J. Ortuñez
Errepresaliatua

«La commedia dell’arte»

«Bidenabar, desarmearen inguruko eztabaida eskolastiko horrek beste kontu bat ekiditea bilatzen du: desmilitarizazioarena. Azken asteotako operatibo polizialen inguruan «arlekinak» erakutsi duen isilunea zeharo esanguratsutzat jotzen dut nik.»

Gaur ez dut luze joko. Udaran gaude eta gauza arinen beharra omen daukagu. Baina gauza bat da arin ibiltzea eta beste bat arinkerietan murgiltzea; izan ere, eta gai zehatz batzuekiko ariketan, horretan dihardute pertsonaia publiko askok, sustrai dramatikoari gailentzen zaion fribolitate osoz adarra jotzen ari zaizkigula emateraino.


Faxistak, funtsean, gogobete gabeko sadomasokistak direla bagenekien. Bada, horietako zenbaitek azken boladan egindako adierazpenei edota burututako ekimenei esker, ergelak ere badirela ohartu naiz orain. Eta ergelak kaikua du bidelagun.


Haien burugabekeria hain da handia, non beti alde bakar baterantz begira dauden pulpituetatik anatemak eta gaitzespenak banatzen dituztenak ere kritikatzera iristen baitiren. Millan de Astray legioburuak frankisten matxinada kritikatu izan balu bezalakoa, alegia. Bada, aipagaitzat hartu dudan elizgizon horrek (ez dakit maiz burutzen dituen exorzismoetan horren aditu izanak gaindituta edota Franco diktadorea palio azpian pasieran zeramaten prozesio haiekiko nostalgiak bultzaturik), batere neutrala ez izateaz gain, botatzen dituen burutazio atzerakoiek gehiago dirudite kretazikoaren esponja batek botatakoak XXI. mendekoak baino.


Ez da pertsonaia bakarra. Beste batzuek ere, euren erregeordetzak eskainitako errugabetasunetik, besteok nola izorratu bueltaka pasatzen dute denbora. Bitxia da, benetan, legearen aplikazioaz ahobero dabilzkigun horiexek legea asmatzen ibiltzea, ezen, nik dakidala behintzat, preso baten senide izateagatik kargu edo izendapenik betetzea eragotziko lukeen legerik ez baitago. Gutxi balitz, legeari berari muzin ere egiten diote, esparru horretan eskumenik ez duten epaileak erabakiak hartzera bultzatzen dituztenean. Egon badaude ere, behin baino gehiagotan salatu dugun bezala, euskaltzale edota herritar xume batengandik aterako balira berehala Fiskaltzaren esku amaituko luketen adierazpenak maiz egiten dituztenak ere. Agi denez, «konfrontazio fisikorako» deialdiak ere egiten dituztenentzat ez dago Zigor Koderik, ez zaharrik ez berririk. Eta zertaz ari naizen ulertzen ari zaretelakoan nago.


Bada, itua prestatzen duen eroarekin, babes sasi-ideologikoak eskaintzen dituen gotzainarekin eta tiro egiten duen erregeordearekin batera, beste bi pertsonaia egoten dira biribilari azkena emateko orduan: «arlekina» eta «aguazila».


Azken honi, eta EPPK beraz mintzo delarik (izan ere, kristo guztiak hitz egiten du Kolektiboaz baina ia inoiz ez zaio honi bere kabuz hitz egiteko paradarik eskaintzen), «irtenbiderik» aurkitzeko bidean «injustiziaren aitortza», «damutzea» eta «legeari men egitea» ezinbesteko baldintzak direla esatea dario ahoa irekitzen duen bakoitzean. Begira, «aguazil» jauna!, hartzailez tronpatu zara zeure mezuan: izan ere, zure konpartsa horrek guztiak (eta ez naiz Marijaiarenaz ari) gure herriaren kontra 500 urte baino lehenagotik burutzen den injustizia ea aitortzen duen zain nago aspaldi; preso zein iheslariei, baita hauon senideei ere, pairarazten zaien samin guztiagatik barkamena noiz eskatuko duten zain nago oraindik ere; bidegabekeria eta salbuespen neurriei bidea egin ordez, legedi zuzen bat jarraituko ote den zain naukate oraindik ere.


Bere aldetik, «arlekinari» antzezpena atseginago bihurtzea egokitu zaio. Horretarako, beste inori (ez Kolektiboari) legozkiokeen desarmeari buruzko adierazpen traketsak egiten ditu. Hauon helburuak: itzulinguruetan murgiltzea (hor kokatu ahalko genuke balizko desarme hori Madrilen edo euskal aldundiren baten aurrean egin beharrari buruzko eztabaida antzua) eta gakoaren muina saihestea, hots, gatazka politikoaren errealitatea eta honen erroetara jo beharra. Bidenabar, desarmearen inguruko eztabaida eskolastiko horrek beste kontu bat ekiditea bilatzen du: desmilitarizazioarena. Azken asteotako operatibo polizialen inguruan «arlekinak» erakutsi duen isilunea zeharo esanguratsutzat jotzen dut nik.


Eta fribolitate hauekin gu zorabiatu nahian dabiltzan bitartean, herri honen etsai eta arerioek hastear dagoen ikasturte berriari ekingo diote prestatu duten epaiketa andanarekin. Guk ere kurtso berria daukagu aurrean eta etxeko lanik ez zaigu faltako. Alde batetik, eta ekainean iragarri bezala, Foro Sozialaren gomendioen inguruan aurrera eramaten ari den eztabaidari amaiera eman diezaioke laster Kolektiboak, eta, jarraian, bere iritzia jakinaraz diezaioke Euskal Herriari. Beste alde batetik, esparru honetako lanari bultzada berezia eman beharko diogu, batik bat gaixo larrien inguruko zeregina ongi kokatuz eta hobeto zentratuz. Izan ere, gure auzokide preso edo iheslarien dramak bere horretan dirau.

Bilatu