Iñaki Soto
GAUR8

Kultura militante berriak sortzeko beharra dago

Agian ez dira sortu behar, agian gure inguruan existitzen dira gurearen desberdinak diren kultura militante baliogarriak, besterik gabe. Gurea esaten dudanean ezkerreko alderdi «tradizionalen» kulturaz ari naiz, oro har.

Jakin badakit horietatik guztiak ere ez direla berdinak, eta lurraldetik lurraldera marko, eskema, lan egiteko eta politika bizitzeko era desberdinak ere existitu eta elkarbizi daitezkeela. Baita mugimendu, kolektibo eta are alderdi berdinaren barruan ere, bai. Gauzak egiteko beste era horiek, agian, guretzat zeharo arrotzak diren tradizio politikoetatik datozen militatzeko erak dira. Agian, jarduera politiko jakin bat aurrera eramaten duten baina berez politikoak ez diren tradizioetatik datoz (ekonomia, erlijioa, akademia…).

Aro honetan, hemen eta Atenasen, indar metaketa da une honetako gako hitzetako bat. Nolanahi ere, argi dago indarren metaketa eskema batean, fronte zabalaren ideiaren baitan, tradizio eta «background» politiko desberdinetako pertsonek elkarlanean aritu behar dutela. Horrek, besteak beste, helburu berdinak bide desberdinetatik lortu nahi dituztenak kultura politiko berri bat osatzera behartzen ditu. [Politikaz ari garela, kontuz «berria» eta «zaharra» kontzeptuekin, baita «alternatibo» hitzarekin ere. Zertaz ari naizen eta zertaz ez jakiteko demokrazia zuzenari, parte hartzeari eta estatu egiturei buruzko Zizek-en bideo hau ikustea gomendatzen dut, harribitxi bat: http://goo.gl/1amJad].

Euskal Herriaren kasuan, adibidez, Rufi Etxeberriak GARAri emandako elkarrizketan (http://goo.gl/kOPHrQ) argi eta garbi esaten zuen: «Bere estrategiaren potentzialtasun guztia askatu nahi badu, ezker abertzaleak, beste hainbat sektorerekin batera, kultura politiko berria osatu behar du, gehiago irekiko gaituena, konplizitate berriak ahalbidetuko dituena, parte hartzea bultzatuko duena, herri aktibazioa lagunduko duena…». Ez da inondik inora nahikoa helburuak eta urratsak konpartitzea. Beste zerbait behar da, eta beste zerbait hori ez da erredukzio monolitikoaren bidez lortuko, baizik eta joera eta ikuspuntu desberdinen metaketarekin. Jakina, askoz ere zailagoa da, baina beste aukera estrategiaren idealizazioa edo perbertsioa da: konbertsioan datza, norbaitek bere tradizioa baztertzean eta beste baten barruan sartzean oinarritzen da.

Nolanahi ere, burutazio hauek ez zaizkit ez Etxeberriaren, ez euskal fronte zabalaren estrategiari buruzko gogoeten ondorioz piztu, testuinguru horretarako balio arren. Duela gutxi Irlandan egon nintzen eta, niri behintzat, bidaiatzean nazionalismoa ez zait kamusten, akaso sofistikatu egiten zait. Irlandako kultura politikoa gurearen zeharo desberdina da. Adibidez, alderdien sistema eredu anglosaxoiaren bariazioa da, nolabait esateko. Horrek politikariak, izan lehen ministro edo izan oinarriko militante, komunitatera, barrutira lotzen ditu. Horrek balio handia du, baina sistemaren parte da eta, ikasteko gauza asko dituen arren, «inportatzea» zailagoa da.

Askoz errazagoa eta emankorragoa iruditzen zait boluntariotzaren ideia. Hein batean, irlan erlijio kristauak izan duen indarrari lotua dagoen kontzeptua da, baina bere adiera garaikidean, kultura politikoaren ardatzetako bat da. Kreditu partzuergoetatik hasi eta Kirol Gaelikoen Ligaraino (GAA delakoa), boluntario lana antolatua eta baloratua dago. Bi horiek dira, karitateaz arduratzen den Society of St. Vincent de Paul erlijiosoarekin eta Tidy Towns barrutiak txukun eta bizi mantentzeko auzolan-lehiaketarekin batera, indar handiena duten ekimenak. Milaka eta milaka pertsona biltzen da horien inguruan. Aurreko mendearen erdialdean nazio eraikuntzaren eskeman aurrera atera ziren ekimenak dira.

Jendea beti gure moldeetara egokitu beharrean, zerbaitetan parte hartzeko ginkana ideologiko-aktibista batetara behartuz, agian hobe da beste jende bat erakarriko duen formula berriak aztertzea. Horrek ez du kentzen, Zizeken eskeman, beste militantzia erak hobetzea.

Bilatu