Langileak soluzioaren parte, ez albo-kalte bat
Aiaraldeak urte luzez jasan du industria-sarearen gainbehera: deslokalizazioak, itxierak eta lanpostuen galera gure eguneroko bihurtu dira. Glavista, Guardian, Tubos Reunidos edo Maderas de Llodio bezalako izenek ez dute soilik enpresa baten izena adierazten, herri oso baten mina baizik.
Eskualde honetan kontraesan handi batean bizi gara. Batetik, gure ingurune naturalak, kokapenak eta aberastasunak etorkizun oparoa iradokitzen dute. Bestetik, gero eta handiagoa da zalantza: Etorkizunean hemen lan egiteko aukera izango al dugu? Aiaraldean bizi eta lan egin nahi dugu, baina horretarako industria mantendu behar dugu.
Alkate gisa, azken urteotan hiru lan-gatazka handi bizi izan ditut. Azkena, Maderas de Llodiokoa, gertutik jarraitzen nabilena. Langileekin hitz egiteko aukera izan dut, eta gauza bat argi geratu zait: lantegia aurrera ateratzeko gaitasuna badute. Gure langileek kalitatea eta konpromisoa dituzte, eta hori da eskualde honen indarrik handiena.
Zoritxarrez, askotan erabakiak kanpoan hartzen dira, herria eta langileak kontuan hartu gabe. Horrela, langileak ez dira soluzioaren parte, baizik eta albo-kalte bihurtzen dira. Eta hori ezin dugu onartu.
Aiaraldeko herritarrak ez gara gatazkatsuak, baina gure duintasuna defendatzen dugu. Ez gara industria krisiaren erantzule, baina bai konponbidearen giltza. Horregatik, beharrezkoa da desindustrializazioari muga jarriko dioten neurriak hartzea eta erabakiak gure lurraldean bertan hartzea. Horretaz gain, joera ezkorrarekin behin betikoz amaitzea eragingo duen inpaktuzko neurriak hartu behar dira PAI eta PEC planen inbertsioak behingoz eta kolpe batez gure eskualdean lurreratuz.
Langileak ez dira zenbaki hutsak: gure komunitatearen bihotza dira. Horiek erdigunean jarri gabe ez dago benetako etorkizunik.