Koldo Almandoz
GAUR8

«Kriptonita pura»

Orriotan idatzi nuen duela hilabete batzuk, edozein unetan eta edozein egoeratan otutzen zaizkidan ideia eta pitokeriak gero nik neuk ere ulertzen ez dudan idazkera narras eta petralaz idazteko ohitura dudala. Edozein papertxo, bankuko eskutitz, musuzapi baliagarria zait. Zitzaidan. Artikulutxo hura argitaratu eta egun gutxira, Mikel Soto zutabe kideak, ipurdi aldeko poltsikoan sartu bezain pronto molde egokia hartzen duten dozena bat koaderno mehe helarazi zizkidalako posta bidez.

Opari oso praktikoa suertatu da. Lehendabizikoari apenas geratzen zaio orrialde zuririk. Bertan idatzitakoekin garatzen ditut (aditz ezin aproposagoa) eskuartean duzun honen modukoak. Kontua da, ideia eta burutazio sortatxoa dudala pilatuta. Hasierako asmoa, hilabetean behin horietako bati heldu eta pulpitu honetara igotzea zen. Baina honezkero hemen sermoiak idazten pasa nahi ditudan hilabeteak baino gai gehiago ditudala ikusi eta barku guztiak erretzea pentsatu dut. Zubi guztiak suntsitzea. Champaigne botilarik garestiena erosi eta burutik behera botatzea.

Datorren hilabeteari esku eta buru hutsik aurre egiteko koadernoa hustu behar dut lehenik. Zuen mesederako, hau guztia azaltzen artikulu erdia kareletik bota dudanez, zetozen hilabeteetarako gordeta nituen gaiak elkarrekin josi eta telegrama eran (akordatzen al da inor txioen aitona zen telegramarekin?) botako ditut:

Triku holokaustoa: Hasi da sarraski sasoi berri bat. Gure errepideak, autoek zapaldutako trikuz ikusi beharko ditugu datozen hiruzpalau hilabetetan. Min ematen du. Trikuarena. Kondenatuen poesia.

Euskararen kontra: Euskararen erabilerak balio erantsia duen diru laguntza batera, proiektua euskaraz eta gazteleraz aurkeztu beharra. Zergatik? Epaimahaiko partaideetako batzuek ez dutelako euskara ulertzen. «Administrazioan itzultzaileak badira», esango dute. Bai, baina beren eskuetan utziko al zenuke, oniritzirik eta zuzenketarik egiteko aukerarik gabe, zuen lanaren itzulpena? Euskaraz bizitzea nekagarria da. Euskara balio erantsia? Ez. Euskara triku bat da. Eta triku zaintzaileak askotan auto bat gidatzen du.

Kontrakulturaz: Daniel Radcliffe aktoreari irakurria. «Egun ezinezkoa da kontrakultura sortzea, dena promozionatzen edo autopromozionatzen da. Egungo kontrakultura masa kultura da». 23 urterekin Harry Potterrek punk zahar (eta aberats) baten moduan hitz egiten du.

«Teenage Kicks»? Andoain. BBCko John Peel disko jartzaile mitikoak irratian bitan segidan jarri zuen lehendabiziko kantuaren egileak, agertokian. Undertones. 30 urtetik beherakorik ez inguruan. Punk rocka zaharrontzat dela bagenekien. Zertan dira egun gazteak? Azkenaldian gehiegitan entzun ditut zaharrak diren gazteen istorio beldurgarriak. Azkenekoa, gauero, txukun-txukun, datorren eguneko gosarirako mahaia prest uzten duen bikotearena.

Karguan zahartzen: Kargua hartu, muturra sartu eta bertan zahartu. Izen berdinak beti parlamentari, zinegotzi, delegatu, komisio, idazkaritza, “xgune” eta fundazio ezberdinetako karguetan. Eta gainera, mesede bat egiten digutela islatzen duen jarrera nazkagarri hori jasan beharra.

Arantza Quiroga: Arantza maite, atzo goizean kalean ikusi zintudan, Massimo Duttiz jantzita. Telebistan bezain guapa. Edo gehiago. Bost semeren ama. Mamichula. Kriptonita pura.

Bilatu