Maider Arrieta eta Josu Estarrona
EH Bilduko Kultura idazkaria eta EH Bilduko legebiltzarkidea, hurrenez hurren

Kultura zaindu

Salbuespenak salbuespen, oso baldintza eskasak ditu sektoreak eta oso zaurgarria da krisi-egoeretan. Honek desagertzeko zorian utziko ditu hainbat proiektu eta egitasmo kultural, euskarazkoak direnak lehen lerroan daudelarik.

Ez esan paradoxikoa ez denik. Egunotan inork gutxik aipatzen du kultura oinarrizko gisa. Eta, hala ere, itxialdi honen momenturik gogorrenetan kultura dugu arnasbide: musika, literatura, bertsolaritza, antzerkia, dantza, zinemagintza, artea.

Etxean egotera behartuta, geure buruarekin egotera ere behartu gaitu osasun krisiak, eta, besteak beste, kulturaren benetako balioa eta ekarpena zein den gogorarazi digu; biziarazi digu. Larrialdi egoeretan azaleratzen zaizkio pertsonari bizitzeko ezinbesteko dituenak, eta horri erantzuten diote hein handi batean egoera honetan gure sortzaile, artista eta proiektu kulturalek abiatutako ekimen ezberdinek, balorean jarri beharrekoek.

Kulturak bizitzan, gizartean, gurea bezalako herrian duen garrantziaz enegarrenez ez goaz idaztera, orain bizi dugun egoeraren aurrean zer nolako neurriak hartu behar diren eta zeri erantzun behar dioten zentratzeko momentua da.

Hasteko, kulturaz ari garenean, ikuspegi ekonomizistaren argudioak osagarriak izan behar dira, eta ez, inolaz ere, nagusiak. Horrek izan behar du gure abiapuntua, egoera honen ondorio latzei erantzunak bilatzeko. Alabaina, azken urteotan, kulturaren balioaz aritu garenean, batez ere argudio ekonomikoak entzun izan ditugu. Kulturan egindako inbertsioa justifikatzeko, itzulkin ekonomikoa eragiten duela eta enplegua sortzen duela azpimarratu da. Eta hori balio bat da, dudarik gabe. Baina ez bakarra, eta ez garrantzitsuena. Neurri ekonomikoak abiatu beharko dira, eta esfortzu handia egin dudarik gabe, baina hauek ezin diote erantzun ikuspegi ekonomizista horri.

Zeren eta zuzeneko emanaldien bat-bateko isiltasunak; kulturgune, sorgune, erakusketa, museo, liburutegi, zinema, entsegu-lokal, antzoki eta aretoen pertsianen ixteak; tailer, ikastaro, bertso-saio eta filmatzeen eteteak, ez ditu soilik ondorio ekonomikoak ekarriko. Egoera honek kultura-ekosisteman egiturazko eragin handia izango du, askok bizi duten ziurgabetasuna oso handia delako.

Salbuespenak salbuespen, oso baldintza eskasak ditu sektoreak eta oso zaurgarria da krisi-egoeretan. Honek desagertzeko zorian utziko ditu hainbat proiektu eta egitasmo kultural, euskarazkoak direnak lehen lerroan daudelarik; zenbat eta konpainia, sortzaile edo proiektu txikiagoa izan, orduan eta ilunagoa izango da etorkizuna, horrek maila emozionalean duen eraginarekin. Krisialdi honek urteetan iraun ahal duen amildegia ekarri dezake kultura ekosisteman.

Hori hala izango da ez badiogu kulturari benetan duen balioa ematen; duen izaera estrategikoa aitortzen ez badiogu. Gure inguruko herrialde askok ulertzen dute kulturak gizartean duen balioa, eta ahalegin berezia egin dute. Europako hainbat herrialdek erabakiak hartu dituzte sektoreak bizi duen krisiari aurre egiteko eta kultura-ekosistema bere osotasunean hartuta inor ez alde batera ez uzteko. Estatu frantsesa, kasu. Edo Alemania, non, krisi honetan, premia biziko ondasunen artean kokatu duten kultura. Hemen ez gara halako neurririk ikusten ari, ez Espainiako Gobernuaren aldetik, ezta Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Foru Aldundien aldetik ere.

Horregatik, uste dugu krisi egoera honi ahalik eta modu integralean erantzuteko, bai Nafarroan baita EAEn ere, krisi honen ondorioei adostasunetik eta modu koordinatuan erantzuteko kulturaren krisi mahaiak osatu behar direla lehenbailehen, sektorea eta kultura ekosistema ordezkatuta egongo diren mahaiak, guztion artean aztertutako eta adostutako kulturgintzarako urgentziazko talka plan integrala abian jartzeko, argi dugulako bizi dugun egoera honetan euskal kulturak guztion beharra eta bultzada behar duela.

Plan horren diseinuan aztertu beharko dira nola sortu eta arautu kulturarako krisi funtsak, kulturak eta euskal kulturak dituen berezitasunak kontutan hartuz. Bertan behera edo atzeratu diren emanaldiekin zer egin, nola egokitu deialdiak eta diru laguntzak, ze hobari edo neurri fiskal ezarri edo hobetu daitezkeen gutxienez 2020 ekitaldirako, udaletxeek nola lagundu diezaioken kulturgintzari, BEZa kulturalarekin zer edo zer planteatu daitekeen eta bestelako proposamenak aztertu urgentziazko talka plan horretan jaso beharrekoak.

Baina guk argi dugu honek guztiak modu kolektiboan sortua eta partekatua behar duela izan, ezin du izan gutxi batzuen erabakia. Auzolana beti izan da gure herriaren indarguneetako bat. Eta, berriz ere, erakusten ari gara elkarren babesaren, elkarlanaren eta elkartasunaren garrantzia, kulturaren bitartez ere, nola ez. Kultur esperientziek eta kultur imajinarioek munduan leku bat egiten laguntzen digute: barne-mundua elikatzen digute, zentzuaren eraikuntzan laguntzen digute, gure buruaren eraikuntzan laguntzen digute, baita mundua ulertzen ere; trukea sustatzen dute, jolaserako espazioa sortzen dute, arakatzera gonbidatzen gaituzte, eta, batez ere, komunitate bateko kide sentiarazten gaituzte. Eman diezaiogun kulturari merezi duen balioa. Kulturgileak eta sortzaileak behar ditugu, zaindu ditzagun haiek ere bai, eta hartu ditzagun neurriak etorkizunera begira, orain dugu beharra, orain dugu aukera.

Bilatu