AEBko 2024ko hauteskundeen emaitzak; karakola ala barea
Azkenean ailegatu eta pasa da ere bai; 2024ko azaroaren 5a igaro da.
Badirudi ero faxista horrek irabazi dituela «Mendebaldeko» estatu hegemon denaren hauteskundeak. Ez ditu hauteskundeak bakarrik irabazi, nagusi egin da ere Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) bi ganberetan.
Mundua aldatuko da, jai dugu, faxismoa iritsi da eta bertan gelditzeko iritsi da. Europan sekulako eragina izango du horrek, gureak egin du... porrota! Justiziak kondenatutako misogino, matxista, arrazista, lunpenkapitalista, libertario... eta gainera, hau gutxi balitz, Putin madarikatuaren laguna, puttokume halakoa... deabruen deabrua, Luziferren Luziferra, antikristoa, deabrua ailegatu da.
AEBko hauteskundeen emaitzei buruz zer edo zer idatzi nahi nuen eta aurreko paragrafoa bat batean barrutik atera zait. Esoteriko xamar jarri naizela ohartzen naiz. Izan ere, emaitzen gaia buruan bueltaka dudala joan naiz ohera. Ardiak kontatu ordez, gaiarekin bueltaka segitu dut. Munduko geopolitikari errepaso txiki bat eman diot. Egun, munduan bizi dugun egoeraren jatorriaz jabetu naiz: Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren bukaeratik, anglosferak pasa den mendeko azken hamarkadan erortarazi zuenetik, behin eta berriro Errusia estutu nahian ibili da eta ataka batean jartzen saitua da. Errusia, munduko herrialderik handiena eta aberatsena dela gogoratzen dut: petroleoa, gasa, zilarra, urrea, zura, litioa, titanioa, nikela, diamanteak... Orduz geroztik balkanizatzeko gogoz dabiltza. Azkeneko hamarkadan, Ukrainan sortutako gerra giroaz eta egoera geopolitikoaz ere ohartzen naiz: AEBko deep stateak 2013an Maidanen eragindako kolpea; geroxeago, Donbasen Errusiar sentitzen ziren biztanleriaren kontrako sarraskia −Azov bataloi faxistak erabiliz, Ukrainako eta «Mendebaldeko» (AEB, Erresuma Batua eta horien estatu morroiak) gobernuen onespen eta laguntzarekin, noski...−. Nahiz eta harritzekoa dirudien, hori guztia buruan bueltaka lo gelditu naiz.
Gogoratzen dudan hurrengoa «Biden-te» batean nagoela da. Ondorengoak gertatuko direla esan dit: Lehenik, Ukrainan gerra bat hasiko da:
· 2022. urteko otsailean, Errusia armekin sartuko da Donbasen; ondorioz, Ukraina eta Errusiaren arteko guda zuzena hasiko da.
· 2022. urteko martxoan, Errusia eta Ukraina, Istanbulen, akordio batera ailegatzen direnean, Boris Johnson, anglosferaren bozeramailea, Kieven azalduko da apirilean, Zelenskirengana joango da eta ez dio utziko akordio hori gauzatzen. Gudan «Mendebaldeko» ententea azaleratuko da.
· «Mendebaldeko» itunak ehundaka mila Ukrainar gerrarako erabiliko ditu okela balira bezala –gutxi gora behera 1.000.000 ukrainar hilko dira gerran−. Horretarako, armekin eskarmenturik gabeko ukrainarrez baliatuko da. Horietako askok, kalean bertan baitu eta gerra frontera joatera behartuko dituzte; badira 16 urteko «boluntario» nerabeak ere...
· «Mendebaldea», Europar Batasuneko (EB) agintari morroien bitartez, Europa suntsituko duen gerra nuklear bat bultzatzen saiatuko da. Hori aurrera eramateko, eraso, akordio eta trikimailu desberdinak sustatuko dituzte bertan.
· Hori guztia hornitzeko, milaka miloi Euro eta Dolar eta mota guztietako armamentua emango zaizkie ukrainar agintariei (baita Moskura ailegatu daitezkeen misilak ere).
· 2022ko irailean, AEBn jatorria duen eta munduko enpresa boteretsuena den BlackRock izeneko enpresako CEOa, Larry Fink hain zuzen ere, Zelenskirekin akordio batera ailegatuko da gerra bukatutakoan Ukraina berreraikitzeko. Akordio horrekin, lur eta gai nagusietako jabe egingo da BlackRock. Hitz bitan, Ukraina kolonizatuko dute. Gerra hasi eta zazpi hilabetera; negozio itzela...
Bigarrenik, 2022tik aurrera, AEBk, Ebk berekiko duen menpekotasuna areagotuko duela dio Biden-teak:
· Ebn inflazioa sortuz, energia, elikagaiak eta bizitzako arlo guztiak garestituz, gu guztion erosteko ahalmena jaitsiz.
· Ebri Errusiaren gasa merkea erostea galaraziz.
· 2022ko irailean, Nord Stream 1 eta Nord stream 2 gasbideak leherraraziz, Errusiako gas natural merkeaz Alemania hornitzea eragotziz.
· Ebren industriari munduan duen lehiakortasuna galaraziz (Alemaniako automozio industria adibidez).
· Ebri Txinarekin akordio ekonomikoetara ailegatzen ez utziz −Txinak Italiarekin 2019an sinatuko duen akordio ekonomikoa Giorgia Melonik 2023an bertan behera utziko du, adibidez–...
Mendekotasun horrekin guztiarekin eta AEBk Ebn duen okupazio militarra kontutan hartuta, AEBko «atzeko patioa» bilakatuko da EB.
Hirugarrenik, AEBko izarrik gabeko estatua den Israel eta eskualdean duen botere geoestrategikoa eta militarra bere onerako erabiliko du deep state anglosionistak:
•Faxismoaren eta arrazakeriaren bitartez Gazako eta Libanoko genozidio etnikoak eragingo ditu. Bide batez, lurrarekin eta ondasunekin geldituko da.
•Iran probokatuko dute gerra eskualdera zabaltzeko.
•Txinak (BRICS) duen Zetaren bidearen proiektua apurtzen saiatuko dira.
Hainbeste zorigaiztorekin, asaldatuta eta izerditan, goizeko lauretan esnatu naiz; aurpegia garbitzen ari nintzela, erdi lo oraindik, amets gaizto bat baino ez dela izan ohartu naiz. Azkenotan, hainbatetan egiten hasi naizen bezala, ametsa idazten hasi naiz. Idazten, lo samar nengoela oraindik, gutxika lur hartu eta errealitatera jaitsi naiz, eta esandako guztiak gertatuko gauzak direla jabetu naiz. Dagoeneko, nire ametseko Biden-tea zein izan den argi dagoela uste dut. Bai, horixe, «demokrata» hori, AEBeko lehendakaria, Joe Biden, lehendakari orde eta lehendakari gai den Kamala Harris ezkertiarrarekin batera, beren agintaldian munduan burutu dituzten astakeria eta basakerietako batzuk aipatzen. Hala ere, dirudienez, benetako amesgaiztoa ez da bukatu oraindik. Badute marjina «onura» gehiago eragiteko: 74 egun ditugu «agintaldia/agindua» bukatzeko, gure «agintaldia/agindua». Egun bakoitza probestu dezagun, esan berri du Bidenek. Badirudi bidean daudela...
Hurrengo egunean, altxatzerakoan, Onintza Enbeitak azaroaren 7an Berrian idatzitako iritzi artikulu bat irakurri dut. Bide okerretik ez doala iruditu zait; bakarrenetakoa, pentsatu dut eta eskertu dut. Alde batetik, «Kamala Harris ez zela aukera hobea» aipatzen du eta, gobernuan azken lau urteetan zein gaiztakeria eragin dituen ikusita, arrazoirik ez zaio falta. Bestetik, «barrura begira, bada, ez dakit zenbateraino diren demokratak errepublikanoak baino askoz hobeak» ere idatzi du eta hein haundi batean berarekin bat egiten dut, Adibide xume gisa, Barak Obama lehendakari ohiak eta Bakearen Nobel Saridunak bere agintaldian 2.471.644 agiririk gabeko etorkin deportatu zituela ikustea besterik ez dago, eta hori antifaxista, ezkertiarra... izanik. Bidenek zer esanik ez, begiratu datuak... Hala ere, demokratak edo haien atzean dagoen deep state zatia propagandaren erabileran askoz iaioagoak direla argi dago, deabruak Obamaren herena deportatu baitzituen bere lehenengo agintaldian, 666.106 hain zuzen ere, eta hala eta guztiz ere munduan dagoen faxista arrazista handienetakoaren etiketa irabazi du. Enbeitak bere artikuluan egiten duen beste aipamen bat ere ekarri nahi dut: «Garaipen honek Gazan berriro ere kolonoak ezartzea eta Zisjordaniaren anexioa azkartu egingo dituela entzun dut, eta horrek bai egiten duela mina»... Mina handia gainera, Onintza, baina ondo ulertu behar da zein den jokoa. San Sebastian egunera arte ez da AEBn lehendakaritza aldatuko; dagoeneko Benjamin Netanyahuk, azaroaren 5ean bertan, kargugabetu egin du bere defentsa ministroa zen Yoav Gallant, bere gobernuan zuen kontrako ahots nagusia, eta bestalde, jada aipatu dut Bidenek esan berri duena. Beraz, dirudienez, AEBko asto-demokrata-neokon guztiek badute hasi duten lana bukatzeko aukera, urtarrilaren 20ra arte.
Jakina da AEB, eta ondorioz «Mendebalde» guztia, plutokrazia baten menpe dagoela. Ekintzak, eta ez hitzak, neurtu behar dira. Alde batetik, Biden-te lana asko zabaldu da. Bestetik, orokorrean, egoeraren analisi eskasak egiten dira. Elite horien hedabideen propaganda hain sartuta dago gizartean, askotan nahita, beste batzuetan nahi gabe, inertziaz, kontra ez egitearren edota baztertuta ez sentitzearren... oihartzuna besterik ez zaiola egiten, sustraira joan gabe.
Ustez, boteredunen, eliteen, deep state-aren... horien guztien −baina guztien eta ez alde batekoen bakarrik− plutokrazia horren atzaparrek, beraien hedabideen bitartez besteak beste, propio egindako kontaketa gezurteroa deseraiki egin behar dugu. Nahita egindako tranpa matematiko eta kulturala saiatzen dira eragiten deabrua zein den (eta zein ez den) esatean: plus eta minus; ona eta txarra; ongia eta gaizkia... Ezkerra/eskubia eta ultraeskubia...
Zein baino zein hobea deabrua ala Biden-tea? Zein baino zein faxistagoa astoa ala elefantea? Euskal Herriarentzat zein hobea, karakola ala barea?