Jon Kortazar Billelabeitia

Kosovoren ‘Independentziak’ bost urte. Ezker Kritikoa non?

Kosovo formalki Serbiarengandik banatu zenetik bost urte bete dira igandean (formalki diot ezen benetan NATOren bonbardaketa zela eta, 99tik banatua zeraman).

Banaketa hau (berriz, ‘banaketa¸ hitza erabiltzen dut eta ez independentzia, hor eman dena ez delako burujabetasun prozesu bat izan, ingeniaritza geopolitikoko prozesu baten emaitza baizik). Berri honen inguruan Euskal Herriko ezkerreko bi egunkari kritikoen berri-ematea, bai forma zein narratiba aldetik erabat eskasa izan dela deritzot, eurak euren buruaz ezartzen duten ezaugarriekin bat ez datorrela alegia.

Hori dela eta protesta azaldu nahi dut. Berri hauetan, bi egunkari euskaldunek (ziurrenik ‘independentzia’ hitzaren loreez liluraturik edo), berri hau guztiz ikuspegi partzial batetatik, NATOren ikuspegi geopolitiko eta ideologikoak onartzetik aztertu izan dute. Hau da, Kosovoko historiari batere jaramonik egin gabe, albaniarren garaipena ‘justiziarekin’ identifikatu izan dute; erabat aldebakarrekoa den irakurketa eginez, Kosovoko auzian ematen diren faktoreen eta arrazoien azterketa seriorik ez dute egin, txuri-beltzeko argazki bat baino. Eta kasualitatea izan hala ez, ziur aski egunkarion asmoa hori izan ez bada ere, NATOren gusturako argazkia azaldu zaigu bertan.

Berri hau aurkezteko modu horrek ez ditu kontutan izan ez Kosovoren historia (ez zena 90 hamarkadan hasi, askoz arinago baizik), ez eta serbiarren arrazoiak (zer dira ‘zapaltzaileak’ edota ‘genozidak’ edota ‘nostalgikoak’ baino Mendebaldeko eskemetan?), ez eta Kosovoko serbiarren arrazoiak (serbiarrak garbiketa etniko edota biktima bezala ikustea politikoki ez-zuzena da Mendebaldean, 90 hamarkadako gudak hasi zirenetik gutxienez). Eta ezta ere 1999ean Kosovo aitzakia gisa harturik Serbiaren aurka NATOk batek egindako eraso kriminala. Hori bai, bazterreko hainbat gauza aipatzen dituzte irakurle potentzialen belarriak limurtzeko (albaniar aldera limurtzeko, alegia).

‘Independentzia’ prozesuari egin izan zaizkion kritikak ez dira izan serbiar nazioari emaniko trataera dela eta (ez dira apatzen serbo-kosovarren sufrimenduak ez eta serbiarrek pairatutako garbiketa etnikoa eta exodoa: 100.000-200.000 exiliatu eta oraindik irauten duen diskriminazioa). Gaur egun, Kosovo, historikoki serbiar herriaren lurra izan dena, formaz albaniarren peko estatua bada ere, NATO-AEBren kolonia bat baino ez da. Kosovok atzerapausu galanta eman du bai sozialki (91 aurreko Jugoslavia sozialistarekin konparatu besterik ez dago) zein nazionalki (nazio baten anputazioa ez naziorik gabeko estatu baten partetik, ezen beste nazio baten espantsioak eramanda) bai eta geopolitikoki (ordena globalaren eta potentzia handien borondatea Estatuen burujabetzaren gainetik).

Euskal Herriko bi egunkari ezkertiar eta kritikok ez dute NATOren konkista kanpaina hau salatu eta hagitz harrigarria iruditzen zait. Baikorra izanik, ‘independentzia’ hitzak piztutako ilusioak nahastu dituela pentsatu nahi dut; izan ere NATOri ezetz esan zion herri batetan NATOren paradigma aintzatestea ez da txantxetarako kontua.

Bilatu