Adur Lizasoain

Lehoien koliseoa bete egin zen, baina anfiteatro xumea ere bai

Badira beti errepikatzen diren gertaerak pilotako finaletan: finalistek ondoren afari eder bat ospatzea beren ingurukoekin, txapeldunak sekulako ajearekin hartzea kazetariak biharamunean, beste esparrutako ospetsuak ikustea harmailetan, Pedro Mari Goikoetxea mitikoaren analisi zehatza entzutea ondorengo eztabaidan edo, denetan barregarriena, Sabin Etxeako politikariei txistu egitea. Pradales lehendakari berria, Soterako arraunlari ohia, izan dugu biktima aurtengoan, azkenaldian pilotalekuetan oso gutxi ikusten dugun Karlos Argiñanoren alboan irten ordu pantaila erraldoian. Ezin da jakin zehazki, dena den, bikote xelebre honetako zeinentzat zihoazen txistuak. "Airbag" filmeko (Juanma Bajo Ulloa, 1997) aktore eta ekoizlea izandakoak, baina, asko gustatu zitzaidan egia borobil bat bota zuen: «Jendea disfrutatzen ari da gaurko ikuskizunaz, pilota oso kirol polita da eta. Poza ematen du frontoia horrela ikusteak, oso pozik nago pilotarekin. San Mames bete egingo da, baina hau [Bizkaia Pilotalekua] ere bai». Eta hala izan zen, asko disfrutatu genuen.

Bazegoen beldur pixka bat jendeak nola erantzungo ote zuen jakiteko: batetik, egun eta hiri berdinean derbiarekin kointziditzeak arrisku handia zekarren, Miribilla inguruan final egunetan aparkatzea jada zaila izan ohi bada, odisea modukotzat aurreikusten zen eta oraingoan; beraz, pentsa genezake zale askok etxean geratzeko hautua egin zutela arazo honen aurrean. Bestetik, Altuna falta zen: ohituta gaude jada Amezketako txapeldun handiaren presentziarekin kontatzera banakako finaletan, badaramatza eta sei urte inguru kuadroko pilotari onena izaten. Jendeak, nagusiki, eta ni neu naiz lehena, bera ikusi nahi du sarrera bat ordaindu behar bada. Hau dena kontuan izanda, frontoian ikusi genuen giro paregabea albiste oso positiboa dela uste dut, behin baino gehiagotan ikusi genuen eta jendea beren eserlekuetatik altxatzen tanto eder baten ostean.

Jokoaren aldetik, bestalde, ikaragarri gustatu zitzaidala esan behar dut. Bi partidu izan genituen: 10-14 (Peio aurretik) arte, eta hortik amaierara. Lehen zatian sekulako maila eman zuen Ultzamako aurrelariak, azken bi txapelketetan ikusi diogunaren tonika jarraituz. Ez dut zalantzarik berari ikusi diodala, Aimar, Altuna eta Irujo ekuaziotik alde batera utzita −hiru hauek estralurtarrak dira, ez dute kontatzen− inoiz kaiolan ikusi dudan maila altuena; gauza harrigarriak egin ditu bai aurten, baita iazkoan ere. Ia inor ez da gai bere erritmo itogarrian jokatzeko kirol honetara. Atleta bat da. Honexegatik, pena handia eman zidan, bigarren zatian egin zituen akats txoro horiegatik eta aurkariak bikain jokatu zuelako, burua hotz mantenduz atzetik joan arren, podiumaren bigarren koxkan ikustea eta txapelaren saria ez jaso izana aurten ere. Baina irabaziko du noizbait, ziur. Mutil hau berezia da.

Txapeldunari zoriontzea tokatzen zait orain. Aldakako ebakuntza hartatik itzuli denetik jokatu diren bakarkako bi txapelketetan izan dugu finalean Unai eta atzo, txapelarekin itzuli zen etxera; eta beste datu bat: kontraturik gabe geratu ondoren itzuli zenetik jokatu diren zortzi txapelketetatik seietan izan da finalean. Altunaren erreinuari norbaitek mehatxu egin behar badio, hau bera da. Datu hauek bere aitak, Txema Lasok, eman zituen, bere emaztearekin batera Unaien partida guzti-guztietara joaten dena hau haurra zenetik, kuaderno batean apuntatuaz partidaren nondik norakoak. Hortaz gain, euren semea da egungo kuadroko pilotari maitatuena eta karismadunena. Hau da txapelik politena. Bejondaiela beraiei ere.

Argi dugu ezin dugula futbolarekin lehiatu publiko eta ikusmin aldetik, ezta globalizazioaren eraginekin edo teknologia berriek ekarri dituzten kontsumo joera aldaketekin ere gure gizartean. Frontoiak gero eta hutsago daude haurrez gure herrietan ere, eta honek negargura ematen digu kirol hau barruan daramagunoi. Ez dugu panorama argiegia, egia esan. Badakigu, baina, momentuz bada ere, gurea baloratzen eta gurearekin gozatzen urtean egun jakinetan bada ere. Hor egoten. Gure herriko anfiteatro xumea zaintzen.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Bilatu