Iñaki Etaio, Olaia Martínez eta Susana Conejero

Langileen arteko diskriminaziorik gabeko euskal unibertsitate publiko baten alde

Badakigu unibertsitateko irakasleen diskriminazioari buruz hitz egitea arrotza egingo zaiola jende askori. Are gehiago, Enpleguaren Erregulazio Espedienteak, enpresak ixtea edota gazte ugari langabeziara edo migratzera kondenatuta egotea ohiko bilakatu diren garai honetan. Hala ere, beharrezko jotzen dugu EHUren baitan zenbait irakasle eta ikertzaile kolektibok pairatzen dugun diskriminazioa salatzea; izan ere, egoera oraindik gehiago larritu da Gobernu espainiarrak 2012an birjartze tasa ezarri zuenetik, hau da, urteko erretiroen zenbatekoak sor daitekeen plaza iraunkor kopurua baldintzatzen duenetik.

Gure egoera ulertarazteko ezinbestekoa da unibertsitateko irakasleei buruzko zenbait sineskeria argitzea (besteak beste, 3 hilabeteko oporraldia izatea, soldata altuak, lanaldia klaseetara mugaturik izatea…). Gure lan-orduak hiru jardueren artean banatzen dira: irakaskuntzaz gain, ikerketan ere aritzen gara (irakaskuntzari beste edo denbora gehiago eskainiz), baita kudeaketan ere. Udako gure oporrak hil bakarrekoak dira. Askok uste duenaren kontra, gure lan garaia ez da iraileko eskolekin hasten ezta azterketekin amaitzen ere.

Unibertsitateko irakasle izateko bidea ez da batere erraza. Iraupen-lasterketa baten antz handia dauka, eta oztopo ugari ditu sarritan. Azken urteetan, gainera, helmugara hurreratzen goazen heinean km batzuk urruntzen digute hura. Irakasle-ikerlari gazte gehienok atxiki plazak okupatzen ditugu, alegia, gehienez ere bost urtez luza daitekeen kontratu ez iraunkorra. Kasu askotan, gainera, 400 euro eskaseko soldata duten lanaldi murriztuko ordezkapenetan ibili eta gero. Atxiki plazara iristeko, doktoretza tesia defendatzeaz gain, akreditaziorako agentzia baten ebaluazio prozesutik igaro gara (merituen araberako gaitasunaren aitorpena jasotzeko) eta oposaketa bat gainditu dugu. Hori guztia gutxi balitz, akreditazio berri bat lortu eta bigarren oposaketa bat gainditu behar dugu lanpostu iraunkor bat izateko.

Irakasle atxiki gehienok irakaskuntza bi hizkuntzetan ematen dugu, eta askok hirugarren baten ere bai. Oro har, maila altuko ikerlanean dihardugu, nazioarteko aldizkarietan argitalpenak eginez eta urtero zenbait kongresutan parte hartuz. Horretaz gain, gutako askok atzerriko unibertsitate edota ikerketa-zentroetan egonaldiak egin ditugu. Lehiakortasun handiko giroan egiten dugu lan, horrek dakarren itzelezko lan-kargarekin, eta sarri lan eta familia arloko bizitza uztartzea izugarri zailtzen da. Beste lan-figura batzuk dituzten lankide ugari gurearen antzeko egoeran daude, urte askoren ostean euren egoera egonkortzeko zain.

Unibertsitateko irakasleen oinarrizko ordainsaria Estatuko soldata- taulen arabera ezarrita dago, eta irakaskuntza publikoko beste hezkuntza maila batzuetakoa baino nabarmenki baxuagoa da; esaterako, bigarren hezkuntzako irakasle batena baino %22 baxuagoa. Soldatak osatzeko asmoz eta ekoizpen-estimulu gisa osagarri-sistema konplexu bat sortu zen (ez plusak), besteak beste, bosturtekoak eta seiurtekoak, irakaskuntzari eta ikerketa lorpenei dagozkionak, hurrenez hurren. Gutariko askok osagarri horiek jasotzeko merezimenduak izanda ere, sistematikoki ukatu zaigu horiek eskatzeko eskubidea, ez-iraunkor garela argudiatuta; hots, meritu bera izanda, irakasle bati aitortu egiten zaio, eta besteari, berriz, ukatu. Diskriminazio larria da hori, soldata kontuez haratago, motibazioa galtzea baitakar eta haserrea eragin. Gainera, aipatutako birjartze-tasak sortutako «tapoian» 200 irakasle inguru gaude figura iraunkorretarako akreditatuta, plaza noiz sortuko zain (batzuk 3 urte baino gehiagoz).

Azken hilabeteetan, konponbide baten beharra aldarrikatu dugu zenbait ekimenen bidez. Abenduan Errektoretzako eraikinaren aurrean elkarretaratze bat egin genuen eta 60 bat bosturteko eskari erregistratu ziren era sinbolikoan. Martxoan aldaketa kualitatibo garrantzitsua eman zen, irakasle batek 2013an ipinitako salaketari erantzunez EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako sententzia bati esker. Honakoa ezartzen du sententziak: lan-urteen irizpidearekin konplitzen den kasuetan tratua ezin dela desberdina izan kolektiboen artean, eta, beraz, bosturtekoen deialdian parte hartzeko aukera eskaini behar dela. Gure eskaerak behin eta berriz ukatu ondoren, EHUko Gobernuak irakasle ez egonkorrek bosturtekoak eska ditzakegula aitortu behar izan du. Dena den, amarru berri baten aurrean gaude oraingoan ere: bosturtekoak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren (EJ) dekretuak osagarriaren zenbatekoa figura iraunkorretarako baino ez duenez ezartzen, irakasle ez iraunkorroi bosturteko bakoitzeko zenbat diru legokigukeen ez dakitela argudiatzen dute, eta EJren dekretua noiz aldatuko zain, ordainketa horretara baldintzaturik uzten du. Bitartean, EJk beste alde batera begiratzen du, eta injustizia hori betikotzea ahalbidetzen.

Auzi honen oinarrian ez dago soilik osagarri horiek ez kobratzea, baizik eta bi jarrera agerian geratzen direla: alde batetik, EHUko Errektoretza taldea langileen arteko diskriminazio egoera argi hau konplexurik gabe onartzeko prest dago; bestalde, EJk ez du irakaskuntza (unibertsitate mailakoa, kasu honetan) lehenesten, ezta estrategikotzat hartzen ere. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen egoera erraza ez bada ere, ikusten dugu nola bideratzen den diru-kopuru erraldoi bat jendarteak zalantzagarri jotzen dituen makroproiektuetara, eta, bitartean, unibertsitatearen aurrekontuan ia ez da aldaketarik egon azken urteetan. EHUk ere zailtasun ekonomikoak dituela badakigu, baina hori ezin da aitzakia izan zilegi diren aldarrikapenetan langileak ez babesteko. Izan ere, hainbeste desio dugun plaza iraunkorra noiz atera zain gaudela etsipenera bultzatu nahi gaituzte, «lan egin eta ez kexatu» esan nahiko baligute bezala. Etxe barruko gaietan ere kontuan izan behar dira EHUko estatutuek jasotzen duten berdintasunerako eta diskriminaziorik ez izateko eskubidea, baita horrenbestetan aipatzen den erantzukizun soziala ere. Kalitatezko unibertsitate publiko baten aldeko apustu argia egin dezaten eskatzen diegu EJri eta Errektoretza taldeari. Eta horrek lan-diskriminazioarekin amaitzea eta egoera txarrenean dauden kideak zaintzea esan nahi du; euskal unibertsitate publikoaren etorkizunaren bermea diren irakasle eta ikertzaileak, hain zuzen ere.

* Artikulu hau ere sinatzen dute: Fernando Sarrionandia-Ibarra, Jule Goikoetxea, Arrate Agirrezabal, Arantza Rico Martínez, Luismi Uharte, Jone Martínez-Palacios, Asier Blas Mendoza, Diego Rada Fernandez de Jauregi, Andoni Ramirez, Francisco Javier Muñoz Fernández, Leyre Gravina Alfonso, Unai Fernández de Betoño, Edu Zelaieta, Koldobika Martin, Teresa Zamalloa Echevarría, Mikel Iruskieta, Irene Sierra García, Inge Axpe, Esti Sarrionandia, Teresa Morera, Cristina Miguelez, Maite de Blas Martín, Felix Olasagasti, Gustavo Amores Olazagirre, Gaizka Mejuto Hidalgo, Elizabete Manterola, Iker Etxano Gandariasbeitia, Arrate Lasa, Jonatan Miranda, Auxkin Galarraga Ezponda, Ana Luisa López Vélez, Oier Etxebeste Juárez, Hilario Murua, Izaskun Alvarez, Aitor Erkoreka, Raquel Justo, Alazne Aiestaran, Iñaki Gandarias, Asier Vallejo, Kristina Zuza, Ibon Saratxaga, Gaizka Garechana, Harkaitz Bengoetxea, Amaia Torregaray, Unai Villalba, Xabier Lamikiz, Valeriano Sanchez, Unai Aberasturi, Raúl Montero, Virginia Guillen, Ainhoa Iglesias eta Ainhoa Ruiz

Bilatu