Iñaki Uria
«Egunkaria»-ko kontseilari ordezkaria

Legez kanpo

Lortuko da proiektuari herri ekimenez eustea. Bai. Baina. Nire baitan nago ez dela nahikoa.  Iruditzen zait gure instituzio ezberdinei gehiago eskatu behar diegula. Hasteko eta behin, GARA zama horretaz libratzea. Ezinbestekoa iruditzen zait tamainako bidegabekeriari tamainako neurri batez erantzutea. Ez da nahikoa GARAri arrazoia ematearekin. Erreparazioa ere behar du. Ondoren, komunikazio esparrua osatzen joateko baliabideak jartzea planteatu behar diegu instituzioei. Daukaguna ez baita nahikoa.

"Egunkaria" itxi zutela 16 urte bete diren gaurko honetan, gogora ekarri nahi ditut egunotan txirikordatu zaizkigun bi gai: agintari katalanen aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean eta GARAren aurkako ixte mehatxu ekonomiko-administratiboa Espainiako Gizarte Segurantzaren bidez.

"Egunkaria"-ren itxieraren itzal luzeak, aurrez aurre erakutsi zigun Espainiako Estatuaren izaera eta bere erakundeen bortxazko funtzionamendua. Haragi bizian pairatu genuen tortura, umiliazioa, kartzela, eta azkenik, aulkiaren zigorra. Kartzelaldi prebentiboa ere jasan genuen batzuek. Oriol Junqueras Auzitegi Goreneko aulkian ikusten dudan bakoitzean, gogoratuko ez naiz bada horrek dakarren tentsioaz? Sufrituko ez dut bada Guardia Zibilaren furgoiak edo autobusak ikusterakoan hor barruan Jordi Cuixart edo Jordi Sanchezek izango duten tratua ezagutuaz? Carme Forcadell, Jordi Turull, Joaquim Forn… zuek ikusi aulkian eta ezin burutik kendu Joan Mari, Txema, Martxelo eta Xabier; edota gero, Bego, Ainhoa, Fernando, Joxemari eta Mikel. Errezeta bera dauka Espainiako Estatuak euskaldunontzat eta katalanentzat: legea eta honen inperioa. Espainiako Konstituzioa.

Lehen esaten ziguten indarkeriarik gabe dena zela posible. Orain berriz, legez kanpokoa da Parlament batek erreferendum legea onartzea. Kataluniako instituzioen aurkako eraso judizialen aurrean, herritarrak manifestatzea legez kanpokoa da. U-1ean erreferendumean bozkatu ahal izatea, legez kanpokoa da. Independentzia aldarrikatzea…

Izan ere, katalan eta euskaldunoi erakutsi nahi digute independentzia ez dela posible. Ez dela legezkoa. Konstituzioaren 8. edo 155. artikuluak ezarri nahi dituzte. Espainiaren batasunzaleek ez daukate gerririk nazio ezberdinen arteko bizikidetzarako. Jipoitzen gaituzte euren lege pean jarrai dezagun, ohartu gabe inoiz baino hauskorrago bihurtzen ari dela Espainiaren batasuna bere gogortasunean.

Egoera honetan, gero eta katalan eta euskal herritar gehiago gara irtenbidea herri egitura propioak eta estatu egitura propioak gauzatuz bilatu behar dugula uste dugunak. Eta, egitura horien artean funtsezkoenetakoak, komunikazio egiturak.

Ez da kasualitatea "Egunkaria" itxi zuten urte berean abiatzea GARA egunkaria ixteko ekimen politiko-administratiboa. Estatu bulkada bera izan zen bi euskal kazetak itxi nahi izan zituena. Estatu bulkada berbera zen euskaldunok sortutako komunikazio esparru urri hori lur erre bihurtu nahi zuena.

"Egin"-ek Gizarte Segurantzarekin adostua zuen zorra GARAri zamatu zioten orduan, eta orain, helegite eta epaitegi bide luze eta gogor baten ondoren, exekutatzea erabaki dute. Zorionez, "Egin"-en itxieran bezala eta "Egunkaria"-ren itxieran bezala, herritarrek erantzun positiboa eman diote mehatxuari eta harpidetzak eginez eutsiko diote proiektuari. Alderdi, sindikatu eta erakunde ezberdinek ere elkartasun keinu positiboak egin dituzte oraingoan. Lortuko da 3 milioi euro horiei aurre egitea.

Lortuko da proiektuari herri ekimenez eustea. Bai. Baina. Nire baitan nago ez dela nahikoa.  Iruditzen zait gure instituzio ezberdinei gehiago eskatu behar diegula. Hasteko eta behin, GARA zama horretaz libratzea. Ezinbestekoa iruditzen zait tamainako bidegabekeriari tamainako neurri batez erantzutea. Ez da nahikoa GARAri arrazoia ematearekin. Erreparazioa ere behar du.

Ondoren, komunikazio esparrua osatzen joateko baliabideak jartzea planteatu behar diegu instituzioei. Daukaguna ez baita nahikoa. Komunikabideak behar ditugu, komunikazio esparru propioa osatzen joateko. Euskaldunon komunikabideek osatutako kontakizuna, eta ez Madrilgo kateetatik datorkigun errelato kolonizatzaile bakarra.

Bilatu