Louis Legasse eta bakailaoaren negozioak

Idazleak Legasse familiaren historia oroitarazi du; batez ere Louis Legassena. Familiak bakailao negozioen monopolioa bereganatu zuen eta horretarako 1840ean bakailao arrantzan izan zen krisia baliatu zuen. Aurkenerenak Louis Legassenak bizitako ibilbidea azaldu du.

2016/09/27 | 0 iruzkin

Legassetarrak jatorriz Basusarrikoak ziren, XVIII. mendetik  nabigazio eta arrantzari atxikiak bizi zirenak. Kontatzen zutenez, ekaitz egun batez, Louis Legasseren aitaren itsasontzia hondoratu zen eta bertan hil ziren Pierre Legasse eta eskifaiako gainerako marinel guztiak. Pierrek, arrantzaz gain, armak garraiatzen zituen Hegoaldera karlistak laguntzeko; eta beti kontatu ohi denez, gau batez, Santa Krutz apeza aterpetu omen zuen Basusarriko bere etxean.

    Louis 1870. urtean sortua zen. Hamabost urte zituela, hau da, 1885. urtean, Lapurditik Ternua ondoko Saint Pierre eta Miquelon-era abiatu zen frantses zerbitzu militarretik libratzeko. Arrazoi bera zela eta, jadanik uharte haietan bizi ziren Martin, Arnalt eta Xan anaiak. Saint Pierre irlako biztanle gehienak euskaldunak edota bretoiak ziren, arrantzari eta itsasgintzari lotuak bizi zirenak. Negoziorik handiena bakailao edo makailu arrantza eta merkataritza zen, Donibane Lohizunetik eta Baionatik joaten ziren itsasontzien bitartzez gauzatzen zutena. Garai hartan bi enpresa handi ziren uhartean; Goyeneche eta Hirigoyen, bi-biak euskaldunak. Bietan indartsuena Goyeneche izenekoa zen, bostehun langile inguru zituena.

    1840an bakailao arrantzan izan zen krisiak bi enpresa horiek kolokan jarri zituen eta horixe izan zen Legasse familiak bakailao negozioen monopolioa bereganatzeko baliatu zuen momentua. Bulegoak Saint Pierren ezarri zituzten eta euren ontziak Lapurditik irlara eraman. Orduz geroztik, uharteko makailu negoziorik handienak Legasse familiaren eskuetan egon ziren.

    Louis familiaren negozioetan aritu zen beti. Hogeita bost urterekin Saint Pierre-ko auzapez edo alkate bilakatu zen. Hamabost urte irlan bizitzen eraman ondoren, frantses legeak  zerbitzu militarra ez egiteagatik zuen ordaina altxatu zion eta horrela 1900. urtean Lapurdira itzuli ahal izan zen. 1905ean Lezoko Zelaia abizeneko emaztea hartu zuen eta harekin sei seme-alaba mundura ekarri: Ferdinand, Robert, Michel, Christiane, Marc eta Jacques.

Lapurdin zegoela, Frantziako bakailao enpresarik handiena sortu zuen, La Morue Française izena zuena eta luzaz bizi izan zen bere negozioetan murgildurik, zango bat Lapurdin eta bestea Saint Pierren zuela.
Aipatu uharteko botere politiko-ekonomikoa legassetarren eskuetan zegoen. Beraienak ziren ontzi eta biltoki gehienak baita okindegia, herrian ziren bi elikagai-denda bakarrak eta telefono konpainia ere. Louisek frantses gobernua ordezkatu zuen Ternuan arrantzatzeko zuten eskubidea defendatzeko.

    Christophe Legasse anaia Baionako katedraleko kanonikoa zen. Louisek indarra egin zuen eta haren eraginez, Saint Pierrera igorri zuten prefektu apostoliko gisa. Orduz geroztik, irlako botere erlijiosoa ere legassetarren eskuetara pasatu zen.

    Etengabeko zabaltzen prozesu batean murgilduta zebilela, Fécamp-eko bakailao idortze enpresarekin elkartu zen eta horren eraginez, bere bulegoak Parisera zituen aldatu. Elkartze horretatik sortu zen 1935ean Compagnie Genérale de Grande Pêche izeneko enpresa handi bezain indartsua, eta Ferdinand Legasse semetxia edo iloba ezarri zuen enpresako buru.

    Ameriketako estatu Batuetan lege idorra deiturikoa ezarri zutenean, Louis Legassek Gure Herria itsasontzia erabili zuen Europatik Saint Pierrera edari alkoholdunak eramateko. Uhartean biltzen zituzten eta ondoren, kontrabandoz, Estatu Batuetara sartu. Negozio itzela gertatu zitzaien.

    Negozio horiek guztiek jende ainitzen adiskidetasuna edo esker ona ekarri bazioten ere, bazituen etsai amorratuak, Europan eta baita Saint Pierren ere. Gau batez, irlako euskal pilota-plaza zartatu zuten. Uharteko euskaldunek., kexu, dirua eskatu zioten Louis Legasseri eta honek frontoi berria eraiki zuen. Saint Pierreko eliza, gainerako etxe gehienak bezala, zurez eginda zen. Hori dela eta, bizpahiru aldiz suak kiskali zuen. Christophe Legassek dirua bildu eta porlanezko eraikin berria altxatu zuen.
Ordutik hango berinetan, sainduen artean, Legasse familiako hainbat kide ikus daitezke.

    Legassetarrak euskaldunak, euskaltzaleak eta katoliko sutsuak ziren, irlan bizi ziren biztanle gehien-gehienak bezalaxe. 1905ean Frantziako gobernamenduak estatua eta eliza banatzen zituen legea plazaratu zuen. Louis Legasse Parisera deitu eta lege berria obeditzeko agindu fermua eman zioten. Lapurtarra izugarri haserretu omen zen eta bilkura bukatu gabe alde egin zuen. Alde egitean Saint Pierre irlan frantses bandera kenduko eta amerikar bandera jarriko zuela erran zien ozenki. Gero, irlako bere bulegoetara itzuli zen. Uhartera iristean, poliziek atxilotu zuten eta herriko presondegian sartu. Saint Pierreko biztanleek protesta eta indar handiak egin zituzten Louisen askatasuna eskatzeko. Azkenean, denboraldi labur bat kartzelan egin ondoren, askatu zuten.

    Lehen aipatu dudan bezala, Louis euskaltzalea zen eta bere itsasontzi buruak Zazpiak bat izena zuen. Lapurdiko etxean zirenenean, ainitzetan, Luis Arana Goiri izaten zuten gonbidatu gisa, eta ilunabarretan, beste gauza askoren artean,  abertzaletasunaz ere mintzatzen ziren. Solasaldi horien eraginez, etxeko seme gazteenak, Mark eta Jakes, abertzale bilakatu ziren.

    Louis Legasse ez zen loak harturik gelditzen zen horietakoa eta adiskide zuen Alfonso XIII Espainiako erregeari bakailaoaren inguruko enpresa handi bat egiteko asmoa proposatu zion, baita honek onartu ere. Horrela sortu zen PYSBE konpainia. Louisek akzioen %49a zuen, Espainiako erregeak %25a, eta gainerakoak Pradera, Lizasoain eta Peñafloridako Kontearen eskuetan ziren. Hiruak euskaldunak.  Enpresa honek hainbat urtetan Ternuatik zekarten makailua banatu eta saldu egiten zuen espainiar estatu osoan. Bulegoak Pasaian zituzten.

    Tamalez, ez zuen luzaz iraun, espainiar errepublika aldarrikatu zenean, gobernu errepublikarrak akzioak estatuarentzat hartu baitzituen, baita Louis Legasserenak ere, espainiar erregearen adiskidea zelakoan. Legassetarrek epaitegietara jo zuten eta baita auzia irabazi ere, 1936ko maiatzean epaileek errepublikako gobernuari Legasseri kendutako dirua itzultzeko agindu garbia eman baitzioten. Urte bereko uztailean altxamendu faxista piztu zen eta ondoren hiru urteko gerla eta berrogei urteko diktadura frankista. Legassetarrek ez zuten inoiz diru hori berreskuratu ahal izan.

Gainera, 1939ko martxoan, Louis Legasse zendu zen, PYSBE-ko dirua berreskuratu gabe, baina inperio ekonomiko handia utziz. Testamentuan agertu bezala, den-dena seme-alaben artean banatu zuten.  Jakes, anaiarik gazteena,  jadanik piztua zen Bigarren Gerla Handian hil zen gazterik, alemaniar nazien aurka borrokatzen ari zela. Gainerako anaia-arrebek zegokien zatia hartu eta Frantzia aldera jo zuten euren negozioetan aritzera; baina horietako batek, Mark izena zuenak dirua jaso eta Euskal Herrira, Ziburura, sustraien bila, itzuli zen. Hortik aitzina, Mark Legasseren izena ospetsua izan zen Euskal Herri osoan, baina hori beste artikulu baterako historia izanen da.

Artikuluak
Agurtzane Solaberrieta Mesa
2019/12/12
Ana Goia Aribe y Peio Zabalza Rivas
2019/12/12
Jose Ramón Pérez Perea
2019/12/12
Gutunak
Txema Lorente - SOS Amatxu
2019/12/11
Javier Orcajada del Castillo - Bilbo
2019/12/11
Joseba Otano - Administrazioan Euskaraz Taldea
2019/12/09
Azken post-ak
Martin Garitano
2019/12/11
Martin Garitano
2019/12/10