Joxe Manuel Odriozola
Euskaltzalea

Krimea: beste etnozidio baten historia?

«Aldez edo moldez, bortxaz edo/eta legez, estatu okupatzaileren baten asimilazio politikaren mende geratzen da dena delako herria»; egilearen ustez, Krimeakoa ere bidegabekeria historiko horretan sartzen da. Bertako historia soziolinguistikoa «axal-axaletik» ezagututa eta eskueran dituen datuak baliatuz, logika etnozidaren politika estatala zilegitzen duen estandar demokratikoa onartzen ari delakoan –garelakoan– oso kritiko azaltzen da. Jatorrizko herriak, hizkuntzak eta kulturak suntsitzen dituen logika horrek altzoan daraman diskurtso «humanistak» ohartaraziko du, euskaldunekin bezala, tartariarren eskubideak errespetatu behar direla, baina hondamendia eragiten du.

Etnozidioa, hau da, herri baten hizkuntza, kultura eta identitatea ordezkatu eta nazio okupatzailearenak gainjartzea modu askotara egin daiteke. Bortxa gordinaren bidez edo sistema demokratikoaren izenean. Munduko hizkuntz eta kultur aniztasuna, ondo dakigunez, etnozidio globalaren makinak errotik erauzi nahi du, erauzten ari da, estatu gehienen aspaldiko asmo etnozidak betez eta globalizazioaren logika hilgarriari jarraiki.


Jatorrizko herrien gaineko etnozidioaz ari gara. Ez dakit Krimeakoa ere ez ote den bidegabekeria historiko horretan sartzen. Jatorrizko herritartzat tartariarrak (XV) jotzen baditugu, eta jatorrizko hizkuntza (tartarera), kultura eta identitatea tartariarrena baldin bada, historia beltz berberaren aurrean geundeke hemen ere. Alegia, inguruko eta ez hain inguruko estatu okupatzaileen mendeko herria izanda, denboraren poderioz bertako herriaren nortasuna ordezkatu dutela egiaztatu ahal izango genuke. Stalinek eragindako deportazioa eta garbiketa etnikoa (1944) aipatzen dira Krimeako tartariarren aurkako jazarpenen lekuko. Betiko katearen sekuentziara garamatza horrek: aldez edo moldez, bortxaz edo/eta legez, estatu okupatzaileren baten asimilazio politikaren mende geratzen da dena delako herria.


Denbora kontua izango da gainerako guztia: hau da, gehiengo izatetik gutxiengo izatera doan zapalkuntzaren bidea nazio-heteronomiari dagokion egoera sortu eta naturalizatu arte. Ordezkapenaren eta asimilazioaren makinak bere lana egingo baitu modu bortitzean eta/edo demokratikoan. Ondorioak berdintsuak. Krimearen historia soziolinguistikoa axal-axaletik baizik ezagutzen ez dudanez, eskueran ditudan datu bakan batzuk baliatuko ditut.


Diotenez, %12 edo dira gaurko Krimean tartareraz mintzo direnak, %25 omen ziren 1926an. Jakitekoa litzateke errusiarren kolonizazioak (XVIII), errusiar kolonoen jario eta ezarpenak (%42 omen ziren 1926an, %58 gaur egun) edo ukrainarren presentziak (%10 omen ziren 1926an, %30 gaur egun) zer logika historikori zor dioten beren egungo izaera demografikoa. Ezuste handirik ez genuke jasoko estatu-nazionalismo hedakorraren betiko logika nagusitu dela egiaztatuko balitzaigu. Estatuaren jabe izateko bezainbat botere eskuratu duten komunitate etnokulturalak gailendu eta gainjarri ahala, beste horrenbeste egiteko bitartekorik eduki ez duten munduko herri gehienak iraungitze-bidean ezabatuak. Horra etnozidioaren historia-joera unibertsala, lekuan lekuko eta aldian aldiko ñabardurak gorabehera.


Orain batzuen batzuek soinekoak urratu dituzte Krimea Errusiak bereganatu izana baldintza demokratikoetan egin ez delako. Estatuen batasun zatiezina sakratua omen da nazioarteko legedian, estatuek beraiek egindako legedia hain zuzen, ez munduko nazioen ebazpena. Hala, gizateriaren milaka kolektibori darien aniztasun eta eskubide linguistiko, kultural eta identitarioak heriotza zigorrera kondenatu dituzten estatu horiek beroriek kexu dira Errusiak egindakoaz. Zer esango dugu Errusiaz, Txetxenia gogoan? Zer esan, besteak beste, bere mendeko nazio hizkuntza, kultura eta herritarren artean sexu-identitateen aniztasuna sistematikoki jazartzen duen estatu bati buruz?


Munduko herri-hizkuntza eta kultura ugari heriotza-zigorrera kondenatuz nazio-identitate horietan bizi diren milioika pertsonen giza eskubideak zapaltzea modu oso demokratikoan egin daiteke. Krimean bertan egindako erreferendumak ere, errusiarren presentzia militarra gorabehera, baldintza demokratiko guztiak bete zitzakeen. Alegia, gehiengo nabarmen batek hobetsi du Errusiako barruti federalean sartzea. Eta sistema demokratikoaren irizpide eta metodologia horixe bera da gizateriaren aniztasun linguistiko eta kulturala sistemikoki suntsitzen ari dena.


Gehiengoen sistema politiko demokratikoa estatuen araberako logikari zor zaio, jatorrizko herrien ekologia linguistikoa eta kulturala errotik erauzten duen printzipio parlamentarioari. Krimean, adibidez, errusiar kolonizazioaren ondoriozko baldintza demografikoak baliatu dira gehiengoaren nahia betearazi eta jatorrizko gutxiengo minorizatuaren nazio-ukapena betikotzeko.  


Ez dakit jabetzen garen hain geureganatua daukagun gehiengoaren irizpide demokratiko horixe bera dela munduan gertatzen ari den giza bidegabekeria handienetako bat zuritu eta zilegitzen duena. Ez dakit zenbateraino ohartzen garen irizpide horrek ez duela beti balio, ez dela ezberdina izateko eskubide-berdintasuna bermatzen duen bidea, eta ez duela balio esatea benetako demokraziak gutxiengoen eskubideak babestu behar dituela. Estaturik gabeko nazio minorizatuen sarraskia de facto zuritzen dizu urliak, ondoren sortutako arazoari hemendik eta handik adabakiak ipintzeko. Auzia ez da, ordea, gutxiengo nazionalen eta linguistikoen eskubideak babestu ezin diren baldintza soziolinguistiko batzuetan errespetatu egin behar direla aldarrikatzea, adabaki bila ibiltzea; auzia da sistema eta balio demokratikoen izenean etnozidio estruktural eta mundial bat dagoela abian estatu nazional (modernoaren) eredu totalitarioa abian jarri zenetik.


Logika etnozidaren politika estatala zilegitzen duen estandar demokratikoa onartzen ari gara. Hartara, gehiengo estatalaren irizpide ustez demokratiko hori estaturik gabeko jatorrizko herriak, hizkuntzak eta kulturak suntsitzen ari da sistematikoki mundu zabalean identitate horietan bizi diren pertsonei oinarrizko giza eskubideak urratuta. Zinikoa eta zitala ez balitz irrigarria litzateke jatorrizko herriak minorizatu ondoren gutxiengoen eskubideak errespetatu behar direla esanez datorren demokrataren diskurtsoa. Izan ere, diskurtso horrek ez baitu auzitan jartzen jatorrizko herriak mendean hartu dituen estatu hegemonikoen politika etnozida. Diskurtso «humanista» horrek ohartaraziko dizu Krimeako tartariarren eskubideak errespetatu egin behar direla, Euskal Herrian euskaldunenak bezala. Alegia, jatorrizko gehiengoa minorizatu duen okupazio estatalaren logika politikoa zuritzen dizu egitez, hitzez jatorrizko lurraldean bertan murriztua izan den nazio minorizatuaren aldeko begirunea eskatzeko.


Badakit jakin etnozidioaren fenomeno orokor hau azaltzeko orduan jatorrizko herriaren noiznolakoak ez direla beti oso argiak eta zehatzak, maiz dagoela aurretiko inbasio eta okupaziorik. Eta jatorrizko herriaren abiapuntua XV. mendean ezarrita, Krimeako tartariarren kasu honetan bezala, eztabaidagarria dela auzia. Nolanahi ere, auzi honetan datu horrek baino askoz ere munta handiagoa du gerora estatu nazional (modernoaren) proiektua gauzatu duten inperio eta estatu absolutuen logika historiko hedakorra azpimarratzeak eta logika politiko horrek gerora aniztasun linguistiko eta kulturalaren alorrean eragin duen hondamendiaz kontzientzia hartzeak.

Bilatu