Itziar Aizpurua Egaña
Ezker abertzaleko militantea

Maitasunez blai, beti zuekin!

Nire uste apalean, gure eginbeharra herriaren taupadei eta beharrei erantzutea da.

Azken zazpi urteotako erabakiak, eztabaida anitzen, eta amaigabeko bileren ondoren, milaka eta milaka hitz idatzirik eta hitz-arteko bits aho bero ekarri dizkigu gizaki bakoitzaren ingurura oro har, eta askoz barrurago, berriz, urteetan militante izan zaretenongana, baita beti izango garela sentitzen dugunongana ere.

Ez dira txantxetako erabakiak izan, ezta inor epel uztekoak ere. Beraz, nire baitan lasaitasun indartsua sentitzen dudan honetan, beharturik ikusten dut neure burua zuengana agertzeko, abertzale, eta ezker abertzaleko militanteengana bereziki, hau esatera: nire begi-ninietan zaituztet, hezur eta mami, irribarrea ezpainetan, zetorrenari tinko erantzuten, erreparatu gabe norberari  etor zekizkiokeen ondorio larriak. Zuek izan zarete azken 50 urteotako herri honen taupada, sostengua eta etorkizuna. Zuek zarete ezinbestekoak, inolako zalantzarik gabe!

Betiko daude gure bihotzetan urrezko hizki larriz idatzitako izen handiak, pertsona erraldoiak beren eraginetan. Inoiz ahaztuko ez ditugunak! Ekarriko dugu eguna herriko plaza eta kaleetan egongo direnak ohorez, gure artean bizi ahal izateko. Ekarriko dugu egun hori, bai, ekarriko dugu!

Zuon guztion izenak nahi nituzke sekulako harrizko liburuaren orrialdeetan idatzirik utzi, ezker abertzaleko militante bat bera ere utzi gabe... eta, ezinezko izanik gogo hau betetzea, naizen gutxia zuekin batera partekatzera natorkizue, eta Euskal Herriaren alde garena ematera eskaintzen dizuet. Sentitzen dut gazteago ez izatea lan hobea egin ahal nezan... zuetako askok ere bai, seguruenik!

Gutxienez, lehengo lepotik dut burua, zuek ere bai, seguru! Eta, duela 40 urte egin genuen bezala, gaur ere, garbi ikusten dut konpromiso sendoa hartu beharrean garela espainiar Estatuari aurre egiteko, galbidera baikaramatza herri bezala.

Etsaia burugabe, noraezean, eta ahuldadeak jota astakeriak egiten eta jarraitzeko prest daukagu, etorkizunik ezaren seinale dena, bestalde.

Hala eta guztiz, itxaropentsu natorkizue; izan ere, 1978an bakarrik ginela aurre egin bagenion gure herria zapaltzen zuen estatuari, gaur ezingo dugu esan aurre egin ezin denik, ez baikaude bakarrik! Giza mugimenduak indar handiz sortzen ari dira, oinarrizko elementua dena herri bezala funtzionatzeko; bestalde, eragile sozial berriak ere gero eta gehiago dira, eta nazioartera begiratzen badugu, ez gaude Europan bakarrik, aliatuak ditugu eta.

Beraz, nire uste apalean, gure eginbeharra herriaren taupadei eta beharrei erantzutea da, eta bat egitea gizarte mugimenduekin bakoitzak geure arlotik. Lehentasun handiena duena, eta premiazko betebeharra gizarte osoaren aldetik, giza eskubideen urraketa betiko desagertzea da, garbi ikusten den bezala. Hor ditugu espainiar Estatuko kartzeletan eta Frantziakoetan, lagun eta kideak, euskal presoak, erbesteratu eta iheslari politikoak, etxera etortzeko irrikaz eta behar handiz. Eguneroko lana behar luke militante sentitzen garen guztiontzat hauek kaleratzea, elkarrekin herri handi eta eder hau askatzen jarraitzeko.

Norberak jarriko dio bere buruari helburua, eta horrela behar luke maite dugun askatasuna lortu ahal izateko. Aitortu behar dizuet nire helburua betikoa dela 1967. urtetik: independentzia eta sozialismoa borroka bakarraren lorpena. Izan ere, ezer ikasi badut bizitza osoan eta betirako lagun dudana gainera, borrokak egiten gaituela libre, Euskal Herri askean, gizon eta emakume askeak bizi gaitezen.

Maitasunez blai, beti zuekin!

Bilatu