Gurutz Garmendia Osinalde
Auzolan ekimena

Mairuak nagusi Auñamendietan

Jakineko gauza da, euskaldunak nolabait esateko harriak baino zaharragoak garela. Kantauriko kostaldean eta Auñamendietako bi isurietan kokatzen dira historiaurreko leize eta kobazulorik zaharrenak. Eta antzinako euskal gune honetan kokatzen dira Lascaux, Ekain, Altamira edo Atapuercako aspaldiko andre-gizonen bizitokiak. Aurreneko europarren bizitoki nagusia izan omen zen antzinako Baskonia, eta bertan garatu ondorioz, aurreneko europarren kultura, hizkuntza, sinesmen eta bizimoduak

Geurean datza Europako kultura aborigenaren jatorri eta sorgunea eta sinesgaitza badirudi ere, gaur egunera arte mantendu ditugu geurean, kobazuloetako arbasoen biziera eta jokamoldeen hondarrak. Hor daukagu gure altxorrik preziatuena, euskara alegia, bizirik oraindik ere eta bizitzeko gogoarekin gainera. Baina ez da hori bakarrik, hortxe dauzkagu baita ere dantza, ipuin, bertso, kondaira, auzolan edo batzarrak. Denak ere porrusalda baino euskaldunagoak eta guztiak ere arbasoen berri ematen digutenak. Sasoi batean eta gaur egun ere, bizimodua ulertu eta talde edo leinuan gizarteratzen laguntzen duten baliabideak.

Eta zorionez mantendu dira bai sasoiko euskaldun haien hondarrak. Baina ez da ahaztu behar mendi artean sakabanatutako uhartetxoetan gorde izan direla ohitura zahar hauek eta gainera, oso juxtuko era batean. Zer gertatu zen, beraz, beste lurralde guztietan? Zergatik desagertu da jatorrizko euskal kultura guztia ia Baskonia guztian? Ba egia esan, ez dago argitasun handirik horri buruz, baina egindako azken ikerketek diote, hamargarren mendean oraindik orain ere, mairu, jentil edo paganoak zirela mendiko euskaldunak eta ez jakin gero noiz desagertu ziren. Elezaharrek diote Aralar aldean bizi izan zirela erraldoiak ziren azken mairuak eta bertako larre eta zelaietan jostatzen zirela. Baina egun batez oso arraroa zen lainoa ikusi omen zuten eta leinuko guztiak beldurrean erori. Horretarako, jakintsu eta zaharrenari deitu omen zioten eta itsua zenez, urkuluekin zabaldu omen zizkioten begi azalak. Eta hura ikustean hauxe esan omen zuen. «Galduak gaituk lagunak. Bukatu duk erraldoien aroa eta Kixmi-tximinoena iritsi. Eta horrela behintzat, Kixmi eta giristinoen aroa heldu eta jentil guztiak harri azpietan ezkutatu omen ziren.

Eta hauxe, beraz, kondairak esaten diguna. Baina zein ondorioak? Ba bat behintzat honakoxea: ez daukagula gure jatorrien berririk eta horren ezean txarto behar dugula. Nahitaezkoa zaigula gure jatorrien berri izatea, gure gaur eguna ulertu ahal izateko eta ahalegin horretan, ganorazko adarrak bideratu etorkizunerantz. Hau da, geuk erabakitzea zein izango den gure biharra. Aro berri batean sartuak garela dirudi eta txarra ez sakoneko hausnarketak egitea. Txarra ez auzo eta herri mailako batzarrak egin eta guztiok batera auzolanean jardutea. Txarra ez Euskal Herri euskalduna. Txarra ez mairu zaharrak harri azpietatik atera eta berriro ere basajaun eta basandereak bueltan etortzea. Txarra ez gure herriko biztanle eta eskualdeak burujabe izatea berriro ere. Txarra ez preso eta iheslari guztiak geurekin berriro izatea. Eta txarra ez, ezta ere herritik sortutako kantu hunkigarri honen doinua. “Agian agian, egun batez, jeikiko gira egiazko xiberutarrak. Egiazko eskualdunak, tirano harrotzen hiltzeko. Egiazko eskualdunak, tirano harrotzen hiltzeko.”

Bilatu