzatu behar al dituzte instalazio pribatuen erosketak edo birgaitzeak? Izan ere, erabat zentzugabeak diren egoerak gertatzen ari dira. Esaterako, duela 22 urte Agurainen ikastola pribatua desagerrarazteko ikastetxe publikoarekin batzera bultzatu zuen sailak eta, orain, 398.000 euro eman dizkio herri bereko kooperatiba berri bati.

Laguntza horien helburua «soziala» omen da eta «eraikin eta instalazioak legeak ezartzen dituen betebeharretara egokitzeak» sortzen dituen gastuei aurre egiteko ematen ei dira. Baina itunpeko gainontzeko ikastetxeek ere era horretako gastuei egin behar diete aurre. Horrenbestez, pentsatzekoa da diru-laguntza horiek emateko eskubidea helburu sozialak justifikatzen duela. Termino hori ulergarria da GKEen kasuan, erakundeen gabeziez arduratzen baitira, baina eskolatzearen kasuan ez dago hain argi. Kooperatiba edo fundazioa izan gabe, Gasteizko Marianistas ikastetxeak ere termino hori baliatu nahi izan du Mercadonarekin hirigintza pagotxa eskuratzeko. Eta sexu bereizketa egi- ten duten ikastetxeak! Administrazioa da ordena jarri behar duena, baina EAEn epailea erosita dago eta ikastetxe pribatu guztiak –sexu bereizketa egiten dutenak barne– itunpekoak dira. Denen helburu soziala egiaztatu al da? Oker al gaude sozial hitzaren atzean guztiz aurkakoa den partikular hitza (erlijio-ideiak, hezkuntza eredu propioa edo/eta irabazi-asmoak) ezkutatzen dela uste dugunok?

Abituak ez du fraidea egiten; horregatik, ez gaude ados: fundazio eta kooperatiba izate hutsak –forma juridiko hutsak– ez du helburu soziala bermatzen. Horrez gain, zalantzan jartzen dugu itunpeko gainontzeko ikastetxeen aldean tratu ekonomiko pribilegiatua jaso behar dutenik. EAEn fundazioak ikastetxe erlijiosoak dira, figura juridiko hori aitzakiatzat hartuta Administrazioaren aldetik tratu hobea lortzen ahalegintzen direnak. Irakaskuntza kooperatibei dagokienez, hainbat mekanismoren bitartez –diru- ekarpenak eta proiektua– gainontzekoetatik bereizten den eredua sortzen duten elkarteak dira –familiek osatutakoak, gehienetan–. Ez genuke orokortu nahi, baina bezeroen maila sozioekonomikoak –normalean altua– eta ikasle problematikorik ezak –horrelako ikastetxeetara joateko baliabiderik ez baitute– ahalbidetzen dute ikastetxe horien arrakasta. Ikastetxe erlijiosoak ez bezala, laikoak dira, parte-hartzaileagoak, eta jo eta ke egiten dute lan euskararen nahiz gure kulturaren alde. Formula horri esker, zerbitzu publiko baten pribatizazioa ez da horren zalantzan jartzen gizartean eta politikarien aldetik. Zorionez, atzean geratu dira Administrazioak euskararen eta euskarazko irakaskuntza bermatzen ez zituen garaiak; beraz, ekoizpen-ekonomia alde batera utzita –non justifikazio soziala argiagoa den, enpleguaren sorrera bultzatzen delako, esaterako–, hezkuntzari erreparatuta, mota horretako ikastetxeen erantzunkidetasun soziala zalantzan jarri beharra dago.

Ikastetxe horien arrakasta, hein batean, eskola publikoaren ahalegin handiari zor zaio, ikastetxe publikoek edozein ikasle eskolatu eta euskalduntzen baitute. Aipatu ikastetxeak, kooperatiba edo fundazio izan ez arren, itunpekoak diren gainontzekoek bezala, gizarte-haustura egoerak sortzea sustatzen ari dira; alegia, ekitatearen eta aukera-berdintasunaren aurkakoak dira. Egungo euskal hezkuntza-sistema duala da: zenbait ikastetxe (gehienak publikoak) estigmatizaturik daude, primeran funtzionatzen duten beste batzuen (itunpekoak eta publikoak) aldean. Titulartasun publikoa duten ikastetxeen finantza- zio faltak eta hizkuntza-ereduen sistema zitalak gizarte-haustura gero handiagoa izatea eragiten ari dira. Ikastetxe askoren helburu soziala eztabaidagarria da. Nahikoa da, esaterako, herri eta auzo ugaritan gertatzen dena aztertzea: irakaskuntza-kooperatibek oso rol zehatza dute eta gizarte-kohesiorako erabat kaltegarria den ikasleen banaketa eragiten dute. Lepoko ezberdina izan arren, txakur berberaz ari gara beti eta, hortaz, aipatutako fundazio eta kooperatibek jasotzen duten mesede-tratua ez dago inondik inora justifikaturik.

Hori da errealitatea zertzelada handitan. Alternatiben herrialdean horrelako auziak ere hartu behar dira kontuan; izan ere, nazio-eraikuntzan ez badugu denok parte hartzen, ez du merezi aurrera jarraitzea. Mingarria egiten zaigu horrelako kontuen inguruan ahots kritikorik ez entzutea Legebiltzarrean edo gizarte zibilaren ahotik. Zer ezkutatzen da isiltasunaren atzean?

Bilatu