Kriseilu bat natzaizue
Diogenesen antzera, iluntasunean argi eginaz, baina, ez gizonaren bila, Egiaren bila baizik. Eta, zorionez, ez naiz bakarra, kriseilu asko ikusten ditut inguruan, pizturik, eta harantzago ere bai, bakoitza geure argi txikiarekin, egia txikiarekin handiaren bila!
Ederra iruditzen zait hainbatek, ehunkak, kezka hori izatea, «nitasunetik» irten eta beste kriseiluekin «gutasunera» heltzeko asmoa izatea. Izan ere, ni-niren gizartean bizi garenok halabeharrez, «nikerian» jausteko arrisku bizia dugu: ni, eta nire zilborra. Horra baikaramatza mundua deitzen den planeta honetan agintzen duen ideologia-politika-ekonomiak, horien hariak mugitzen dituztenek, nahi dut esan. Ezer kaltegarriagorik ba ote giza eta herri nortasunaren desagerpenerako?
Oinazetua bizi izan dut azken urtea. Neure pentsamendu ugarien arteko liskarrean, ilun, beso eta eskuak luzatuz zulo beltzean ez erortzeko, artaldeak korrika lehen ardiari jarraituz amildegira doazen legez. Eta, beti gertatu izan zaidan bezala, etxeko sukaldetik jaso dut argia: lehengo lepotik burua! Arbasoei jarraituz bidea ekinaz egina dela eta. Enbor zaharraren txingarrak su berria pizten du, bere indar, kemen eta gogoa daramatza baita berriaren jakinduria, azkartasun eta ilusioa ere. Zaharretik piztutako argi berriak egin dezake ilunean argi, bidea zabaldu, begiak ireki, pausoa luzatu, eskua eman, aulkia eskaini, irribarrea azaldu... hitza jolas izan beharrean, hitzari berea eman, balorean jarri. Batak besteari entzun, besteak batengandik ikasi... Belaunaldien arteko bizitza berpiztu elkarrekin bidea egin ahal izateko. Herria, azken batean.
Bada, ni-niek ez dute gizarterik sortzen, herririk egiten, Egiaren bila ibiltzen... Begiak nahikoa dute beren zilborretik zilborrera so egiteko, azken batean, artaldearen printzipioa jarraitzea errazena delako. Nihilismoa deitzen den jarrera honek errealitatea itxura hutsa dela dio, alegia, funtsezko egiarik eta printzipio etikorik ez dagoela. Ikusmolde hau guztiz metafisikoa da, ez nik diodalako filosofiak baizik, ez baitute errekonozitu nahi bizi dugun errealitatea, gordina, krudela askotan, baina ederra ere badela egiazkoa delako, eta noski, aldatzeko dugun gaitasuna badugulako.
Nire kriseiluaren argiak urte askotan sufrimendua pairatzen ari direnekin topo egin du: euskal preso politiko eta iheslariekin, haien senide, seme-alaba, emazte, senar, ama, aita, etxekoekin, lagunekin. Eta, buruan zurrunbilo baten gisara agertu zaizkit munduko beste herri borrokalarien preso eta iheslariak: kurduak, palestinarrak, sahararrak, korsikarrak... beren herri zatituak eta senide gutxietsiak, baztertuak Euskal Herriaren antzera, gizarte erdi galdu honetako ni-niek ikusi nahi ez dituztenak, daramaten bide berekoia galtzeko beldurrez, beharbada.
Kriseilu asko, asko baino gehiago behar dira Euskal Herritik hasita munduko beste herriekin bat eginik aipatutako egoera eraldatuz berria sortu ahal izateko. Denbora ere bai... baina geroa gaurtik hasten da eraldatzen, eta sufritzen ari direnei garen guztia ematen. Gutasunak, norbere Herrian itsatsitakoak alegia, eramango gaitu bide zuzenera.
Euskal Herriko kriseilu guztiak, Argi itzalezina egin dezagula Euskal Herrian eta mundu zabalean! Hori da nire ametsa.