Joseba Garmendia
Ekonomialaria

Lehengaien kontrola

Ekonomia suspertzearen eta lehengaiak hornitzeko zailtasunen testuinguruan, Europaren, AEBen eta Txinaren arteko lehia geoestrategikoa areagotu egin da

Duela gutxi, merkataritza gerrak produktu teknologiko sofistikatuen inguruan mugitzen ziren; esate baterako, AEBen eta Txinaren artean gertatutakoa Interneteko 5G banda zabala, produktu fotovoltaikoak, hegazkin piezak, bateriak, pantaila lauko telebistak, gailu medikoak, sateliteak… bezalako salgaien inguruan. Azken hamarkadetan azpimarratu egin da nola herrialdeen lehiakortasunerako ikasteko eta berritzeko gaitasunak funtsezkoenak diren, eta ez horrenbeste antzinako baliabide klasikoak, hau da, kapitala, lana, inbertsioak eta baliabide naturalak. Garapenaren indarren artean berrikuntza, produkzioaren antolaketa malgua, urbanizazioa eta kalitate instituzionala zerrendatzen ziren. Eta hara non itzuli garen, bat-batean, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen erdialdeko garai inperialista eta neokolonialeko energia eta mineral baliabideen kontrol parametroetara. Hornikuntza kateetako tentsioak, antza, koronabirusaren pandemiak sortutako geldialdiek ekarritako desakoplamenduetatik haratago doaz; eta lehen planoan jarri dute iraganean ugariak eta merkeak ziren baliabideen eskuratze geoestrategikoa.

1980ko hamarkadan indarra hartu zuen merkataritza eta ekoizpen globalizazioa lurreko eta itsasoko garraio zerbitzu merkeetan eta lehengaiak eskuratzeko aukera unibertsalean oinarritzen da, besteak beste, planeta mailako muga zergen desarmeari esker. Gertatzen ari diren tentsioek hainbat lehengairen merkatuetan hornidura etenak eta prezio igoerak sortu dituzte. Neurri batean, 2020ko lehen erdian, pandemiari erantzutearren geldiarazitako jardueren irekitzeak, familietan metatutako aurrezkiak eta estimulu publikoek eragin duten eskariaren bat-bateko azkartzea izan da kausa. Adibidez, Dow Jones lehengai industrialen indizeak %100 inguruko hazkundea erakusten du pandemiaren aurreko urteekiko. Bestalde, eskaintzaren aldean eragiten duten koiunturazko faktore ugari ere aipatu ahal dira: Taiwanen lehortea, ur bolumen handia behar duten erdieroaleen ekoizpenari eragiten diona; aurreko neguagatik Europan gas erreserba gutxiago izatea; itsas garraioa garestitzea energia prezioaren igoeragatik eta kontenedore nahikoarik ez izateagatik, Ukrainaren inbasioa, gasa eta petrolioa ateratzeko fracking-ean beharrezkoa den harea egokiaren eskasia…

Ez da zentzugabea, ordea, pentsatzea planetako muga naturalen lehen seinaleen aurrean gaudela. Adibidez, zenbait txostenek adierazten dute petrolio konbentzionalaren gehienezko erauzte gailurra 2005ean gertatu zela, eta petrolio osoarena, berriz, 2018an; gasarena laster gertatuko dela aurreikusten da; eta, Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, 2025ean gutxienez 13 milioi petrolio upel faltako dira eskaerari erantzuteko.

Ekonomia suspertzearen eta lehengaiak hornitzeko zailtasunen testuinguru horretan, Europaren, AEBen eta Txinaren arteko lehia geoestrategikoa areagotu egin da. Baina Europan eta Ipar Amerikan ez bezala, masa kontsumoak ibilbide potentzial luzea du Txinan.

Txina mota guztietako lehengaien eskaria handitzen ari da, eta bere lurraldekoen esportazioak mugatzen ari da. Txina da munduko lehen esportatzailea 2009tik, eta munduko bigarren ekonomia da 2014az geroztik. “Made in China 2025” planak ia merkatu guztietan nagusitasuna izatea du helburu. Horren adibide da automobilgintza eta, bereziki, auto elektrikoa. Marka txinatarrek europar, japoniar edo korearren aldean atzerapen teknologiko handia izaten jarraitzen dutenez, agintariek laxatu egin dute atzerriko fabrikatzaileek zuten betebeharra. Jada ez daude derrigortuta Joint-Venture enpresako kapitalaren %51 gutxienez izan behar zuen bazkide txinatarra izatera, baina auto elektrikoak Txinan bertan ekoiztu beharko dituzte. Bestalde, atzerriko markak erosi dituzte (Rover, MG, Volvo, Lotus, Smart) beren ingeniaritzan sartzeko eta ikasteko.

Lehia horretan hiru lehiakideak antzeko mailetatik abiatzen dira, baina Txinaren abantaila lehengaien kontrolaren inguruan datza. Duela hamarkada batzuetatik hona, Txinak merkataritza, inbertsio eta garapen hitzarmen ugari egin ditu Afrikan eta Hego Amerikan, besteak beste, lehengaien hornidura ziurtatzeko.

Aurreko guztiari gehitu behar zaio 1.400 milioi biztanle dituen herrialde bateko per capita errentaren eta kontsumo ereduen barne bilakaera, eta bilakaera horrek industriako lehengaien eskaeran izan dezakeen eragina. Gaur egun, Txinako batez besteko errenta 10.000 dolar ingurukoa da buruko. Bost urteko XIV. Planaren eta epe ertainerako garapen ekimenenaren helburuak dira barne kontsumoa handitzea, zientzia eta teknologiako autosufizientzia hobetzea eta per capita errenta 2035. urterako ekonomia garatuen batez besteko mailara igotzea. Pentsa ezazue Txinan ibilgailuen erabilerak, Mendebaldeko herrialdeen estandarrekin parekatuko balitz, izango lukeen eragina. Imajinatu altzairuaren, aluminioaren, kautxuaren, beiraren, plastikoen edo, ibilgailu elektrikoa aukeratuz gero, litioaren eskaeran izango lukeen eragina.

Mendebaldeko mila pertsonako ibilgailuen erabilera ratioa aplikatuko bagenu (tartea Estatu Batuetako 767tik Danimarkako 480ra iristen da), Txinan 1.073 eta 672 milioi bitarte ibilgailu egotea ekarriko luke. Gaur egun, Txinan 163 milioiko stocka baldin badago, horrek 509 eta 910 milioi ibilgailu gehiago suposatzen du. Munduan 1.400 milioi ibilgailu daudela kalkulatzen da. Beraz, munduko ibilgailu parkea %36 eta %65 artean handitzea ekarriko luke. Automozioaren sektoreko produkzioaren hazkunde handi horrek lehengaien merkatuetan sortuko lituzkeen tentsioak izugarriak izango lirateke. Dagoeneko gertatzen ari den fenomenoa da: Txinan, mila pertsonako, ibilgailuen ratioa 24 zen 2005ean, 2010ean 58 eta 2015ean 118. Bost urtetik bost urtera bikoizten ari da. Eta Txinako automobilgintzaz baino ez gara ari. Sartu kalkuluetan masa kontsumoaren bereizgarri diren artikulu iraunkorrak unibertsal bihurtzea, hala nola lerro zuriko eta marroiko etxetresna elektrikoak, bai Txinan, bai beste herrialde batzuetan, kasu 1.372 milioi biztanle duen Indian.

Bilatu