Isidro Esnaola
GAUR8

Madiba’s land

Lerro hauek idazterakoan Nelson Mandelak ospitalean jarraitzen du egoera larrian. Itzal handiko borrokalaria da, eta bera eta bere borrokari buruz mota askotako haunarketak ari dira plazaratzen egunotan. Berari buruz baino, bere lurraldeari buruzko pasadizo xume bat idazteko gogoa piztu zait. Iruditzen zait horrek Hego Afrikako askapen borrokaren nondik norakoak ulertzeko gehiago balio duela beste ezertarako baino.

Denbora bat eman nuen Lurmutur Hirian ingelesa ikasten. Inguruko eskualdean nekazaritzak pisu handia du, eta, batez ere, ardoa ekoizten da. Egunen batean bertako lagunek proposatu zidaten beraiekin batera herrixka bat bisitatzea. Bertan garatzen ari zen kanpaina baten baitan hitzaldi bat egin behar zuten. Landa eremuetako emakumeak haurdunaldiaren garaian alkohola edateak umeentzat dituen ondorio kaltegarriei buruz informatzea zen kanpaina horren helburua. Gaiak harritu egin ninduen pixka bat, baina tira, landa eremuko jendea nola bizi zen ikusteak erakarrita espedizioarekin bat egin nuen.

Iluntzen ari zela, herrixka horretara iritsi ginen. Ez zuen gauza handirik: bi kale eta etxe batzuk han-hemenka. Tartean medikuaren etxea ikusi genuen, bere bi ateekin: albo batean zurientzat, beste albo batean gainontzekoentzat. Lekura iritsi ginen hitzaldia hastear zegoela, eta berehala sartu ginen. Lokala beteta zegoen, erraz berrehun bat pertsona zeuden eserita, gizonak zein emakumeak, baita ume batzuk ere. Beno, pentsatu nuen gertakari gutxi izango zirela herrixka horretan eta zerbait denean jendeak aprobetxatu egingo duela. Dena den, zuriak kontatzeko esku bateko hatzen erdia sobera zegoen.

Hitzaldia abiatu zen. Dozena erdi bat hizlari alkoholaren ondorio kaltegarriak azaltzen. Nahiko astuna iruditu zitzaidan, baina bertan zeuden entzuleek uneoro portaera estoikoa mantendu zuten. Momentu batzuetan atentzioa pizten zuten hizlariek. Hala, batek galdetu zuen zenbat pertsonak edan zuten hitzaldira joan aurretik eta bertaratutako erdiek-edo eskua altxatu zuten. Orduan, nire laguna azalpen batzuk ematen hasi zen. Inguru horretan haur asko abstinentzia-sindromearekin jaiotzen ziren. Gainera, sindromearekin jaiotako pertsonei, garapen arazoak izateaz gain, fisikoki nabaritu egiten zaie: begi txikiak eta luzeak, burua txikia, goiko ezpaina laua eta estua, eta abar. Orduan hasi nintzen arreta jartzen inguruan zeuden pertsonetan, eta konturatu nintzen askok eta askok horrelako aurpegiak zituztela. Inguru horretan alkohola ez zen txantxetako kontua.

Zentzurik gabeko lana, bizi baldintza kaskarrak eta beste hainbat azalpen topa zitezkeen egoera hori azaltzeko. Hizlari batek salatu zuen hitz politek eta hezkuntza kanpaina horiek ez zutela ezertarako balio, landa eremutan gertatzen ziren harremanak ez baziren aldatzen. Bere ustez, alkoholismoaren muina zera zen, soldaten ordainketa diruz egin beharrean ardoz egiten zutela ingurune horietan. Ardogileek kalitate baxuko ardoarekin ordaintzen zuten langileen lana. Azken horiek mendi arteko herrixka batean ez zuten beste ezer hoberik egiteko ardo hori edan baino. Pentsa dezakegu alkoholizatutako langileak ez direla beharrean oso finak izango, baina bai merkeak.

Eta, horrela, hitzaldiaren amaierara iritsi ginen. Orduan eskualdeko gobernu ordezkariak hartu zuen hitza, eta aipatu zuen hitzaldian parte hartu zutenen artean janari pakete bana banatuko zutela. Berehala antolatu zituzten ilarak fardel horiek jasotzeko. Horra hor hitzaldiak izan zuen arrakastaren gakoa. Handik atera, iluntasunari begirada bota eta buelta kotxean. Galdetu nuen ea oraindik posible zuten ardogileek soldata ardotan ordaintzea. Esan zidaten orain legez mugatuta zegoela jenerotan ordaindu zezaketena, baina, oker ez banago, artean %20 ardoarekin ordaintzen zutela. Horixe da Madibaren lurretan gutxiengo batek eraiki zuen esplotazio sistema basatia.

Bilatu